Koronabirusa

Motorra abian, lehen martxan

Gasteizko Mercedesen eta Iruñeko Volkswagenen txanda batek soilik egingo du lan bizpahiru astez. Maskarak eta eskularruak erabili dituzte langileek, eta bi fabriken sarreretan tenperatura hartu diete

Iruñeko Landabengo industrialdean, Volkswagenen fabrikaren sarreratik goizeko txandako langileak irteten. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Txanda bat, egunero. Hilabete bat eta hamar egunen ondoren, Gasteizko Mercedes-Benz eta Iruñeko Volkswagen (VW) lantegietako muntaketa kateak abian dira berriro. Euskal Herriko bi fabrika handienen motorrak pixkanaka piztu ziren atzo goizean, eta lehen martxan jarraituko dute datozen bizpahiru asteetan. Langileentzako segurtasun neurri bereziak hartzeaz gain, lanaldia berrantolatu egin dute, eta hala Volkswagenen nola Mercedesen soilik txanda batek lan egingo du. Gasteizko lantokiaren asmoa da maiatzaren 11n arratsaldeko txanda lanean hastea, goizekoarekin batera; Iruñean, berriz, astebete geroago hasiko dira arratsaldean ekoizten. Aurrera begira, zalantzaz beteriko egoera dute bi fabrikek.

Gauean prestaketa lanak egin eta guztia atondu ostean, 06:00etan sartu zen goizeko txanda Volkswagenen. Osasun krisia hasi aurretik, mila langile inguruk egiten zuten lan txanda bakoitzean, baina atzokoan 1.250 langile sartu ziren. Lan egin beharreko zortzi ordu horietan, sakabanatu egin dituzte normalean izan ohi dituzten hiru atsedenaldiak —40 minutukoak, guztira—, langile batzuk besteekin ez biltzeko eta kutsatzeko arriskua leuntzeko. Ohi baino langile gehiagorekin, paradoxikoki, VWek nahi izan du zortzi ordu horietan produkzioa ez gelditzea, atseden hartzean langile bakoitzak erreleboa ziurtatua izan dezan.

Ostiralean langileetako bakoitzari bost eskularru pare eta bost maskara banatu zitzaien, etxetik haiek jantzita joan zitezen. Autobusetan, soilik langileen herenak joan zitezkeen, eta, fabrikaren sarreran, langile bakoitzari tenperatura hartu zion enpresak, sintomak izan ditzaketen langileak aurrez antzemateko. Neurri horrek eta berritasunak berak ilara handiak sortu zituen lehen orduan, eta errepidean, Zizur arteko lauzpabost kilometroko tartean, autoak pilatu ziren, horietako asko langileenak.

Lehen orduan, beharginek segurtasun neurrien eta irizpideen inguruko 40 minutuko solasaldi bat entzun zuten, eta, ondoren, pixkanaka ekin zioten lanari. 07:30erako %100eko martxan ari ziren lanean. Eguna hasi aurretik, VWeko zuzendaritza eta langileen batzordeak kezkati zeuden, langileek nola erantzungo; baina lehen orduetan gauzak ondo joan ziren, uste baino hobeto. «Ordu asko eman ditugu itzulera prestatzen, segurua izan zedin, eta jendea ez zedin urduriegi sentitu. Bagenekin ondo atera zitekeela, baina, azkenean, espero baino hobeto joan da», adierazi zuen eguerdian, pozik, Eugenio Duque Volkswageneko CCOOko ordezkariak. Iritzi berekoa zen LABeko Fernando Eraso: «Denok aitortu dugu dena oso ondo hasi dela, ez dela arazo handirik egon».

Azkenean, ELAko Igor Peñalverren hitzetan, langile guztiek «etsian eraman dute» maskarekin eta eskularruekin lan egitea, segurtasuna ziurtatu arren, deserosoa delako zortzi orduz haiekin lan egitea. «Jendeak badaki etorri behar duela, eta epe luze batez lan egin beharko dugula segurtasun neurriekin, eta ohitu beharko dugula maskarekin lan egitera».

Peñalverren hitzetan, lehen egunean «arazotxoak» izan ziren, baina ongi joan zen dena. Adibidez, osasun krisi honetan, VWeko langile guztiak behartuta daude maskarekin eta eskularruekin lan egitera, eta zenbaiti min egiten dio ordu luzez maskarak. Beste arazoetako bat betaurrekoak dira. Hala nahi dutenen artean betaurrekoak banatuko dira, baina atzeman den arazoetako bat da lausotu egiten direla. «Kentzen badituzu, ez duzu ikusten, eta, bestela ere, ezin ikusi», azaldu zuen Dueñasek. Haren hitzetan, lausotzearen aurkako likidoa bereganatu nahian dabil enpresa, baina optika etxeek bereganatu dute produktua egunotan: «Saltzen dute nahi duten moduan», kexatu zen.

