Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Praga, 'mon amour'

Jose Mari Pastor -

2021eko irailak 18

Neska gazteak check-in-a noiz hasiko zain daude aireportuan. Oporraldiak joan dira eta etxera itzultzeko garaia da. Etorkizuneko bidaiei buruz mintzatzen hasi dira. «Pragara joan behar dugu. Oso polita da, martxa itzela dago», esan du batek. Ondokoak bat egin du harekin, iraganeko esperientzia ez hain atseginak oroituz: «Pragara, bai. Niri Erroma ez zitzaidan batere gustatu».

Zenbat urte izango dituzte? 20, 22? Gehiagorik ez. Udako oporrak itzali ostean, negukoak pizten ari dira. Galdera inozo bezain maltzurra egin diot neure buruari: euren diruaz ordainduko dituzte opor luze zein labur horiek ala etxekoen bizkarretik joango dira plazer-bidaian Pragara? Aurreiritzia izan liteke, baina baikorregia da bost neskak lanean ari direla pentsatzea. Adin horretan, garai hauetan eta egoera honetan...

Ez dut ahaztu lagun batek gaztetako lehendabiziko lanari buruz zer azaldu zidan. 18 urte bete eta gidatzeko baimena atera nahi zuen. Ez zuen dirurik, baina. Etxean esan eta konponbidea proposatu zion aitak: udako oporretan harekin jardungo zuen, igeltsero. Halaxe egin zuen lagunak. Halaxe ordaindu zuen autoeskola.

Ez dira lehengo garaiak. Egun, nekez aurkituko dugu halako aita edo amarik. Badakigu lan mundua nola dagoen gazteentzat. Dena den, lana izanda ere, ez dakit zenbat amak edo aitak izango luketen adorea etxeko errege edo erreginari ezezkoa emateko, hark oporrak ordaintzeko eskatuko balie. Izan ere, ezetz esatea gero eta zailago egiten zaie gaur gero eta guraso gehiagori. Gurasoak ez dira gehiago gurasoak. Gurasoak eta seme-alabak lagunak ditugu. Guai!

Guraso askok uko egin diote erantzukizunari. Etxean egin beharrekoa beste batzuen eskuetan uzten dute. Esaterako: seme-alabei jangelan nola bazkaldu behar den esateko eskatzen diete irakasleei. Edo ohitura txarrak zuzentzeko —horretan okerrenak irakasleak diren gurasoak omen dira—. Seme-alaben lagunik onenak ei dira oraingo guraso ugari. Haietako batzuk hain daude tontotuta, ezen haurrak berak gogorarazi behar dien rola zein duten. «Ni ez naiz zure laguna, ni zure semea naiz»; esan dio ume txikiak lagunaren plantak egin nahi dituen aita jator txotxoloari jaki bat iragartzeko telebistan zabaldu duten spot-ean.

Guaismoa muturrera iritsi da. Anoetara Realaren partida bat ikustera joan zen 12-13 urteko mutikoaren kasua dugu horren adibide. Harmailetan, gora begiratu eta haren adineko neskato bat ikusi zuen, hain modu berezian eserita, non kuleroak ikusten zitzaizkion. Telefonoa atera eta argazkia egin zuen. Jarraian, aitari bidali zion. Aitaren erreakzioa? Poza. Harrotasuna. Semea ez da marikita. Beste adibide bat: seme nerabea eta haren laguna pornografia ikusten harrapatu ditu aitak. Errieta egin die. Aitarekin pornografia ikusten duela erantzun du semearen lagunak, lasai asko. Aita-semeak pornografia ikusten elkarrekin. Ederto. Klinexak pasatuko dizkiote elkarri? Ez pentsa benetako gertakari hauetako protagonistak gurera ez dakit nondik etorriak direnik. Ez. Euskaldun peto-petoak dira.

Halaxe gabiltza, bada. Zortzi edo hamar urte barru bidaia oparituko dio aitak Anoetara joan zen semeari. Pragara edo. Hiri ederra da Praga. Ezagunak dira Dvorak eta Kafkaren arrastoak bertan, baina horrek ez dio ardura mutilari. Pilsner batzuk edan eta mozkortzen ibiliko da. Agian, turista itxuraz ingeles batek duela urte batzuk sakelako telefonotik lagunari esanikoa errepikatuko du, Hiri Zaharreko Plazan udaletxe zaharraren kanpandorrea ikusi ondoren —1364an amaitu zuten eraikitzen—, eliza bat zelakoan: «There is a church in the middle». «Eine Kirche? Ignorant!», esan zidan, ahapeka, neska-lagunak. Egunez egun esker onez begiesten ditut / Pragako gaztelua / eta katedrala, idatzi zuen Jaroslav Seifert-ek Karlos Zubia poeman. Ordea, gure heroiak souvenir bakarra bilatuko du hirian: Lady Dee porn star pragatarraren bideoa, aitari eramateko eta harekin ikusteko. Gero klinexa elkarri pasatzeko, jakina.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, atzo, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute ez dela betetzen hizkuntza gutxituen euroituna

Ion Orzaiz

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute Espainiako eta Hegoaldeko erakundeak ez direla ari betetzen hizkuntza gutxituen ituneko konpromisoak. Txostena helaraziko diete Europako adituei

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Inigo Urkulllu eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Leioako (Bizkaia) Txomin Arretxe ikastetxean. / ©Aritz Loiola, Foku

Gaur amaituko da Hezkuntza Legeari zuzenketak jartzeko epea

Irati Urdalleta Lete

Ikusteko dago EAJren eta PSE-EEren zuzenketek zer jasoko duten hizkuntza ereduei buruz. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak agerraldia egingo du, mobilizazio bat iragartzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...