Kaleetako fosilak

Mendira joan beharrik gabe, hirietako eraikin eta kaleetan ere aurki daitezke fosil anitz. Horrelakoak 'Paleourbana' atari digitalean zein liburuetan bilduta daude. Jendea geologiara eta paleontologiara erakartzeko, aproposak dira kaleko fosilak bilatzeko eta ezagutzeko egiten diren bisitak.

Bilboko Arriagako Ereño gorri harrian fosil anitz daude. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iker Tubia.
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun

Milioika urte dira izaki haiek bizi izan zirela, baina oraindik bizirik da haien arrastoa, non eta hirietako kaleetan. Euskal Herriko hirietan itzulitxo bat emanda, eta begia ongi zorroztuta, berehala aurki daitezke izaki haien fosilak: eraikinen oinarrietan, portaletan, ostatuetan, zoruan... Horietako batzuk mapa batean bildu ditu Ruben Santos geologoak, eta munduko hirietako fosilen bilduma sortzen ari da paleourbana.com atarian.

Leonen sortu zen Santos (Espainia), Oviedon ikasi (Asturias) eta Gasteizen bizi da. Euskalduna da, eta kaleko fosilen zalea. Ikasle garaian piztu zitzaion jakin-mina: «Fakultatean irakasleek esaten ziguten fosilak gustuko bagenituen Oviedoko kaleetan aurkitu genitzakeela». Gero ohartu zen hiri askotan hiriko fosilen ibilbideak, liburuak, katalogoak eta abar bazirela: Sevillan, Burgosen (Espainia), Amsterdamen, New Yorken...

Kaleko fosilei buruzko liburu bat idazten hasi zen, baina ez zuen bukatu. Hala ere, hark aurkitutako fosilen bilduma geroz eta handiagoa zen, eta bere adiskideek ere bidaltzen zizkioten aurkitzen zituzten fosilen irudiak. Horrela sortu zuen Paleourbana ataria. Sare sozialen bidez, poliki-poliki hazi zen proiektua, eta 487 eraikinetako fosilak biltzen ditu dagoeneko. Horietatik 66 Euskal Herrian daude: Hegoaldeko lau hiriburuetan, Barakaldon (Bizkaia), Cordovillan, Lizarran eta Xabierren (Nafarroa). «Mugitzeko aukera dugunean Baionara eta Hendaiara [Lapurdi] joan nahiko nuke fosilak bilatzera», azaldu du geologoak.

Fosilak dituzten harri horietako asko ingurutik hartuak dira: Baztango harri gorria (Nafarroa), Ereñoko marmol gorria (Bizkaia), Debako kareharri grisa (Gipuzkoa), Markinako marmol beltza (Bizkaia)... «Eraikin zaharretako fosilak balio arkitektonikoei lotuak daude, tradizioz erabili diren harriak baitira. Ez dira soilik hemen erabiltzen, esportatu ere egiten dira». Hala, fosilak aurkitzeko leku interesgarriak dira Bilboko Arriaga antzokia eta udaletxea, baita Moyua plaza ere, eraikinetako harriak zaharrak baitira. Donostian Kursaal inguruan Debako kareharri asko dago.

Gasteizen leku anitzetan daude, baina Santosek Iradier eta San Antonio kaleen arteko eraikin bat aipatu du: «Ereñoko harri gorria erabili zuten. Oso polita da, eta fosil asko daude: errudistak dira. Dinosauroen garaian izan ziren errudistak». Nafarroan, Iruñe ondoan dagoen Morea merkataritza gunea aipatu du. Bigarren solairuan, zinema aretoaren aurrean, amoniteak daude: «Ez dira existitzen orain, dinosauroen garaikoak dira. Oskol bitxiak dira, espiral formakoak, eta gune hartako zoruan halako fosil eder eta handiak daude».

Baionan ere badaude aipatzeko moduko fosilak. Lacarre plazan, italiar estiloko eskailera bikoitz bat dago, Arudiko marmolarekin egina (Biarno, Okzitania), eta bertan arrezifeetako fosil anitz ikus daitezke: ostra oskolak, koralak, algak... Jean-Claude Rox geologoak TVPI Baionako telebistan azaldu zuenez, sakonera gutxiko itsaso baten hondoan ezarritako kareharria erabili zuten.

