Europak ez du erreskate ontzi bat ere izango Mediterraneoan

Europako Batasunak Sophia operazioa sei hilabetez luzatu du, baina praktikan airez baino ez du ikuskatuko migratzaileen zeharkaldia

Kristina Berasain Tristan.
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Mediterraneoan gertatzen ari den dramari ez ikusiarena egiten ari zaizkio estatu kideak; izan ere, iheslarien zeharkaldia lekukorik gabe dago, eta aurrerantzean ez da egongo erreskateak egiteko ontzi bakar bat ere itsasoan. Europako Batasunak Sophia operazioa beste sei hilabetez luzatzea erabaki du, baina praktikan airez baino ez du ikuskatuko itsasoa.

Abenduan, orduan ere in extremis, hiru hilabetez luzatu zutenheldu den igandean amaitzekoa zen misioa, eta atzo, bi eguneko atzerapenarekin, erabaki lauso bezain hutsala hartu zuten. Maja Kocijancic EBko Atzerri gaietarako bozeramaileak berak ezbaian jarri du estatu kideek operazioa moldatzeko hartutako erabakia: «Sophia operazioa itsas operazio bat da, eta ontzirik gabe ezingo du mandatua eraginkortasunez bete, baina hori da estatu kideek hartu duten erabakia». Erabakia «behin-behinekoa» dela zehaztu du Kocijancicek.

Ontziak lehorreratzeko porturik ez izatean dago korapiloa. Matteo Salvini Italiako Barne ministroak porturatzeko debekua ezarri die erreskateak egiten dituzten ontziei, eta estatu kideak ez daude prest erreskatatutako migratzaileak banatzeko.

Misio polemikoa

Sophia operazioa 2015ean jarri zuten martxan, berez pertsonekin trafikatzen duten mafiak eragozteko, eta, urteotan eraginkortasun mugatua izan badu ere—44.916 lagun erreskatatu ditu—, duela bi urte hartutako neurri polemiko batek eragin zituen kritika zorrotzenak. Misioak Libiako kostazainak trebatzeari ekin zion, nahiz eta ordurako gobernuz kanpoko hainbat erakundek ohartarazia zuten herrialde hartan ez zirela immigranteen giza eskubideak errespetatzen. Kostazainen jarrera ere auzitan zegoen; izan ere, behin baino gehiagotan trabatu zituzten gobernuz kanpoko ontzien erreskateak.

Egun, Mediterraneoan ez dago gobernuz kanpoko ontzirik ere. Eta hilen zerrenda luzatuz doa. Italiara eta Lesbosera heldu asmo zuten bi ontzi hondoratu eta lau emakume eta haur bat hil ziren atzo. Beste zazpi lagun desagertuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.