Koronabirusa. Andre Grimaldi. Mediku emeritua

«Ospitale publikoa egonaldiak saltzen dituen enpresa bilakatu da»

Figura mediatikoa da Grimaldi. Urteetan, barnetik bizi izan du ospitale publikoaren egoera, eta argi du okerrera egin duela. Jomugan ezarri du Frantziako Gobernuaren murrizketa politika, pandemiak azaleratu dituen egiturazko arazoak salatuz.

BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Parisko Pitie-Salpetriere ospitaleko mediku emeritua da Andre Grimaldi, diabetologian aditua. Azken hamarkadetan, ospitale publikoaren eta osasun sistema publikoaren desegitea salatu dituargitaratutako zenbait lanetan. Uste du pandemiak «lupa» bat bezala funtzionatu duela, sistemaren ahuleziak agerian ezarriz.

Azken asteetan, polemika sortu du argitaratu duen iritzi zutabe batek: «Txertatu gabeek ez ote lukete beren gain hartu behar suspertuak ez izateko erabakia?», galdetu du bertan. Eztabaida horren atzean dagoen gogoeta azaldu nahi izan du; horretarako, pandemiaren kudeaketaz eta, oro har, ospitalearen funtzionamenduaz aritu da.

Nola daude ospitaleak gaur egun?

Gaizki: ohe asko hetsirik dira, 25.000 erizain postu ez dira hornituak, eta toki batzuetan larrialdi zerbitzuak erabat edo partez hesten ari dira. Nekea orokorra da, eta dezepzioa handia Segur erreformaren ondotik. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, Frantziako batez besteko soldatarekin alderatuta, erizainen soldata 28. leku ahalkegarritik 16. leku erdipurdikora pasatu da.

COVID-19ak eragindako pandemiak zer utzi du agerian osasun sistema publikoan?

Pandemiak lupa bat bezala jokatu du, gure indarguneak eta ahuleziak aitzinera emanez. Gure indarrak Gizarte Segurantza, eta osasun langileen arduratasuna eta gaitasun handia izan dira. Gure ahuleziak, berriz, osasun profesionalek taldean lan egiteko lehen arreta publikorik ez izatea, eta hiri medikuen eta ospitaleen arteko kolaboraziorik eza. Gainera, krisiak larriagotu ditu osasun eta gizarte desberdintasunak. Agerian utzi du hostopil burokratikoaren heina eta osasun demokrazia eskasa ere. Eskas horrek herritarrak inplikatzeko aukera deuseztatu du, probak egin, arakatu, bakartu estrategiarako beharrezkoa izanik ere. Bertikalismo osoz hartu ditu erabakiak Frantziako lehendakari guztiahaldunak, sekretupeko Defentsa Kontseilu baten bidez. Zer ezkutatu nahi zuen? Nori?

Kutsatze kopurua oso handia da. Ospitaleetako egoeran nola eragiten ari da?

Txertoari esker, suspertze beharretan diren forma larriak askoz emekiago hazten dira kasu berriak baino. Baina, hala ere, suspertze oheen okupazioa gero eta handiagoa da. Iragan astean, suspertze oheen %77 okupatuak ziren; premiazkoak ez diren ebakuntzak atzeratu behar ditugu, COVID-19aren forma larriak dituzten pazienteak artatzeko beharrezkoak diren oheak, anestesistak eta erreanimatzaileak libratzeko.

Gobernuek ezberdin kudeatu dute pandemia olatuz olatu. Txertoak ekuazioa aldatu du, baina batzuek diote, dena den, «ekonomiak irabazi» duela. Zer diozu zuk?

Birusaren zirkulazioa oztopatzeko, ez dira gai izan probak egin, arakatu, bakartu estrategia eraginkorra martxan jartzeko; beraz, konfinatu behar izan gaituzte. Gainezka zeuden ospitaleetako langileen presioaren ondorioz ezarri zuten konfinamendua lehenengo olatuan. Bigarren konfinamenduan, berriz, gobernuak lehentasuna eman zion ekonomiari, kulturaren kaltetan. Parisko denda handiak zabalik utzi zituzten, eta museoak itxi zituzten. Geroztik, Macron amildegiaren ertzean ibili da, nazkatuta dauden eta boteredunetan konfiantza izpirik ez duten herritarrak onartzeko prest diren neurri murriztaileen arabera jokatuz.

