Xabier Erkizia.
IRITZIA

Zarata, arte bihurtua

2017ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ezkerreko belarrian ate karrankari bat. Bi. Hirugarren egurrezko ate bat, oraingoan eskuinetik. Jarraian, ate mordoa. Etxe zaharretako sarbide edo beldurrezko zinemaren soinuzko fetitxe. Jatorria da guttienekoa. Ateak dira, ate hotsak, karrankatzen. Belarrien bidez senti daiteke haien pisua, akaso tamaina, beharbada indarra. Eta hamabost segundo baino igaro ez direnean, ate izateari uzten diote bertze zerbait bihurtzeko ahaleginean. Izan liteke tronboi nekatuaren intziria, saxofoi lokartuaren aharrausia edo arko pisutsu eta luzeen bidez kontrabaxu bati urratutako kexua. Arrazoia da guttienekoa. Elkar gainjartzen dira beraien artean eta belarrien artean. Elkar laztantzen dute.

54 urte pasatu diren arren, Pierre Henry konpositorearen Variations pour une porte et un soupir (Ate eta hasperenentzako bariazioak, 1963) entzuteak oraindik badu musikarenganako hain sentiberak diren gure belarrietako ileak pizteko gaitasuna. Eta bikain laburbiltzen du berriki hil den musika konkretuaren aitapontekoaren lanaren esentzia: Ezin da entzun gabe aditu, ezin da aditu gabe entzun. Soinuak ulertzea eta hauetan galtzea ez dira antonimoak.

The Art of Sounds film dokumentalean Eric Darmon eta Franck Malletek osatu zuten Pierre Henry (Paris, 1927 - Paris, 2017) konpositorearen erretratuak, oraindik ume baten ilusioarekin eta jakin-minarekin entzuten duen pertsona erakusten du. 80 urterekin, mikrofonoak estandarte gisara hartuta, Parisko kaleak soinu bila arakatzen, Betthovenen sinfonien berrirakurketa kritiko eta ironikoa konposatzen, soinu-makinen tripa eta kableekin eskultura collage konkretuak egiten, bere etxean hogei lagunentzako kontzertuak egiten, edo Pompidou museoaren atariko plazan techno musikarekin jolasean gozatzen duen entzule nekaezina, mugagabea, erakusten du pelikulak. Hark bezala entzuten saiatzea aski da ulertu beharrekoa ulertzeko. Umetan entzundako eta umeak bezala gogoratutako soinu unibertso koloretsu batekin margotutako barne paisaiak dira Henryren konposizio jolastiak. Ezinezko musikekin amets egiteko jaio zen lengoaia (musique concrete) bizi-filosofia bihurtuta, Peter Panen sindromea bizirik mantentzeko ahaleginean bizi-iraun zuen entzulearen autorretratuak. Horren adibide, akademiaren seriotasunarekin, rock musikaren bat-bateko etorriarekin, psikodeliaren bidaiazaletasunarekin eta akustikaren misterioekiko harridurarekin eraikitako harrabotsezko sinfonia kaleidoskopikoz osatzen da bere lan zerrenda luzea. Henryk musikaria altabozarekin ordezkatu zuen, konpositorea interprete bihurtu zuen, musika elektronikoa estudiotik askatu zuen, eta itxura batean hotza, zerebrala eta mekanikoa zirudien zarata-musika elegantziaz jantzi zuen, jazz musikarien gisara.

Zarataren gerra (ere) deitu izan zen Bigarren Mundu Gerrak begi aurrean erakutsitako izugarrikerien aurrean, belarrientzako reset modura, utopia musikal berriak proposatu nahi izan zituen belaunaldi oso bat desagertu da Pierre Henryren heriotzarekin. Musika konkretuaren oinarri teorikoa ezarri zuen Pierre Schaeffer-ek (1910-1995) irekitako bideari jarraituz, musikaren utopiak bilatzen lan egin zuten Edgar Varese (1883-1965), Iannis Xenakis (1922-2001), Luc Ferrari (1929-2005), Bernard Parmegiani (1927-2013) edo Pauline Oliveros (1932-2016) bezalako konpositoreen lehen belaunaldi iraultzaile hartako azken ordezkaria zen bera.

Musikaren kontzeptua behin betiko aldatu zuen mugimendu artistikoaren testigu eta protagonista pribilegiatu honen ateak jo du azken danbatekoa. Bere musikaren bidez irekitako ateek ordea, karrankari jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.