Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Kanada, Errumania, Ukraina

Jose Mari Pastor -

2022ko martxoak 26

Bilborako autobusean sartu dira bi mutilak. Beste aldeko eserlekuetan beste bi atzerritar daude. Senar-emazteak dira, antza. Hirurogei urte ondo gaindituta dituzte. Esertzearekin bat agurtu dute elkar. Turistak dira laurak. Kanadakoak ditugu emakumea eta gizona. Bi mutilek jatorri asiarra dute, baina ez dute zehaztu nongoak diren, ezta non bizi diren ere. Espainian zehar ibili dira. Madril, Toledo eta Sevilla «oso hiri ederra» bisitatu dituzte. Bartzelona ere bai. Bikote kanadarra ere izan da Andaluzian eta Gaztelan.

Bezperan ospe handiko jatetxe batean afaldu dute gazteek, Donostian. Euskal sukaldaritza izugarri ona dela esan dute. «The Basque Country is not like Spain, right?», galdetu dio mutiletako batek bikoteari. «Ez, ez!», erantzun du alboko emakumeak, uste betean. Laurak gustura daudela dirudi. Ordubetera edo, Bilboko autobus geltokira heldu dira. «Oso polita», adierazi du andreak. «Gurean ez dugu halakorik. Autoan ibili behar duzu. Bestela, akabo», zehaztu du.

Bilboko autobus geltokitik kilometro batera ez, hiriaren erdian, gizon bat dago, espaloiaren koska batean eserita. Izkina horretan jarri du etxe ibiltaria, eraikinak eskaintzen duen bazterraren babesean: koltxoi bat, zaku pare bat, kazola, jana, babesteko arropa... Plater bat du lurrean, jendeak botatzen dizkion txanponak jasotzeko. Aldamenean kartel bat dago: Romania-España, Stop guerra Ukraina, Viva Romania España.

Bilbo da, baina Donostia edo Iruñea izan zitekeen. Errumania eta Espainia lotu eta goretsi ditu gizonak. Hark zer daki non dagoen, nora etorri den. Nahiko lanak izaten ditu eguneroko bizitzan aurrera egitearekin. Euskal Herria eta Espainia gauza bera direla uste du, autobuseko bikote kanadarrak ez bezala. Espainia hizkuntza latinoa duen lurraldea dela azalduko zioten txikitan eskolan. Europa Ekialdean, Errumanian, latinetik datorren hizkuntza bat dagoela esaten ziguten guri ikasgelan. Sobietar Batasunaren mugaren aurrean mintzatzen zen orduan. Gauza bitxia. Gurera etorri eta Espainian dagoela esan du gizonak. Ofizialki zuzena da haren ikuspuntua: Espainian dago. Euskal Herria, Euskadi eta abarrek... zer ardura diote berari?

Zer esango diozu, bada? «Hau ez da Espainia. Hori zuzendu arte ez dizut sosik emango». Edo: «Guk ere ez dugu gerrarik nahi. Horrexegatik eman genuen ezezko botoa NATOri buruzko erreferendumean». Ulertuko luke? Ez litzateke erraza izango. Seguruena, ez da oso denbora luzean egon hemen. Laguntzekotan, hari nahiago kartel batean espainiarra naiz eta goseak hiltzen nago idazten duenari baino. Espainiarra edo euskalduna. Bandera ipini nahi diogu, baina goseak ez du aberririk.

Kanpotik etorri eta berton geratuko den jendea, asko edo gutxi, nongoa izango da? Haren seme-alabak hemengoak izango ditugu. Zer pertenentzia sentimendu nagusituko da herritar horien barrenean? CEO Centre d'Estudis d'Opinió Generalitaten organoak kaleratu duen inkestaren arabera, Katalunian bizi baina Espainiako mugen barruko beste leku batean jaio diren lagunen %78k ez dute independentziarik nahi. Aldiz, Europako Batasunean eta munduko beste leku batean sortutakoen %26 bat datoz burujabetasunaren aldeko asmoarekin. Espainiatik kanpoko atzerritar gehiago daude Kataluniaren independentziaren alde Kataluniara joaniko herritar espainiarrak baino.

Ukrainako lehen gerra iheslariak ditugu hemen. Espainiara ala Euskal Herrira etorri dira? Bizkaira heldu dira zenbait talde. Horietako batzuek Getxon egin dute argazkia. Ikurrina eta Ukrainako bandera eskuetan ikusi ditugu. Ezin jakin gurean geratu, beste nonbaitera joan edo, gerra laster bukatu eta gogoak egonez gero, sorterrira itzuliko ote diren. Euskal Herrian sustraitzea erabakitzen badute, zer izango da bost, hamar, hogei urte barru? Nongotzat joko dute beraien burua? Eta haien umeek? Espainian jaio baina gurean bizi direnen artean baino independentista gehiago izango dira multzo horretan, Katalunian bezala?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©EUSKO LEGEBILTZARRA

Bildarratzek berretsi du hizkuntza ereduei eutsiko dietela

Irati Urdalleta Lete

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarrean mintzatu da Hezkuntza Lege proiektuari buruz. Ñabardurak eginda, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk balekotzat jo dute proiektua; EP-IUk eta PPk, ez

Lehengo astean ere jo zuten Etxegarairengana Mauriziakoek. ©GUILLAUME FAUVEAU

Elkartasunak Eraiki sareak Maurizia proiektuaren eredua goraipatu du

Ekhi Erremundegi Beloki

Etxegarairekin bilkura egin dute Mauriziako kideek. Uztailaren 6an aztertuko dute kanporatze prozedura gelditzeko helegitea

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideen agerraldia, atzo, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Euskal eskola publikoaren alde mobilizatuko dira ekainaren 9an

Isabel Jaurena

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak adierazi du Hezkuntza Lege proiektuak ez duela sistema publikoa «lehenesten»

Artatutako pertsonen %28ak alkoholismo arazoak zituzten. ©BERRIA

Berretsi dute adikzioak eta buru osasuna lotuta daudela «ziklo kaltegarri batean»

Olatz Silva Rodrigo

Erdu programak zaurgarriak diren pertsonak artatzen ditu. 270 pertsonei arreta eskaini zien iaz; horietatik 197 etxerik gabe zeuden

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.