Nafarroako inbestidura saioa. Taldeen hitzartzeak

Ezkerra. «Jarraipena emango diogu 2015ean hasitako aldaketari»

IÑIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
«Jakina, hau ez da gure programa. Baina akordioetara heltzeko gaitasunak ekarri du, eta konpromiso politiko garrantzitsuak ditu». Ezkerrako ordezkari Marisa De Simonek gobernua osatzeko ituna goraipatu du. Hala ere, horrekin bat egin arren, gogoratu du gobernuan ez direla sartuko, eta horrek modua emango diela Nafarroako Parlamentuan «aske» jarduteko. Maria Txibite presidentegaiari esan diote adi-adi egongo direla legealdian. «Leialak eta zorrotzak izango gara: akordioa betetzea bilatuko dugu». Gogorarazi du ituna lortu ezean eskuinaren politika atzerakoiak berriz gailenduko zirela, eta haiei atea ixteko ahalegina ezinbestekoa zela. «Era horretan, jarraipena emango diogu 2015ean hasitako aldaketari». Eta, alde horretatik, uste du badela mamia hitzartu duten testuan. «Pertsonen bizi baldintzak hobetzen segituko duten politikak dira, politika zehatzak, oso argiak». Eta Nafarroa ireki baten isla. Eskuinak ezarritako politika «sektarioak» eta «diru xahutzaileak» albora uzten jarraitzeko era izango dutela pentsatzen du.

Txibiteri kritika egin dio, hala ere, EH Bilduri elkarrizketetan ezarritako «betoaren» harira. Ez zaio onargarria iruditzen erabaki hori: «Gu ez gara subiranistak, baina 50.000 boto dira, zazpi eserleku». Kritikatu ditu, halaber, Espainiako hainbat talde politiko akordioren harira zabaltzen ari diren «gezur zabarrak», eta horietan oinarrituta Txibitek jaso dituen mezu asko. «Zure ondoan egongo gara. Gezurrak besterik ez dira, irainak. Gezur horiexek orain dela lau urte guretzat ziren. Baina Barkosen gobernua ez zen nazionalista eta ETAren laguna; zurea ere ez da izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.