Koronabirusa. Gorka Maiz. Osatzen-eko presidentea

«Utzitako lanei heldu beharko zaie; ez du izan behar lehengora itzulita»

Familia eta komunitate medikuen Osatzen elkartean argi dute lehen lerroan jarraitu beharko dutela izurriari hesia jartzeko ahaleginetan; Maiz presidenteak adierazi du horretarako baliabideak behar dituztela.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko maiatzak 23

«Normaltasuna zen arazoa». Familia eta komunitate medikuen Osatzen elkarteak ohar baten bidez adierazi du ezinbestekoa dela, COVID-19ak ekarri duen osasun krisiari erantzute aldera, lan egiteko asteotan jorratu dituzten eredu berrietan sakonduz joatea, eta baliabideak bideratzea horretara. Gorka Maiz elkarteko presidenteak aldarri horren gaineko zehaztapenak egin ditu.

Izurriaren gorena atzean geratu da oraingoz, eta aro berri batean daude osasun sistemak. Zuei, lehen mailako artan, zer kezka gailendu zaizkizue, bereziki?

Bidean ezer ez ikasi izanak kezkatzen gaitu. Normaltasun berriaz erruz hitz egiten da, baina guri lehen genuen normaltasuna ez zaigu ona iruditzen: beti ezin da egon kolapsoaren atarian. Oraingo egoerak zenbait inertzia gainditzen lagun dezake. Jendea artatzen jardun dugu hilabeteotan, baina COVID-19ak ardaztu du lanaren zati handi bat; orain, utzitako lanei heldu beharko zaie, baina ez du zertan izan behar lehengora itzulita. Lan egiteko era berriak aztertu ditugu.

Lehengo lanak eta izurriak ekarri dituenak batera elkartuko zaizkizue. Badituzue baliabideak denari taxuz aurre egiteko?

Erietxeetako ohe kopurua-eta mugatuak dira; bada, lehen mailako artak ere bere mugak ditu: gure eskuak ez dira denera heltzen. Behin muga gaindituta ere lanak eransten jarraitzen bada, beste lan batzuk bazterrean utzi behar dira, eta horiek ere garrantzitsuak dira. Etxean ematen den arta, esaterako, oso garrantzitsua da pazienterik zaurgarrienentzat. Mila gauza daude egiteko. Baliabideak behar dira.

Lanean kutsatzeko beldurrik ba al duzue?

Zirkuitu ezberdinak sortzea ezinbestekoa izan da horretarako: ondo funtzionatu dute. Bide paraleloetan lanean jarduteko era hori denboran zenbat luzatu ahal izango den, ordea, ez dago argi. Kasuak urritu ahala neurriak hartzen jarraituko bada ere, bide paralelo horiek elkartuz joango dira poliki-poliki. Datuei begira adi egonda, betiere. Zenbaitetan atzera egin beharko da.

Osasun zentroetako aurrez aurreko kontsultak urritzera egin da, saihestera. Joera horrek hor jarraituko duela argi dago, ezta?

Bai, ikasi dugu telefono bidezko arta hor dagoela. Helburua da jendeak ordua hartzera doala esan beharrean, esatea: 'Kontsulta bat eskatuko dut'... Hastapeneko urratsa egiten da telefonoz mediku eta administrariekin hitz eginda, eta duen osasun arazo hori nola bidera dezakeen haiekin hitzartuta. Lan egiteko era horrek balio dezake medikuen jardunean guztiz ardaztutako eredua gainditzeko; dena ez du medikuak konpondu behar. Askotan ez da egokiena. Gauza asko administrariek edo erizainek egin ahal izango dituzte, eta askoz ere hobeto, gainera. Argi ibili behar da, hala ere, gaiarekin. Nonbait irakurri dut medikuok ez ditugula ikusi nahi pazientek, eta ez. Usu beharrezkoa da aurrez aurreko arta: ezin da saihestu.

Zer pazientek kezkatzen zaituzte, batez ere?

Bazterkeria egoeran dagoen jendeak, bereziki: bakardadean dauden pertsonak, migratzaileak... Kolektibo horietako zenbait, gainera, seinalatzera egin da askotan hedabideetan. Beldurraren bidez haiek errudun egitera. Hainbat berritan, esaterako, Bilboko San Frantzisko kalean jendea ibili zela kontatu zen, konfinamendua urratu zutela... Aldiz, orain Madrilen hainbat auzotan jendea kalera ateratzen dabil, eta haiek eskubideen aldeko iraultza bat egiten ari direla dirudi...

Pazienteengandik hurbil zaudete. Nola lagun diezaiekezue izurriak ekarri duen izua arintzen?

Beldurra hor dago. Herritarren artean, eta profesionalen artean ere bai. Kontsulta asko izan ditugu beldurrarekin lotuta, estutasunarekin. Hor laguntzea garrantzitsua da. Ezin gara beldurrez bizi. Zuhurtzia bihurtu behar dugu: eraginkorragoa da.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Pertsona batzuk maskararekin pasa den astean, Orion (Gipuzkoa). ©Jon Urbe / FOKU

Beste 27 kasu baieztatu ditu Jaurlaritzak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Tolosan sei kasu atzeman dituzte, Ordiziako agerraldiarekin lotutakoak. Denera, 75 dira foku harekin zerikusia dutenak. Getarian, azken egunetan lau kasu baieztatu ostean, bihar hasiko dira PCR probak egiten.

Jendea maskararekin, Ordizian. ©JON URBE / FOKU

Maskara derrigorrez erabili behar da Europako zenbait herrialdetan

Oihane Puertas Ramirez

COVID-19ari aurre egiteko maskararen erabilera derrigortu dute herrialde batzuek, eta 100 euroko isunak ere jarri dituzte indarrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna