Pastor
DARWIN ETA GU

Pitxer bat ur

2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Igandea da. Bilboko Alde Zaharreko taberna ezagun batean sartu da gizona. Bi kafesne eskatu ditu. Zerbitzariak euskaraz ez dakiela erantzun dio. Espainieraz egiteko. Euskaraz hitz batzuk azaldu dizkio gizonak, hurrengo batean hobeto uler dezan. Barraren beste aldean dagoenak zakar erantzun du: «No tengo obligación de saber euskera y no quiero aprenderlo». Horrela. Two coffees eskatu balizkiote, hain oldarkor erantzungo zuen pertsona horrek? Bezeroak Kontsumobideren erreklamazio-orria eskatu du kexa Kontsumoko Euskal Institutuari helarazteko.

Zerbitzariak ez du euskara ikasi nahi. Kafesne, kafe huts edo garagardo bezalako hitz xinpleak ere ez. Ez dago «behartuta». Baliteke pertsona horrek seme-alabak ere euskararen bidetik kanpo uztea. Horrela erreproduzitu eta betikotu egingo da ezjakintasunaren katea. Eta mespretxuarena. Ez da ezer gertatuko. Gure ordenamendu juridikoak bidea emango die langile hari eta haren moduko jendeari horrela jokatzen segitzeko. Etorkizunean hala izaten segituko du? Haren seme-alaben seme-alabak ere ez dira euskaraz egiteko gai izango? Areago: euskaraz komunikatzeko batere gogorik ez dute izango, hemen jaio eta hemen bizi arren? Zergatik?

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak hautsak harrotu ditu asteon. Arrazoia? Ez da bakarra izan, baina hizkuntzari dagokionak eragin du kezka nagusia. Hizkuntza hori euskara da, noski. Herri honetan ez da eztabaidarik pizten sistemak espainiera irakasteko modu egokia eskaintzen ez duelako edo, demagun, ingelesa barik frantsesa edo beste hizkuntzaren bat ikasteko aukerarik ez dagoelako. Ni ez nago ingelesa ikastearen kontra, ezta hurrik eman ere, baina atentzioa ematen dit kontuak.

Izan ere, gurasoek soilik euskararen kasuan dute seme-alabak hizkuntza bat ikastetik salbuetsita egoteko eskubidea. Espainieraren edo ingelesaren kasuan, ez. Gustatu edo ez, umeek biak ala biak ikasi behar dituzte. Ea zer gertatuko litzatekeen matrikulazio garaian guraso batek esango balu bere haurrek ez dutela ingelesa ikasiko, alemaniera ikasteko eskubidea dutela, ez ingelesa, amona Berlingoa dutelako.

Tristea da, baina hemen, Euskal Herrian, oraindik ere guraso batek aukera eta eskubidea ditu bere umeei euskara ezagutzeko eta ikasteko atea ixteko. Baliteke erabaki hori etorkizunean haurraren kaltean izatea. Lanpostu jakin batean jarduteko, adibidez. Berdin dio. Hain itsuturik dago, non hori ere ez zaion buruan sartzen. Guk euskararen alde egiten badugu, eraikuntza nazionala egiten ari garela leporatzen digute. Haiek zertan ari dira, bada, euskararen aurka azaltzen direnean? Zer eraikuntza nazional egiten jardun dute azken mende eta urteetan? Zertan ari dira egun ere?

Orain arte bezala segitu nahi dute, gaurko sistemak euskara ikastea bermatzen ez duela jakin arren: D ereduak ez beti; B ereduak ia inoiz ez; A ereduak sekula santan. Unibertsitatera joan arte azken eredu horretan ikasi zuen ikasle gasteiztar bati esaldi hau entzun nion, euskaraz: «Lagun bat etorri da». Eta jarraian: «Ez, ez, laguna bat!». Zuzendu egin nion, modu onean: «Ez da laguna bat esaten, lagun bat baizik». Eta berak, xalo-xalo. «Laguna bat. Emakumezkoa da!». Halaxe.

Kontsumitzaileen eskubideak gehiago babesteko arau berriak onartu ditu Eusko Legebiltzarrak. Oinarrizko zerbitzuetan, esaterako,—ura, argindarra, gasa...— konpainiek hilabeteko epea eman beharko dute balizko arazoak konpontzeko, zerbitzua eten aurretik. Beste alde batetik, etxez etxeko salmenta ez da orain arte legez egingo: 48 ordu lehenago lotu beharko da, gutxienez. Jatetxeek txorrotako ura eman beharko diete bezeroei, horiek eskatuz gero. Doan. Hortaz, ura edateko eskubidea izango dugu. «Una jarra de agua» eskatzen badugu, behintzat. «Pitxer bat ur» esanez gero, ezin jakin. Kontsumobidek ez digu bermatzen zerbitzariak ura emango digunik. Eskubidea izango dugu kexatzeko, hori bai. Igandean Bilbon bi kafesne eskatu zituen gizonak bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.