Gipuzkoan hiru sexu eraso egin izana ukatu du auzipetu batek

Akusatuak esan du Errumanian zegoela sexu erasoak gertatzean. 12 eta 9 urteko bi zigor ezarriak ditu aurretik beste bi bortxaketengatik

Sexu erasoa salatzeko protesta Tolosan, 2013an. GORKA RUBIO / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Donostian gizon bat epaitzen hasi ziren atzo Gipuzkoako Auzitegiko Hirugarren Atalean, hiru sexu eraso egiteagatik, Tolosan, Anoetan eta Andoainen. Akusatuak bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun die, eta ukatu egin ditu egozten dizkioten delitu guztiak. Izan ere, gizonak esan du egotzi dizkioten sexu erasoak gertatu zirenean Errumanian zegoela bere ama bisitatzen. Joan den urtarrilean epaitu zuten Beasainen eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa) bi emakume bortxatzeagatik, eta 12 eta 9 urteko bi zigor ezarri zizkioten. Zaballan (Araba) dago preso.

2012 eta 2013 bitartean gertatu ziren leporatzen dizkioten sexu erasoak. Bi emakume bortxatzen saiatzea eta bortxaketa bat egozten diote, eta biktimen defentsak 29 urteko kartzela zigorra eskatu du auzipetuarentzat; fiskaltzak, berriz, 28 urtekoa.

Salatzaileek diotenez, hiru erasoak abuztuan eta irailean jazo ziren; gizonak, berriz, esan du ezinezkoa dela berak egin izana, urtero hilabete horietan Errumanian egoten delako ama bisitatzen, eta gehitu du garai horretan Gipuzkoan zegoen bere familiakide bakarra bere anaia zela. Hala ere, hiru kasuetan auzipetuaren DNA arrastoak azaldu dira. Biktimen abokatuak, Clara Campoamor elkarteko Cristina Ramosek, adierazi du froga horiek garbi uzten dutela bera izan zela erasotzailea, eta auzipetuaren eta bere defentsaren estrategia aldaketa «harrigarria» dela.

Izan ere, joan den urtarrilean epaitu zuten gizon bera Beasainen eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa) bi emakume bortxatzeagatik, eta 12 eta 9 urteko bi zigor ezarri zizkioten. Epaiketa horretan erasoak egin izana onartu zuen gizonak, baina adierazi zuen ez zela horretaz gogoratzen, alkohol eta droga kontsumoagatik.

Sexu erasoa Iruñean

Iruñeko Udaltzaingoa larunbat gauean izandako sexu eraso bat ikertzen ari da, Iruñeko Udalak adierazi duenaren arabera. Udaleko talde politiko guztiek aho batez gaitzetsi dute erasoa, eta «erabateko babesa» adierazi diote biktimari, baita bere inguruari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.