Txertaketa kanpaina etorri zen gero.

Hasieran, batzuek lehendakaria zoriontzen zuten «arriskatzeagatik», «osasun diktadura» saihetsi izanagatik. Baina, bai, egoera okertu egin zen txertoa iritsi zenean: txertaketa kanpainaren hasiera korapilatsua izan da, prestakuntzarik ez duelako izan, eta txertoaren beldur zelako herritarren parte handi bat. Gero, pixkanaka, bizkortu zen osasun ziurtagiria martxan jarri zutenean. Orduan, lehendakariari «osasun diktadura» ezartzea leporatu zioten...

Omikron aldaerarekin ere aldatu da kudeaketa...

Omikron aldaera oso kutsakorra da. Ameskeria da zirkulazioa gelditu nahi izatea. Zorionez, txertaketa pauta osoa dugu —hiru dosi, eta agian lau—; forma larrien arriskua asko murrizten du. Anartean, birusaren zirkulazioa oztopatzen saiatzen ari gara, olatua denboran ahalik eta gehien hedatzeko eta leuntzeko. Transmisioa murrizten duen txertoan jartzen dugu esperantza.

Probekin nola jokatu behar da?

Asintomatikoak diren herritarrei proba antigenikoak edo PCR probak egitea ez da hain beharrezkoa; pertsona zaurgarrientzat izan ezik, eta egoera berezietarako, hala nola atzerrira bidaiatzeko edo ospitaleratze programatu baterako ordua izanez gero. Autoprobak nahikoa dira sintomarik ez duten hurbileko kontaktuentzat. Aldiz, segurtasun eta higiene neurriak are ezinbestekoagoak dira: aireztapena, airearen garbiketa, maskara erabiltzea —FFP2 motakoa leku itxietan: garraioetan, denda handietan, antzokietan, zinemetan...—, distantzia atxikitzea. Oro har, osasun ziurtagiriak eta txertaketa ziurtagiriak txertatuta ez daudenak txertatzera bultzatzea dute helburu, txertoa gure defentsako armarik onena baita.

Zer kudeatu beharko zen desberdinki zure ustez?

Osasun krisi baten kudeatzeko, beharrezkoak dira herritarren konfiantza, gardentasuna eta batasun nazionala bilatzea herritarren inplikazioa lortzeko. Baina hasieratik konfiantza galdu dute herritarrek, maskarei buruzko eta suspertze oheen kopuruari buruzko gezurrengatik [Pandemia hasi zenean, Frantziako orduko Osasun ministroak maskara «debaldekoa» zela esan zuen]. Frantziako Gobernuak sekretupean egiten duen Defentsa Kontseiluak ere susmoa sortzen du. Eta lehendakariak sekulako hutsa egin du osasun publikoaren ikuspegitik txertaketaren gaia politizaturik. 2021eko uztailean egindako hitzaldian, bi erabaki gogor iragarri zituen. Batetik, osasun langileentzat txertaketa derrigortu zuen, baina, nazioa biltzen saiatu beharrean, langabezia erreforma eta erretreten erreforma ere aipatu zituen. Ondorioz, txertaketa onartu edo ukatzea haren politikaren edo pertsonaren «alde edo kontra» izatea bilakatu da. Deitoragarria da oposizio politiko eta sindikalaren zati handi bat tranpa politiko horretan erori izana, «oposizioak oposizioa egiten du» aitzakiarekin.

Hautsak harrotu dituen iritzi artikulu batean, hauxe diozu: «Txertatu gabeek ez ote lukete beren gain hartu behar suspertuak ez izateko erabakia?». Zer gogoeta dago horren atzean?

