Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Errespetu kontua

Jose Mari Pastor -

2022ko urtarrilak 15

Katalana ikasten ari dela adierazi du Michel Sanchezek, Girona futbol taldeko entrenatzaileak, SER irrati katean. «Ahalik eta lasterren» hirian integratu nahi izan duela gehitu du. Hizkuntza horretan moldatzen ote den galdetu dio kazetariak. «Bai, jada zertxobait moldatzen naiz». Norberak lan egiten duen lekuko hizkuntza ikastea «beharrezkoa» dela azaldu du Sanchezek. «Errespetu kontua», haren ustez. «Nire hezieraren zati bat da. Halaxe irakatsi didate gurasoek auzoan, Vallecas-en. Langile jende asko erakartzen duen auzoa da, lehen momentutik bertatik etxean legez sentitzen dena. Inguruan integratzeko modurik onena katalanez hitz egiten jakitea dela uste dut. Ulertu nahi duenak uler dezala eta nahi ez duena... adimen laburrekoa dela iruditzen zait».

Langile auzoa da Vallecas. Bertakoa da Michel Sanchez. Pentsaera hori etxean bereganatu zuen entrenatzaile madrildarrak. Kazetariei katalanez galdetzeko eskatu die. Azken asteotan katalanez erantzuten hasi da Sanchez prentsaurrekoetan. Hemengo zenbait entrenatzailek badute zer eta non ikasi.

Vallecas bezalako langile ingurune batean sortu zen Kataluniako murgiltze eredua, Bartzelona ondoko Santa Coloma de Gramenet herrian, 80ko urteen hasieran. Orduan Kataluniako hiriburuko gerriko gorriaren zatia zen herria; Kataluniara lan bila joandako lagun ugari bizi ziren bertan. Katalana bazterreko hizkuntza zen. Hala ere, Santa Coloman sortu zen murgiltze eredua.

Ezkerreko alderdi eta kolektiboek bultzatu zuten murgiltze eredua. PSUCek —Kataluniako Alderdi Sozialista Batua— indar handia zuen orduan. Zenbait talde nazionalista katalanek, ordea, ez omen zuten egokitzat jotzen eredu hori eskola publikoan ezartzea. Azkenean, katalana irakaskuntzaren hizkuntza nagusia izatea lortu zen, baina. Urte askoren ostean, 2019an, aukera hori defendatu zuen PSCko buru Miquel Icetak Bartzelonan, Poblenou auzoko alderdiaren egoitza berria irekitzeko agerraldian: «Ez dugu onartuko haurrak hizkuntzaren arabera banatzea. Inoiz ez!».

Gurean beste modu batez jokatu zuten sozialistek. Gurasoen aukera edo apeta hutsaren menpe utzi zuten dena. Inposizioaren kontra agertu ziren —soilik euskararen inposizioaren kontra, jakina—. Euskara ikasteko eskubidea gurasoen eskuetan utzita, ez al zaie euskara ikasteko eskubidea ukatzen haien seme-alabei? Hizkuntzen araberako banaketa onartu zuen hemengo klase politikoak. Steilas sindikatuaren ordezkari Aitor Idigorasek Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko diferentzia nabarmendu du Vilaweb-i eskainitako elkarrizketan: «Katalunian ez bezala, EAEn ez zen itun sozialik izan. Itun politikoa izan zen, familiei eskola aukeratzeko eskubidea bermatzeko, erdaldunak erdaldunekin edo elebakarrekin egon zitezen, euskal familiek eskolatuak izateko aukera izan zezaten, erdaldunek kutsatu gabe (...) Huts historikoa izan zen. Maketoak, halaxe deitzen zitzaien, baztertu zituzten. Xarnego-ak, aldiz, katalantzat jo zituzten ondorio guztietarako eta eredu inklusibo batean egon ziren». Haren iritziz, banaketaren ondorioak begi bistakoak dira gaur egun: «Sare pribatu eta kontzertatuaren zatirik handiena, EAEn %50 dena, seme-alabei euskara ikasteko eskubidea ukatzen dieten gurasoen babeslekua izan da urte luzeetan».

Murgiltze eredua modu bakarra da umeak euskalduntzeko. Ez da perfektua, inolaz ere, baina hori gabe ez goaz inora. Umeen hizkuntza ikasteko eskubidea gurasoen apeta, filia eta fobien menpe uzteak ez du bermatuko belaunaldi gazteenek Euskal Herriko berezko hizkuntza ikastea. Haurrak baztertzen segitzea ekarriko du. Katalunian xarnego-ak integratu zituzten. Hemen maketoak baztertu. Hala segituko dugu etorkizunean ere? Familiek hizkuntza aukeratzeko ustez duten eskubideak ez luke umeen formakuntza oztopatu behar. Ikasleak, gizabanako gisa, eskubide subjektuak dira. Errespetu kontua da. Haiekiko errespetua. Herri honekiko errespetua. Ulertu nahi duena, ondo. Ulertu nahi ez duena...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera, Rodriguez eta Ruiz ©Ahal Dugu.

Garbiñe Ruiz eta David Rodriguez, Ahal Dugu-ko Gasteizko eta Arabako zerrendaburu izateko primarioetan

Iñaut Matauko Rada

Elkarrekin Podemos-IUko Gasteizko Udaleko eta Arabako Batzar Nagusietako gaur egungo bozeramaileak 'Bat Egin Podemos' proiektuaren barruan aurkeztu dira Ahal Dugu alderdiko primarioetara.

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren webgunea, itxita. ©BERRIA

AEMk salatu du Guardia Zibilak webgunea itxi diela eta lagun bat atxilotu duela 

Berria

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren arabera, atxilotuari material informatikoa atxiki dio Poliziak. Aske utzi dute atxilotu duten egun berean.

Mikel Albisu, artxiboko irudi batean. ©maialen andres / Foku

Auzitegi Nazionalak Espainiatik ateratzeko debekua ezarri dio Mikel Albisuri

Berria

Albisuk eta Sagarzazuk gaur deklaratu dute epailearen aurrean. ETAk 2002an egindako atentatu batengatik sei euskal herritar ikertzen ari dira.

Usansoloko herritarrek egindako mosaikoa. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Bizkaiko 113. udalerria izateko azken urratsak ari dira egiten Usansolon

Iñaut Matauko Rada

Prozesuari buruzko erakusketa eta herri mosaikoa egin dute. Ondo bidean, urrian onartuko dute Bizkaiko Batzar Nagusiek desanexioa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.