Albistea entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpainaren amaiera

Mamuak, mehatxuak eta galgak

Hauteskunde kanpaina amaitzeko ekitaldietan «eskuinaren mehatxuak» izan dira gai nagusi. EAEko eta Nafarroako autogobernua defendatu dute EH Bilduk, Geroa Baik eta EAJk, Espainiaren «batasuna» PPk eta NSk
<b>EAJ. </b>Bilbon (Bizkaia) egin du kanpaina amaierako ekitaldia EAJk. Aitor Esteban Bizkaiko hautagaia irudiaren erdian.
EAJ. Bilbon (Bizkaia) egin du kanpaina amaierako ekitaldia EAJk. Aitor Esteban Bizkaiko hautagaia irudiaren erdian. LUIS TEJIDO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Maider Galardi F. Agirre - Gotzon Hermosilla -

2019ko apirilak 27

Amaitu da hauteskunde kanpaina, eta bukaerako ekitaldietan ere kanpaina osoa zeharkatu duen mamua agertu da behin eta berriro: Espainia aspalditik nozitzen ari den erregresio politikoa areagotzeko arriskua, eskuineko indarrak gailenduz gero. Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeetan ohikoa izaten da Espainiako mezu, agenda eta joerak nagusitzean, eta aurtengoak ez dira salbuespen izan.

Baina Euskal Herriko paisaia politikoa oso desberdina da Espainiakoarekin alderatuta, eta hori ere nabarmendu da kanpaina amaierako ekitaldietan. Mehatxuari galga jartzeaz gain, bestelako proposamenak ere entzun dira ekitaldi horietan. Eta galga jartzeko moduez ere ez dira denak bat etorri.

EAJ
Euskal «itogina»

Betiko ohiturari eutsi dio EAJk, eta Bilboko Areatzan jarri dio amaiera hauteskunde kanpainari, jendaurreko ekitaldi batean. Jeltzale asko bildu dituzte ekitaldian, eta hautagai eta burukide ugari ere: Almudena Otaola eta Maribel Bakero senatarigaiez gain, Aitor Esteban diputatugaia, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria han izan dira.

Estebanek botoa eskatu du Madrilen «euskal ikuspegia» egon dadin, C's-eko Albert Riveraren «harrokeriari» aurre egiteko, eta PSOEren eta C's-en arteko hitzarmen bat saihesteko. «EAJ izango da Madrilgo harri gogorra zulatuko duen itogina», esan du.

Urkulluk, berriz, esan du Espainiako alderdien proposamenak «urrun» daudela euskal errealitatetik: «Ez dute ezagutzen, eta ez dute ezagutu nahi». Autogobernua «mehatxatuta» dagoela azaldu du, eta horren aurrean «sendotasuna» behar dela.

Ortuzarrek jarri dio bukaera ekitaldiari. Urkulluren hitzak bere eginez, berretsi du «autogobernua arriskuan» dagoela: «Ezin gara alderdi espainiarrez fio, opariekin etorri arren», esan du: «Azken urteotako historiak hori erakusten digu argi eta garbi».

EH BILDU
Euskal Errepublika jomuga

EH Bilduk Errenteria (Gipuzkoa) hautatu du hauteskunde kanpainari itxiera emateko. Oroitarazi dute Errenteriara «probokatzera» joan zela Ciudadanos, eta EH Bilduk «eredutzat» duela herria.

Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiaz gain, bertan izan dira Hego Euskal Herriko zerrendaburuak —Mertxe Mujika, Iñaki Ruiz de Pinedo, Oskar Matute eta Bel Pozueta— eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea. «Inboluzio demokratikoaren aurrean, Euskal Errepublika» aldarrikatu du Otegik: «Euskal Errepublika eraiki ezean, ezinezkoa izango da euskal herritarrei ziurtasuna ematea», nabarmendu du.

Hauteskundeotako ERCrekin egindako akordioa ere goraipatu du EH Bilduren koordinatzaile nagusiak: «Norabide horretan kokatu behar da Espainiako estatuko ezker subiranistarekin egindako akordioa». Gutxieneko programa bat adostu dutela eta milioi bat boto espero dituztela ere azpimarratu du Otegik: «15-20 aulki lortuko ditugu Kongresuan eta erabakigarriak izango gara».

ELKARREKIN PODEMOS
«Gobernuan egoteko»

Ezkerrarentzat esangura berezia duen lekua hautatu du Elkarrekin Podemosek kanpaina ixteko: Gallarta auzoa, Abanton (Bizkaia), euskal langile mugimenduaren sorlekuetako bat. Kongresu eta Senaturako zerrendaburuek ez ezik, koalizioaren legebiltzarkide Lander Martinezek ere parte hartu du ekitaldian, eta Elkarrekin Podemosentzako botoa eskatu du Espainiako gobernuan egon ahal izateko: «Erakutsi nahi dugu gobernuan egonda gauzak beste modu batez eta hobeto egin daitezkeela».

