Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Ostadar faltsua Qatarren

Jose Mari Pastor -

2022ko abenduak 3

Irudia mundu osoan zabaldu dute sare sozialek: Qatarko Poliziak ostadarra zirudien bandera bat kendu zien Marokoren jarraitzaile batzuei herrialde horrek Kroaziaren kontra jokatu zuen egunean. LGTBI kolektiboaren ikurra zela uste zuten poliziek. Ordea, huts egin zuten: amazig herriarena zen. Ez galdetu zergatik zeraman jarraitzaile batek ikur hori Marokoren partida batean. Asimilazioak onetsitako ukitu folklorikoa ala herri aldarrikapena?

Herrialde Katalanetan beste bandera batek eragin du iskanbila. Palmako eskola bateko ikasle batzuek Espainiaren bandera eskegi dute gelako horman. Katalana irakasten duen andrea aurka mintzatu da. Izan ere, eskolaren arduradunek erabaki dutenez, bandera soilik Espainiak jokatzen duen egunetan ipintzeko baimena dute ikasleek. Umeek norgehiagokarik gabeko egun batean zintzilikatu dute, baina. Ondorioz, ika-mikak izan dituzte irakaslearekin. Ikasleen gurasoek protesta egin dute. Vox eta zenbait kolektibo espainolista irakaslearen kontra aritu dira. Sare sozialean haren datuak hedatu dituzte. Heriotza mehatxuak egin dizkiote.

Inoiz ikusiko dugu halakorik hemen? Zilegi izan beharko litzateke ikasle batzuek eskolako gelan euren gustuko edo bihotzeko bandera eskegitzea? Ni neu ez naiz horren aldekoa. Berdin dio bandera hori Espainiarena izan edo Frantziarena. Edo ikurrina. Ikasleek selekzio jakin baten kamiseta janztea, tira. Baina bandera bat jartzea beste kontu bat da, nire ustez. Akaso uste dugu ikasgelako kide guztiek ikur hori maitatu behar dutela?

Banderen gerra. Nahi eta helburu nazionalen talka. Lehengoan, independentziari buruzko erreferenduma noiz ez litzatekeen egin beharko azaldu zidan lagun batek: Espainiak Munduko Futbol Txapelketa irabazi eta ondoko egunean.

Azken inkesten arabera, balizko erreferenduma Espainia munduko txapelketa guztietatik kanporatuta ere irabaziko lukete unionistek. EAEko herritarren laurdenera ez da ailegatzen independentziaren aldekoen kopurua. Beheranzko joerak bere horretan segitzen du. Beste alde batetik, Espainiak ez du halako bozketarik onartzen. Hala eta guztiz ere, gu erreferenduma noiz ez genukeen egingo hausnartzen hasi gara. Harrigarria da euskaldunok zientzia-fikzio politikoa egiteko dugun abilezia. Mundialak gara, mundialean jokatzen ez dugun arren.

Inkestan agertu denez, independentzia gizarte justu batean bizitzeko balitz, orduan lagun gehiago izango lirateke independentistak. Ea, bada: ulergarria da kezka, baina déjà vu sentsazioa pizten dit, beste testuinguru batean izan arren. 70-80ko urteetan arlo soziala hobesten zuten, lehen-lehenik, talde politiko batzuek —hain juxtu, funtsean independentistak ez zirenak. Kasualitatea ote?—. Espainia osoa sozialista, justua eta abar izan eta gero, orduan bai, autodeterminazio eskubidea onartuko ligukete. 50 urte geroago hemen segitzen dugu oraindik, Espainia benetan sozialista, gorri-gorria noiz izango zain.

Oraingo joera ez da oso desberdina. Beste borroka batzuk gehitu zaizkio, baina muinean antzekoa da. Euskal Herria zapaldu ororen askapen paradisua bihurtu arte ez dugu independentzia aldarrikatuko? Euskal Herria feminista, sozialista, ekologista eta nahi beste ista gehiago izan arte ez gara independenteak izango? Bada, jai dugu. Egon gaitezen zain… paradisu espainiar frantsesean. Hori bai librea, hori bai justua.

Duela egun batzuk argi utzi zuen kontua kazetari katalan batek. Haren iritziz, badaude alderdiak, izenez sozialistak direnak, baina sozialismoa noizbait ezartzeko inolako asmorik ez dutenak. Sozialista izena dute, baina gustura mugitzen dira kapitalismoan, sistemari adabaki batzuk ipinita. Ez dago alderdi independentistekin berdin gertatzeko arriskurik, hau da, independentistak deitu, baina praxian autonomista bihurtzea, hitz tinkoak eta adierazpen sutsuak gorabehera? Inoiz ikusiko dugu ikurrinik Espainiaren partidetan, Marokoren norgehiagoketan amazig banderak ikusten ditugun legez?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sindikatu Medikoko ordezkariak, atzo, Iruñean egin zuten agerraldian. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Sindikatu Medikoak ezezkoa eman dio Osasunbidearen eskaintzari, eta eskaerak gogortu ditu

Ion Orzaiz

Sindikatu ultrakontserbadorea ez da azaldu Nafarroako Gobernuarekin zuen bilerara, eta esan du biharko greba deialdiari eutsiko diola «eskaintza zoragarri bat jaso ezean»

Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, artxiboko irudi batean ©Gorka Rubio/ Foku

Eusko Jaurlaritzak finantzaketa etengo die ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei

Edurne Begiristain

Jokin Bildarratzek esan du «ahalik eta modu adostuenean» egin nahi dutela prozesua, eta ikastetxeekin harremanetan direla. Eusko Jaurlaritzak halako sei ikastetxe ditu itundurik.

Araban %70eko jarraipena izaten ari da greba, letradu elkarteen arabera. ©Juanan Ruiz / Foku

Epaitegiak «kolapsatuta», letraduen grebaren ondorioz

Maite Asensio Lozano

Hego Euskal Herriko letraduek astea bete dute gaur greba mugagabean. Soldatak igotzeko eskatu diote Espainiako Justizia Ministerioari.

Galduriko emakumea bilateko operazioan parte hartu duen lagileetako bat. ©SOS Deiak

Hilda topatu dute Loiun galduriko emakumea

Berria

Igandetik ari ziren 78 urteko andrearen bila.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.