Pastor
DARWIN ETA GU

Nicoren amultsutasun linguistikoa

2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Amultsutasun linguistikoaren alde egin du Alberto Nuñez Feijook. Haren Konstituzioaren arabera espainiarrak diren hizkuntza guztiek bizikidetza harmoniatsua izan behar dute. Guztiz gozoa. Erabat eztia. Arras amultsua.

Espainia paradisu linguistikoa izateko moduan egon litekeela pentsa genezake PPko buruzagiaren hitzak entzun eta gero. Beste kontu bat ere adierazi du Feijook. Haren iritziz, herritar guztiei bermatu egin behar zaie bi hizkuntzak ezagutzeko eskubidea. Bi hizkuntzak, espainiera eta katalana, euskara edo galiziera, baldintza berdinetan ikasteko eskubidea izan behar dute. Gero, «askatasunez» erabakiko dute zer hizkuntzaz hitz egin.

Seguruenik, Feijook bezala pentsatuko du udaltzaina izateko B2 euskara eskakizunik beharrezkoa ez dela ebatzi duen epaileak. Gora askatasuna, gora eskubideak! Nola hitz egingo du euskaldun batek askatasunez bere hizkuntzaz beste pertsona batek, ezjakina izateko eskubidea dela medio, euskaraz egiteko eskubidea ukatzen badio? Hortxe bukatzen da euskaldunaren askatasuna. Eta amultsutasun linguistikoa. Herritar guztiek bi hizkuntzak ikasteko eskubidea dutela dio Feijook. Kontu bat ahaztu –edo ezkutatu– egiten du, ordea. Ikasteko eskubidea izango dute, bai, baina derrigortasuna, benetakoa, erdaraz jakiteari baizik ez dagokio. Horixe agintzen du Espainiako Konstituzioak.

Kexu da Jaurlaritza Gasteizko epailearen jarreragatik; kexu gara euskaldunok. Alferrik. Marko juridikoa aldatu arte besteen erabakien menpe egongo gara beti. Legea eta arauak Espainiak ezartzen dituen bitartean jai dugu. Berak diseinatzen du gure arauen eremua; berak zedarritzen du gure eskubideen esparrua. Edozer lortuta ere, inork ez digu bermatzen egunen batean epaile batek dena hankaz hora ez jartzea. Euskaraz jakingo ez duen beste epaile batek –oroz gainetik dagoen lege espainiarrak euskaraz jakin gabe hemen jardutea ahalbidetzen baitio– berdin egingo du etorkizunean. Marko juridiko espainiarrari segitu besterik ez du egingo. Ahaztu eskubideak, ahaztu askatasuna, ahaztu estatutua, ahaztu eskumenak. Edozein epailek, hemengoak edo kanpotik etorritakoak, dantzan jarriko gaitu, hori egiteko apeta baldin badu. Akabo fandango.

Amultsutasun linguistikoa maite du Feijook. Amultsutasun linguistikoa ere gogokoa izango du, seguruenik, gure epaile maitagarriak. Eta Nico Williamsek? Euskaraz ezertxo ere ez dakiela aitortu du Athleticeko jokalariak. Oso modu adierazgarrian aitortu, gainera. Euskaraz ba ote dakien galdetu diote. «Cero» erantzun du. Nicok hitz bat bera ere ez daki euskaraz? Euskal Herrian jaio eta Euskal Herrian ari den jokalari batek euskaraz deus ez dakiela esateak zer pentsatua eman beharko liguke. Eta areago hori aitortu eta barre egiten duenean. Amultsuki.

Nicok beste zerbait esan zezakeen. Oso gutxi dakiela euskaraz, pozgarria izango litzatekeela euskaraz moldatzea... Ez du hori egin. Bazter auzo bateko mutil batek Nico Williamsenaren moduko erantzunik eman balu, ez dakit nola erreakzionatuko genukeen. Txalorik ez genioke egingo, bederen. Nicori, bai: hurrengo partidan gure txaloak jasoko ditu. Futbola futbola delako, eta ez delako beste ezerekin nahasi behar, antza. Eta gure heroia delako.

Egia esan, ez da Nicoren errua. Jokalaria argi mintzatu da. Nico gure gizartearen ispilua baino ez da. Nico gure hezkuntza sistemaren porrotaren isla dugu, hizkuntzari dagokionez. Eta hori baino garrantzitsuagoa: jende askoren erreferentzia, batez ere gazteena. Eta ez erreferentzia eredugarria. Ez, behintzat, euskarari dagokionez.

Halaxe gabiltza amultsutasun linguistikoaren paradisuan. Eskubideak eta askatasuna, lehenik eta behin, erdararentzat. Gero, ikusiko. Eta erne: ez kexatu ozenegi. Talibana deituko dizute amultsutasun linguistikoaren amua irensten ez baduzu. Porru hori erosten ez baduzu. Talibantzat joko zaituzte. Talibana, bai. Zer esatea nahi duzue: hobe ustezko taliban integrista benetako tonto integrala baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.