Gainera, fabrikan zehar hidrogel ugari jarri dituzte eskuak garbitzeko, eta desinfektatzaileak jarri dira tresneria garbitzeko. Komunak eta eremu komunak aldiro garbituko dira. LABeko Fernando Erasoren arabera, lehen egunean, desinfektatzeko orduekin deskoordinazio apur bat egon zen. Atsedenaldietan, berriz, langileak eseri ohi diren jarlekuetan pantailak jarri dituzte. Neurriokin, elkar kutsatzeko arriskua saihestu nahi dute, baina produkzio katean distantziak mantentzea ezinezkoa da:«Bi metroko distantzia mantentzea derrigorrezkoa balitz, hobe genuke ixtea», esan zuen irmo Eugenio Duquek. «Langileek adorez hartu dute egoera. Azkenean, edo COVID-19ak jaten gaitu edo ekonomiak. Edo ekiten diogu lanari edo zutik hilko gara», gaineratu zuen.

Atzo, lanean hasi ziren 1.250 langileekin batera, azpikontratetako eta enpresa hornitzaileetako 350 langile sartu ziren Landabanen. LABek eskatu zion Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari langile horien segurtasuna berma dezala, «ahaztu egin direlako».

Gasteizen ere, langileek norbera babesteko ekipamendua izango dute. Langile batzordeak salatu du horrek «estresa eta nekea» eragingo dizkiela langileei, eta zuzendaritzak ez duela hori kontuan izan. Azaldu dute ez dutela «inolako hitzarmenik» sinatu «jarduerari berriro ekiteari buruz», eta langileek «aho batez» baztertu dutela erabaki hori.

Lanaldia berrantolatu dute

Motorra abiarazteko, segurtasun neurriez gain, lanaldiak berrantolatu dituzte Gasteizen eta Iruñean. Mercedes Benzen, datozen bi asteetan, txanda batek egingo du lan egunero, eta maiatzaren 11tik aurrera arratsaldeko txandakoak gehitu zaizkie goizekoei. Normalean 700 ibilgailu ekoitzi ohi dituzte, eta atzo, ehun egin zituzten.

Iruñean, Mercedesen bidetik jo dute, baina beste erritmo batean. Bihar eta etzi, ez da lanik egingo. Atzoko akatsak atzeman eta zuzendu ostean, ostegunean beste txanda batek ekingo dio lanari. VWek langileria bi txandatan banatu du: datorren astean, lehen txandakoek astelehen, asteazken eta ostiralean egingo dute lan, eta bigarren txandakoek, astearte eta ostegunean; maiatzaren 11ko astean, berriz, bigarren txandak hiru egunez egingo du lan, eta lehenak, bi egunez.

Bartzelonan, VW taldeko Seaten, beste bide bat hartu dute: hiru txanda egongo dira baina bakoitzean heren batek egingo du lan. Iruñean nahiago izan dute hiru astez txanda bakarrarekin lan egin, baina %100ean. Lanik egingo ez dutenen multzoan sartu dituzte COVID-19aren aurrean arrisku handiagoa izan dezaketen 150 langile, osasun arazoak izan ditzaketenak eta enpresak hala erabakitakoak. Horiei eta, lanik ez duten egunetan, txanda ofizialetako langileei aldi baterako espedientea aplikatuko zaie. Alarma egoera amaitzen denean, langileen batzordeak espero du normaltasunera itzultzea; baina badaezpada ere, hala ez balitz, beste espediente bat abenduaren 31ra arte luzatzea hitzartu zuten zuzendaritzarekin UGTk, CCOOk, ELAk eta CCPk, iragan astean —LABek eta CGTk ez zuten sinatu—. «Ea zortea dugun eta ez dugun espediente hori behar», aipatu zuen Peñalverrek.

Testuingurua irekia da, zalantzaz betea. VWek hasiera batean espero zuen goizeko eta arratsaldeko txandak datorren astean hastea, baina maiatzaren 18an hasteko asmoa du orain. Noiz arte iraungo dute bi txandekin lanean? Inork ez daki. Urteko produkzioa murriztu egin du, adibidez: hasieran, helburua zen aurten 306.645 auto ekoiztea, eta, orain, 253.714 egiteko asmoa du.«Bi txandekin lan egiteko neurriak ez du epemugarik», azaldu zuen Erasok.

Oraintxe bertan, 50.000 auto ekoizteko lana dute, baina ezin da aurreratu merkatuak nola erantzungo duen. «Zer gertatuko den esperoan gaude. Adibidez, ikusteko dago herrialdeek noiz irekiko dituzten mugak ekoitzitako autoak esportatu ahal izateko; bestela, hemen metatu beharko ditugu, eta halakorik ez du nahi VWek», esan zuen Erasok. Beste arriskuetako bat da piezak jasotzeko arazoak izan ditzaketela, martxoan Italiako piezekin gertatu bezala. «Alemanian kontzesionarioak ireki dituzte, eta espero dugu hortik tira egitea, eta ea egiten dugun han eskatzen dutena», esan zuen Peñalverrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.