Gaur egun, ZIUak COVID gaixoekin betetzen dira: txertorik gabe daude %75 baino gehiago. Denbora berean, minbizia artatzeko, bihotzeko zain loturak egiteko edo protesiak ezartzeko ebakuntzak bertan behera utzi behar ditugu.ZIUak gainezka direnean, eta larrialdi bat gertatzen denean —aneurisma apurtze bat, istripu zerebrobaskular bat...—, batzuetan 100 edo 200 kilometrora dagoen leku libre bat bilatu behar dugu. Horrek erran nahi du COVID-19a ez duten paziente horien zortea txikitzen dela; argi hitz egiteko, konplikazioak eta hilkortasuna areagotzeko arriskua badute. Erranaldi horren bidez, beraz, saiatu naiz txertorik jarri nahi ez duten pertsona heldu informatuak beren kontraerranen aitzinean jartzen: ez dute txertoa onartzen beren askatasunaren izenean. Onartzen ote dute forma larri bat garatuko balute haizeztatuak eta intubatuak izatea? Beren erantzukizunaren aitzinean ezartzea zen helburua, batzuen askatasuna besteena hasten den lekuan gelditzen baita.

Gobernuaren estrategia ere gaitzesten duzu...

Gobernuak ere badu bere erantzukizuna, noski: osasun langileak zaintzeko eta suspertze oheen kopurua handitzeko behar beste neurri hartu ez izanarena. Eta badu beste betebehar bat ere: denen segurtasuna bermatzea, COVID-19a ez duten eta artak behar dituzten pazienteena batik bat. Biztanleria guztia txertatuko balitz, ospitaleak ez lirateke gainezka egongo. Dena den, horrek guztiak ez du zerikusirik eztabaida konfrontazio bilakatzen duten Macronen irainekin: «Txertatu gabeak nardatu nahi» dituela Macronek? Ez da sutan oliorik ezarri behar, hark nahita egin zuen bezala.

Krisiaren ondotik, nola izanen da ospitale publikoa?

Gai horiei buruzko liburu bat idatzi dut, proposamen ezberdinekin: 2022ko Osasunaren Manifestua, Odile Jacob argitaletxean. Badira 20 urte ospitale publikoa egonaldiak saltzen dituen enpresa komertziala dela, klinika pribatuekin lehian. Arta guztientzat aplikatzen da jardueraren tarifikazioa:gaixotasun kronikoentzat, larrialdientzat, erreanimazioarentzat, kirurgia anbulatorioarentzat... Eta ez da egokia. 2008. eta 2010. urteen arteko krisi ekonomikoaren ondotik, aurrekontua gogorki estutu ziguten. Kasurako, beharrak urtean %4-5 igotzen ziren, eta ospitaleko aurrekontua, aldiz, %2 igo da urtero.

Murrizketak izan direla, alegia.

Bai. Hainbat erreformaren ondotik, defizitik ez izateko, zuzendariek alferrikako gastuak kendu zituzten hasieran, eta, gero, inbertsioa murriztu zuten —10 urtean %40—, jarduera errentagarriak areagotuz —ez derrigorrez medikuntza aldetik baliagarriak direnak —. Aldi berean, ospitaleetako langileen kopurua handitzea saihestu zuten. Gertatu beharrekoa gertatu zen: jarduera apaldu baitzen 2017an. Baina Gobernuen politika ez da ezertan aldatu.

Paradoxikoki, lehen olatuan, denetarik falta zenean, osasun zerbitzu publiko bat martxan jarri zen, nahi genuen bezalakoa. Gizarte Segurantzak osoki funtzionatu du; pazienteen zerbitzuan zeuden osasun langileak, eta kudeatzaileak, berriz, osasun langileen zerbitzuan. Baina, gero, dena lehenera itzuli zen. Edouard Philippek Segur erreforma plantan ezarri zuen: soldata igoera nabarmena —baina eskasa— ekarri du, baina oro har ez da ezer aldatu ospitaleen finantzaketa eta kudeaketa moduan. 2019an 3.000 ohe itxi ondoren, 2020an 5.000 baino gehiago itxi zituzten. Einsteinek zioen bezala, «ez da arazorik konpontzen arazo hura sortu zuten pentsamoldeen bidez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.