Pastor
DARWIN ETA GU

Azaroa da arazoa

2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Euskara berreskuratzeko erabakia hartu zuen gaztetan. Gurasoek ez zioten transmititu eta bera horretan hasi zen. Hauxe galdetu zion bere buruari: «Ingelesa ala euskara ikasiko dut?». Eta euskara ikasteari ekin zion. «Euskara hemengo hizkuntza da; ingelesa, ez». Horixe izan zen haren argudio bakarra. Egun, bikain mintzatzen da euskaraz. Irakaslea da EHUn.

Ingelesa ikasten hasi zen gero, baina ingelesez ez du euskaraz bezain ondo egiten. Hala ere, ez da damu hasieran ingelesa baztertu izanaz. Nire lagunak ez du ulertzen zergatik zenbait lanpostutan jarduteko euskaraz jakitea eskatzen den, eta zergatik ez den hain zorrotz jokatzen ardura handiagoko karguetan. Bi kasu aipatu dizkit, adibide gisa: EITBko zuzendari nagusiarena eta EHUko errektore berria izateko hautagaiarena.

Euskaraldia hasi baino hiru aste lehenago jakin genuen nor izango zen EITBko buru berria: Andoni Aldekoa. EAJk eta PSE-EEk hura hautatu ondoren heldu zen erakunde publikoko erredakzio kontseiluaren kexa. Haren ustez, Aldekoak ez du euskara menperatzen. Hori «ezinbestekoa» da halako kargu batean egoteko: «Zuzendari nagusiak menperatu egin behar ditu EITBk kanpora eta barrura begira erabiltzen dituen hizkuntzak».

Euskaraldia hasia dela aukeratuko dute EHUko errektore berria. Eva Ferreira dugu hautagai bakarra. Ferreira ez da gai euskaraz karguak eskatzen duen mailan mintzatzeko, euskaraz ondo komunikatzeko. Azken hiru errektoreek jorratutako bidea apurtuko du horrela. Alde horretatik, ia 20 urte egingo dugu atzera.

Non dago ekologismo linguistikoa? Nola egingo dituzte bilerak EITBn edo EHUn, bertan goreneko arduradun nagusia dagoela? Nola mintzatuko dira Aldekoa eta Ferreira hango profesional eta langile euskaldunekin? Ez da aztia izan behar erantzuna jakiteko: euskaraz ez dakienak, euskaraz moldatzen ez denak, normalean arrastaka eramaten gaitu euskaldunok erosoen dagoen eremu linguistikora: erdararen esparrura.

EITBko zuzendari nagusia edo EHUko errektorea izan daiteke 2020. urtean euskaraz ondo egin barik? Bai, noski. EAE is different. Erakunde horietako buru berriek euskara maila hobetzen segitzeko asmoa agertzeak ez du funtsezko arazoa konpontzen. Euskarak errespetu eta prestigio handiagoak merezi ditu. Euskaldunok ere bai. BBCn edo Oxfordeko Unibertsitatean ez dute belarriprest bat aukeratzen goreneko karguan aritzeko, ahobizi bat baizik —belarriprest guztiek merezi duten errespetuaz esanda—.

Euskarak lekua izaten segituko du EITBn eta EHUn. Unibertsitatean euskarazko eskaintza handitzeko asmoa agertu dute. Nola, baina? Euskara ikasteko motibazioari buruz hitz egiten da sarri, baina gutxitan aipatzen dugu euskararekiko atxikimendua. Zertarako ikastera motibatu, atxikimendurik ez badago eta hizkuntza baztertzen bada? Karreran meritu bat gehiago izateko? Nire lagunak ez bezala, irakasle batzuek ingelesaren edo beste hizkuntza baten aldeko apustua egin dute. Euskara zertarako da, ba? Etxean ibiltzeko. Eta curriculuma puzteko.

Atxikimendu linguistikorik eza azaltzen duen gertakaria bizi izan dute aurten Pompeu Fabra Unibertsitatean. Katalanez ez egiteko (ustezko) eskubideaz baliatu da irakasle bat espainieraz irakasteko. Eskolak katalanez eman behar zituen, baina gazteleraz «erosoago» sentitzen dela adierazi du. Halaxe. Ikasle bat kexatu egin da, eta ezustekoa: beste ikasle batzuek bat egin dute... irakaslearekin.

Inoiz ikusiko dugu halakorik EHUn? Ez nintzateke harrituko. Gero eta irakasle elebidun gehiago daude, baina zalantzazkoada euskararen ezagutza frogatzen omen duen agiriak kalitatea bermatzen ote duen. Ondorioa? Ikasle euskaldunak zoratuegiten dira. Eta galdetzen dute eskolak euskaraz emateko agiriak tonbola batean banatzen ote dituzten. Irakasleak euskaraz egiteko gaitasunik ez duelako. Arrastaka eta arrakasta nahasten dituelako. Edo azaroa eta arazoa —benetako adibideak dira—.Bai, orain azaroa izango daarazoa. Hori gustua, balitz abuztua!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.