Koronabirusa

Gaitzarekin bizi dira oraindik

Koronabirusaren sintomak luzaroan dituzten gaixoak bizitza normala berriz egin ezinik daude. COVID iraunkorra edo luzea dutenek BERRIAri azaldu diote «denbora gehiegi» daramatela gaixorik, eta arreta egokia behar dutela. Osasun sistemaren «abandonua» salatu dute.

Isabelle Delgado eta Sonia Bilbao Euskal Herriko COVID iraunkorreko plataformako kideak. A.LOIOLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
COVID-19arekin kutsatu ziren Isabelle Delgado (Bilbo, 1969) eta Sonia Bilbao (Sopela, Bizkaia, 1977), iazko martxo aldera. Gaixotasuna etxean pasatu zuten biek, nahiko «makal», baina ospitaletik igaro gabe. Okerrena, baina, gerora etorri da: birusak eragindako ondorioetako batzuk jasaten segitzen dute, eta gaitzarekin bizi dira oraindik. Muturreko nekea dute, arnasa egiteko zailtasunak, takikardiak, metabolismoaren desorekak, hesteetako arazoak... Birusarekin kutsatu eta hamabi bat astera sintomekin jarraitzen dutenak dira COVID luzea edo iraunkorra daukatenak. Eritasuna gainditu ezinean dira Delgado eta Bilbao.

Euskal Herriko COVID iraunkorra plataformako kideak dira biak. Hilabeteak daramatzate gaixorik. «Urte eta erdi igaro da, eta gaixorik jarraitzen dut. Sintomak ez dira desagertu», azaldu du Bilbaok. Martxo hasieratik bere onera bueltatu ezinean da Delgado, eta koronabirusak bizimodua hankaz gora jarri diola dio: «Denbora gehiegi daramat gaitzarekin, eta bizitza erabat baldintzatu dit».

COVID-19aren sintomak luzaroan dituzten pertsonen sufrimendua gorpuzten dute bi emakumeek. Iazko martxoaren 11n sintomekin hasi zenetik «gaizki» dagoela azaldu du Delgadok, eta bata bestearen atzetik zerrendatu ditu birusak eragin dizkion gaitzak: buruko mina, giharretako ahultasuna, arnasa hartzeko zailtasuna... Gainera, hasierako sintomekin batera, beste batzuk garatu ditu, bereziki arnas aparatuarekin eta metabolismoarekin lotutakoak. «Duela gutxi orban txiki bat atzeman zidaten biriketan, eta tiroideetan desorekak ditut». Takikardiak ere izan ditu noizbehinka. «Ondoeza orokorra daukat». Halaber, Delgadok aitortu du birusarekin hainbeste denbora bizitzearen ondorioz, patologia gehiago garatzearen «beldur» ere badela.

Bilbaori ere bizitza guztiz aldatu zaio gaitzarekin kutsatu zenetik. Kirolari amorratua zen, eta ez zuen inongo patologiarik. Gaur egun, ordea, ez da lan egiteko gai ere. «Azken urte eta erdian izugarri zaharkitu naiz, eta orain 80 urteko agure baten antzera nabil». Bilbao martxoaren 6an gaixotu zen, eta handik hamar bat egunera ez zen ohetik jaikitzeko gai. Orduko hartan osasun sistema kolapsaturik zegoenez, ez zuten aurrez aurre artatu eta PCR-rik egin, eta etxean igaro zuen gaitza. Oso egun gutxian ia bost kilo galdu zituen. «Orduko egoeragatik ez balitz, ospitaleratuta egongo nintzatekeen».

Azaldu du birusaren ondorioz organo ugari kaltetuak dituela, medikuek diagnostikatu diotenez: takikardia erreaktiboa du, bronkioetako hiperaktibitatea eta hesteetako hantura. Baina guztien artean larriena uda partean diagnostikatu ziotena: hiperplasia linfoidea. Patologia hori COVID iraunkorrarekin lotzen dute ikerketa zientifiko ugarik, baina Osakidetzak ez dio diagnostiko hori ematen. Aspaldi ari zaio Osakidetzari erretrobirusen aurkako tratamendu bat eskatzen, baina oraino ez diote eman, argudiatuta bere garaian ez ziotela PCRrik egin eta ez dituela antigorputzik sortu.

Diagnostikorik eza

OME Osasunaren Mundu Erakundeak aitortu duCOVID iraunkorra badela. Gaitzarekin kutsatu eta gutxienez hamabi astez koronabirusaren sintomak pairatzen jarraitzen dutenek gaixotasun hori dutela dio, eta egoera horretan zenbat jende egon daitekeen jakitea ezinezkoa bada ere, kalkulu bat ere badu egina: kutsatu direnen %20k sintomak luzaroan izan ditzakete.

Hego Euskal Herrian ez dagogaixotasunaren bilakaera mota horri heltzeko protokolo zehatzik. Ez dago unitate espezializaturik, eta sarri askotan, ez da eritasuna egoki diagnostikatzen. Orain arte egin diren urratsak aski txikiak izan dira. Osasunbideak, esaterako, martxoan sortu zuen talde tekniko batCOVID iraunkorra eta gaixotasuna igaro ostean osasun arazoak dituzten gaixoei arreta osoa emateko zirkuituak ezarri eta koordinatzeko.Osakidetzan, berriz, gaixotasuna ikertzeko fasean daude.

COVID-19arekin bizi diren eriek «abandonua» sentitzen dute, batez ere osasun sistemaren aldetik. Eritasunagatik duten larritasuna eta ezinegona «ikusezin» bilakatu direla diote. «Ez dute arazoaren muinera jo nahi, eta sarritan gure gaixotasuna sindrometzat jotzen dute», salatu du Delgadok. Beldur da fibromalgia edo neke kronikoaren sindromea bezala, gaitz iraunkorra dutenak zaku berean sartuko ote dituzten. Argi eta garbi dio: «Hau ez da sindrome bat: gaixotasun bat da, beste eritasun infekzioso bat».

Plataformako kideen aspaldiko aldarria da gaixoak modu egokian artatzeko unitateak martxan jartzea, eta Osakidetzari maiz egin diote eskaera, baina orain arte ez dituzte haien eskakizunak aintzat hartu. «Jakinarazi digute unitate bat martxan jartzeko asmoa dutela neurologia, barne medikuntza eta arnas aparatuko profesionalek osatuta, baina gaixotasun infekziosoetako aditurik gabe», deitoratu du Delgadok.

Euskal Herriko COVID iraunkorra plataformako kideek ez dute amore emateko asmorik, eta ohartarazi dute gaixotasuna ikuspuntu medikotik, legaletik eta administratibotik aitortua izateko lanean jarraituko dutela. Gaixotasuna dutenen lan egoera dute kezka nagusietakoa, Gizarte Segurantzatik jendea lanera itzularazten ari direlako, sintomekin. Egoera horretan dago Bilbao. Gaixotasunaren ondorioz, pandemia aurretik zituen bi lanpostuetako bat galdu egin du, baina oraintxe bertan ez dago beste lan osagarri bat bilatzeko eran: «Ezin dut lanik bilatu gaixorik nagoelako. Egoera hau jasanezina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.