Euskal Herriko Unibertsitatean Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleko fosilen katalogoa egina dute. Arantza Aranburu geologo eta EHUko irakasleak lan horretan parte hartu zuen. Bilbokoa baizik ez zen argitaratu, aitzitik. Aranburuk azaldu du eraikin zaharrenen substratuaren gainean hareharria erabili ohi zela, lantzeko errazagoa zelako, besteak beste. Baina, ura eraikinean gora iragazten zen; beraz, garai batetik aurrera eraikinetan eta kaleetan substratuaren gainean kareharria erabiltzen hasi ziren, inpermeabilizazio maila handiagoa zuelako. Hor daude duela milioika urteko izakien arrastoak.

«Izakien parte hartze zuzena dago kareharri horien sorreran. Aralarren, Aizkorrin, Anboton... kare haitz horiek guziak itsaspean sortu ziren», azaldu du Aranburuk. «Gizakiak esnearekin hezurrak nola, uretatik sortzen dute haien zati gogorra moluskuek, ostrek, muskuiluek eta abarrek». Horiek pilatuz joan ziren, eta horiek karraskatuz eta janez bizi diren arrainen gorotzak ere bai. «Kate luze bat dago, ekosistema oso bat arrezifeetan bezala bizi ziren itsaso horietan, eta horiek utzitako hondakinen pilaketak gauzatu zuen kareharria sortzea».

Eraikinik zaharrenetan inguruko harriak erabili ziren, baina XIX. mendetik aurrera koloreekin jokatzen hasi ziren. «Gertuko harria erabiltzean, herriek bere izanaren kolorea dute. Adibidez, Elizondo [Nafarroa] gorria da, eta Donostiako eraikin zaharrak hori-laranjak», azaldu du Aranburuk. Denborak aurrera egin ahala, komertzioari esker, geroz eta urrutiagoko harriak erabili ziren, balio erantsia ematen ziotenak eraikuntzari. «Orain tutti-frutti bat dago hirietan».

Dibulgaziorako tresna

Kareharri hori eraikinak eta kaleak egiteko menditik hirira eramatearekin batera, harri horietan zeuden fosilak ere hirira eraman zituzten. Horregatik, fosil anitz daude kaleetan; Aranburuk dioen bezala, bilatu baino ez dago: «Agerian daude edonon, baina begiratzen jakin behar da». Beraz, mendira joan ezin denak, edo joan nahi ez duenak, aukera du hirian bertan geologiaz gozatzeko.

Hain zuzen ere, helburu horrekin argitaratu zuten Bilboko fosilen liburua: geologiaren dibulgaziorako. Izan ere, askotan ezbeharrekin eta istripuekin lotzen da zientzia hori, baina askoz ere zabalagoa da. Bisitak egin izan dituztenean, beti jende anitz erakartzen dutela azaldu du Aranburuk. Santosek ere egiten ditu gisa horretako bisitak, tarteka. Joan den astean, esaterako, Iruñean, #LabMeCrazy! izeneko zientzia film jaialdian. Bere kasuan, haurrak dituzten familiak izaten dira nagusi publikoaren artean. «Balio pedagogiko oso handia dute bisita gidatuek; paleontologian murgiltzen hasteko modu polit, bitxi eta erraza da hirian bizi den jendearentzat».

Are, Santosek uste du hiriko fosilak oso erabilgarriak direla paleontologia ikasteko, eta abantaila batzuk azpimarratu ditu: «Ez da beharrezkoa urrun joatea, gure kaleetan daudelako. Ondare geologikoa hondatu gabe fosilak partekatu eta ezagutzeko modu bat da. Batzuetan fosil zaleak aztarnategietara joaten dira, eta fosilak atera eta atera, aztarnategiak hondatzen dira».

Kalean ez ezik, barruan ere badira fosilak. Aranburuk azaldu du bisita batzuetan etxeen atarietan sartzen direla, baita ostatuetan ere: «Geroz eta gutxiago, baina taberna zaharretan gordetzen dira marmolezko mostradoreak, adibidez. Beraz, tabernaz taberna joan izan gara mostradoreetan eta komunetan dauden arrokak ikusteko. Taberna batzuek komun oso politak dituzte». Fosil anitz daude oraindik Paleourbana atariko mapan gehitzeko, baita Euskal Herrikoak ere. Webgunean bertan badago fosilak identifikatzen ikasteko gida txiki bat, eta Santosi irudiak bidali baizik ez da egin behar mapa osatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.