Martinezek esandakoaren arabera, Elkarrekin Podemosek badu gobernuan egoteko aukera, «eta gobernu hori aurrerakoia izango da guri esker». Haren hitzetan, jokoan dago eredu sozial eta ekonomikoa «progresista eta nazioaniztuna» izatea, edo «atzerakoia eta zentralizatzailea».

Roberto Uriarte Bizkaiko zerrendaburuak, berriz, gazteei bidali die mezua: «Ez dadila gerta Andaluzian bezala; astelehenean, ez dezagula negarrik egin beharrik izan».

PSE -PSN
«Demokrazia» arriskuan

PSEk Gasteizen amaitu du kanpaina, hasi zuen moduan amaitu ere: eskuinek bat egitearen arriskuaz ohartaraziz. «Demokrazian, hauteskundeak gal daitezke; baina hauteskundeetan ezin da demokrazia galdu», esan du PSE-EEko Bizkaiko zerrendaburu Patxi Lopezek. Batez ere, PPren Arabako hautagai Javier Maroto kritikatu du, eta «beldur» dela aurpegiratu dio.

PSNk, berriz, Iruñean egin du hauteskundeetako azken ekitaldia.

NAVARRA SUMA ETA PP
«Nazionalistak gelditzeko»

Javier Esparza UPNko kideak ohartarazi du «nazionalistak gelditzeko», Navarra Suma dela aukera «onena Nafarroan eta Espainiako Gobernuan nazionalistak nahi ez dituztenentzat». Iruñean egin dute kanpaina itxierako ekitaldia, Ciudadanos, UPN eta PPko kidek.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPk, berriz, Bilbon egin du azken ekitaldia. Javier Maroto Arabako zerrendaburua eta Alfonso Alonso PPko burua aritu dira hizlari. Marotoren arabera, «PP bozkatzea da Pedro Sanchez kentzeko aukera bakarra», eta Alfonso Alonsok, berriz, eskatu die herritarrei Espainiako Konstituzioaren alde egiteko: «Gure konstituzioaren alde».

GEROA BAI
«Nafarroaren defentsan»

Iruñean egin du Geroa Baik hauteskunde kanpainako azken ekitaldia. «Nafarroatik eta nafarrentzat» lan egitea aldarrikatu du Uxue Barkos lehendakariak, eta «Nafarroaren autogobernua» defendatzeko deia egin du. Koldo Martinez hautagaiak, berriz, UPNri egotzi dio Nafarroaren eskubideen aurka egitea, eta lurraldeari dagozkion eskumenak aldarrikatu ditu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Geroa Baiko Uxue Barkos, PSNko lehendakarigaia, Maria Txibite, entzuten. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Parlamentuko lehendakaria Geroa Baikoa izango da

Joxerra Senar

Barkosen arabera, sozialistek ontzat jo dute mahaiko kide bat EH Bildukoa izatea. Txibitek goraipatu du PSNk «eskuzabal» jokatu duela
Juan Karlos Izagirre eta Maddalen Iriarte, EH Bilduko Donostiako alkategaia eta Gipuzkoako ahaldungai nagusia, Arnaldo Otegirekin, hauteskundeen emaitzak ezagutu berritan. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Hegemonia aztertzen

Xabier Martin

Maiatzaren 28ko bozek areagotu egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan handitzen ari den alderdi abertzaleen nagusitasuna. Gizartea aldatzen ari da, edo alderdiak, edo biak. Bozen emaitzek badute lotura aldaketa soziologikoekin, baina haiek ez dute dena azaltzen.

Lau urtez gobernatu du EAJk Guardian. ©Juanan Ruiz / Foku

Atzera ere EAJk gobernatuko du Guardian

Jon O. Urain

Raul Garcia alkategai jeltzaleak ziurtatu du hautagaitza aurkeztuko duela, eta EH Bilduk babestu egingo du. PPk irabazi zuen herri horretan.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, gaur, Busturian egindako prentsaurrekoan. ©IREKIA

Erkorekak gaitzetsi egin ditu Ertzainak Borrokan-en «jarrera anker eta desegokiak»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak plataforma «asindikalari» leporatu dio Ertzaintzako sindikatuak negoziazio mahaitik altxatzera «behartu»« izana. Plataformak negoziazioetan parte hartu nahi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.