Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Eskelen gordelekuetan barrena

Jose Mari Pastor -

2022ko irailak 17

Egunkarietan begiratzen duen lehen gauza eskelak direla esan dit lagunak. «Gazteagoak» ginenean halakorik egiten ez genuela erantzun diot. Hara non orain horretan gabiltzan. Aurrera goazen seinale.

Eskelen bidez hainbat kontu jakin ditzakegu: hila nor zen, non bizi zen, zenbat urte zituen, fededuna zen edo ez, zer maila sozialetakoa genuen... Hamaika istorio lot daitezke: nor da alarguna? Hildakoak anai-arrebarik zuen? Ume guztiak bere-bereak zituen? Familiaren eboluzioa ere suma daiteke testuetan. Edadeko pertsona baten eskela eta haren alargunarena konparatu, bost urte geroago: lehendabiziko eskelan zegoen suhi edo errainen bat erori da familiaren zuhaitzetik. Haren ordez beste izen bat dago orain —edo bat ere ez—. Lehen eskelan bilobarik ez. Oraingoan, aldiz, bi haur txiki aipatzen dira.

Informazio gordelekuak izaten dira eskelak. Irakurtzen eta interpretatzen jakin behar da. Kanposantuak bezala. Izan ere, hilobietan eta bertako hormetan badago zer irakurria. Ezaguna da Sarako hilerrian idatzitakoa. Esaldi hori zergatik ez zuten bestela idatzi pentsatu dut batzuetan, gizona hitza gabe: oren guziek dute emaztea kolpatzen. Azkenekoak du hobirat egortzen.

Denbora «heriotzaren ministroa» dela idatzi zuen Joaquim Machado de Assisek. Ministroaren azkeneko orenak kolpatu du Elizabeth II.a. Denok jakin dugu haren heriotzaren berri. Eskelarik gabe. Pena eta dolua mundu osoan, antza. Salbuespenak izan dira, baina. Erreginaren heriotzaren berri izan bezain laster Long live the IRA oihuka eta kantuz hasi ziren, pozez lehertzen, Sinn Fein alderdiko kideak Parisen, L'Humanité egunkariaren urteroko festan ipinia zuten postuan. Alta, alderdi errepublikanoak doluminak eman dizkio Charles III.ari, errege berriak Belfastera egindako bisitan. Ez da erraza herritar askoren sentimenduak eta zuzentasun politikoa ezkontzea.

Elizabeth II.aren rola laudatu dute hedabideek. Eskoziako erreferendumean neutral jokatu zuela esan dute. Bihar beteko dira, hain zuzen ere, zortzi urte bozketa egin zenetik. Uda hura Eskozian eman zuen erreginak. Igande batean mezatara joan zen Crathie Kirk-era, bere bizilekutik hurbil dagoen eliza txikira. Erregina bertatik irten eta gero, herritar batek erreferendumaren gaia ez aipatzeko esan zuen, txantxetan. Elizabeth II.ak, gelditu, eta hauxe esan zuen: «Jendeak etorkizunari buruz kontu handiz pentsatuko duela espero dut». Erreginaren mezuak abisu ez oso atsegina zekarren lerro artean. Nahi izanez gero, estatuburuak bazuen beste zerbait adieraztea. Esate baterako: «Eskoziarrek eskubidea dute haien etorkizuna libre erabakitzeko». Ez zuen halakorik egin, baina. Neutraltasuna? Zer espero zuten kazetari espainiarrek? Eskozian 155. artikulua ezartzea?

Monarkiaren kontra egotea ez da soilik errege baten gurari eta nagusikerien aurka azaltzea. Munduan denik eta gauzarik logikoena da. Bai, Hegoaldean Francok ezarritako monarkia dugu. Hala eta guztiz ere, erreferendum batean sistema politiko hori nagusituko balitz, kontua ez litzateke errotik aldatuko. Monarkia legitimatuta egongo litzateke, baina lehen bezain hutsala izaten segituko luke. Errege-erreginek ez dutela agintzen argudiatzen dute monarkia zaleek. Hori dela eta, ez dugu zertaz kezkatu. Eta gero, beste adierazpen bat egiten dute: Ipar Europan monarkia da nagusi, eta ongizate gizarte oparoenak dituzte. Kontraesana: errege-erreginek ezertan agintzen ez badute, nork ezarri eta garatu zituen bertako politika sozialak? Gobernuek, jakina. Ez da monarkiaren lorpena. Beraz, noren meritua da?

Bavaria aldeko Neustadt herriko kanposantuan gizon baten hilobia dago. Oso handia da, jauntxo batena balitz bezala. XIX. mendearen bigarren zatian hil zen gizona. Haren izenaren azpian bertan ehortzitako senideak agertzen dira: emaztea, askoz gazteagoa eta hainbat urte geroago hila, eta haren seme-alabak. Alaba txikienaren adinak ematen dizu arreta. Aita hil eta bost urtera jaio zen.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

EITB Maratoiaren testuinguruan, Ibon Fernandez Iradi presoaren egoera salatu du Sarek

EITB Maratoian, Ibon Fernandez Iradi presoaren egoera salatu du Sarek

Berria

Fernandezi 2013an diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza, eta, artatze desegokia tarteko, haren egoerak okerrera egin du ordutik. EITBren egitasmoa gaixotasun horren aurkako borrokarako baliatuko dute.

 ©BERRIA

«Ezin dugu EH Bildurekin proiektu handirik partekatu»

Xabier Martin

PSOEk koalizio abertzalearekin itunak «noiz edo noiz» egin arren, «orain» harekin aliantza handiagoak egitea baztertu egin du Guijarrok. Legegintzaldia osorik amaituko duela uste du.
Aitor Esteban, atzo, Bilbon. ©Miguel Toña / EFE

«Euskadiren nazio auziari» aurre egiteko eskatu du EAJk

Xabier Martin

Pedro Sanchezi «legegintzaldiaren aukera alferrik galtzea» aurpegiratu dio Aitor Estebanek. EH Bilduk «ez du ezer ospatzeko»

Alda elkarteak alokairuaren inguruan antolaturiko konferentzia bat, azaroaren 21ean, Baionan. ©Guillaume Fauveau

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...