Albistea entzun

ANALISIA

Eskoziako erreferenduma Auzitegi Gorenean

Eskoziaren independentziaren aldeko hainbat ekitaldi egin dira urteotan. Irudian, 2018ko abuztuan Glasgown eginikoa; 35.000 herritarrek parte hartu zuten.
Eskoziaren independentziaren aldeko hainbat ekitaldi egin dira urteotan. Irudian, 2018ko abuztuan Glasgown eginikoa; 35.000 herritarrek parte hartu zuten. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2022ko abuztuak 11

Erresuma Batuko Gobernuak baimenik emango ez duela jakitun dagoela, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak bigarren independentzia erreferenduma egiteko lege proiektua aurkeztu zuen, iragan ekainean. Horrek eztabaidaren erdigunera ekarri zuen, berriz ere, galdera garrantzitsu bat: Eskoziako Parlamentuak ba al du eskumenik independentzia erreferendum bati buruzko legeak egiteko?

Ia mende laurden pasatu da Eskoziak autonomia lortu zuenetik. Urte hauetan guztietan asko eztabaidatu da afera horretaz, baina, iritziez harago, inork ez du auzia konpontzeko erantzun sendorik eman. Duela hamar bat urte, galdeketa bat egiteari buruzko auzia modu negoziatuan konpondu zuten Londresek eta Edinburgok, eta hori Edinburgoko Hitzarmenean (2012) islatu zen; egun, ordea, egoera ez da berbera, eta, azkenean, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenaren esku geratu da gatazka, Eskoziako Gobernuak hala eskatuta. Epaileek urriaren 11n eta 12an entzungo dituzte bi aldeen argudioak, eta urtearen amaieran edo datorren urtearen hasieran emango dute erabakiaren berri.

Dorothy Bain Eskoziako Gobernuaren aholkulari legal nagusiak eraman du auzia Gorenera, eta zera galdetu dio: independentzia erreferendumari buruzko lege proiektua erreserbaturiko auziekin lotuta dagoen. Erreserbaturiko auziak soilik Erresuma Batuko Parlamentuaren esku dauden eskumenak eta aferak dira; batasuna, defentsa, atzerri politika eta merkataritza, esaterako.

Eskoziaren autonomiari buruzko Eskozia Legeko 29 Sekzioaren arabera, lege proiektu bat ez litzateke indarrean sartuko zenbait kasutan: besteak beste, testu horren edozein xedapen «parlamentuaren eskumen legegiletik kanpo» balego. Eta edozein xedapen eskumen legegiletik kanpo legoke «erreserbaturiko auzi bati buruzkoa» balitz. Horiek hala, Bainek bi erreserbaturiko auzi hauez galdetu dio Gorenari: «Ingalaterrako eta Eskoziako Erreinuen Batasuna» eta «Erresuma Batuko Parlamentua».

Unionistek hainbat argudio juridiko mahaigaineratu dituzte beren jarrera defendatzeko, baina batez ere horietako bostek izango dute garrantzia. Batetik, lege proiektuko auziaren subjektuak lotura duela Ingalaterrako eta Eskoziako Erreinuen Batasuna subjektuarekin; bigarrenik, soilik Erresuma Batuko Parlamentuak egin ditzakeela herrialdearen batasunari buruzko legeak; hirugarrenik, independentziari buruzko erreferendum batek harreman «zuzena» duela erreserbaturiko auzi batekin, batasunarekin —lotura zuzena den ala ez argitzeak eragina izango du epaileen erabakian—; laugarrenik, balizko erreferendumaren helburua litzatekeela Eskozia Erresuma Batutik ateratzeko babesa biltzea; eta, azkenik, emaitza edozein dela ere, galdeketa horrek ondorio politiko nabarmenak izango lituzkeela.

Eskoziako Gobernuaren aholkulari legal nagusiak jada aztertu ditu argudio horiek, eta kontrako batzuk argitara eman ditu aldeek Gorenari auziaz bidali behar izan zizkioten txostenetan —herenegun aurkeztu zituen Londresek—. Batetik, Bainek oroitarazten du lege proiektuaren helburua dela Eskoziako herritarrek beren etorkizunaz duten iritzia zein den argitzea; hau da, galdeketa kontsulta modukoa denez, xede bakarra dela iritzi bat jasotzea.

Argudio horrekin lotzen du hurrengoa, esanda galdeketak ez duela «ondorio legalik» eragingo, eta, beraz, Eskozia automatikoki Erresuma Batutik ateratzea; Sturgeonek ideia hori helarazi zuen testua aurkeztu zuenean, eta adibidetzat jarri zuen brexit-ari buruzko erreferenduma, Erresuma Batua ez baitzen berehala irten Europako Batasunetik. Horregatik, Bainek defendatzen du ezin direla jakin zeintzuk diren kontsultak herritarren iritzia jakinarazteaz gain eragingo lituzkeen ondorio praktikoak, hori egitea «espekulatiboa eta zeharkakoa» delako; eta, beraz, ondorio horiek ez lirateke kontuan hartu beharko, haren iritziz.

Xedapenen inguruan du beste kontrako argudioa: horietako bat erreserbaturiko auzi bati buruzkoa ote den jakiteko, beharrezkoa da zehaztea zein den xedapen horren helburua; hau da, horrek izango duen eragina testuinguru guztietan. Bainek zera argudiatzen du: Eskozia Legean aipatzen diren erreserbaturiko auzien artean «Eskoziako eta Ingalaterrako Erreinuen Batasuna» dagoela, eta, beraz, argudiatu daitekeela zuzenbidearen ikuspuntutik batasun hori ordezkatua izan dela beste batekin; hau da, Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuarekin —Eskoziako Legea onartu zutenean azken hori existitzen ez zelako—. Hortaz, Eskoziako Gobernuko aholkulari legal nagusiaren arabera, Eskoziako eta Ingalaterrako Erreinuen Batasuna «errealitate historikotzat» jo liteke, eta ez «zuzenbide afera» modura; eta, beraz, Eskoziako Legea jada existitzen ez den zerbaitez ariko litzateke erreserbaturiko auziez aritzean.

Gainera, lotura «zuzenaren» aferan, Gorenean izandako beste kasu batzuk oinarri hartuta, Bainek argudiatzen du xedapenak «zuzeneko» eta «gertuko» konexioa izan behar duela erreserbaturiko auzitzat jotzeko, eta, beraz, «zeharkako» konexio batek ez duela balio ziurtatzeko erreserbaturiko auzi bat dela. Kasu honetan, uler daiteke zuzeneko konexioa batasunaren desegitea litzatekeela, eta hori ez luke eragingo baiezkoaren garaipenak, Sturgeonek berak aditzera eman zuenez.

Argudio nagusiak horiek izanik, ezinezkoa da jakitea zer erabakiko duten Goreneko epaileek. Ebazpena edozein dela ere, auziaren muina politikoa izango da oraindik ere, eta irtenbide politiko bat lortzeko helburuak bere horretan jarraituko du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Errskate zerbitzuak Kherson eskualdeko bizilagunak ebakuatzen. ©GEORGE IVANCHENKO / EFE

Gutxienez bost pertsona hil dira presa suntsitzearen ondorioz

Jone Bastida Alzuru

Zelenskik salatu du Errusiak erasoak egiten jarraitzen duela erreskate lanetan ari diren bitartean. Nazio Batuen Erakundearen arabera, presa suntsitzearen ondoriozko kalteak areagotu egingo dira datozen orduetan.

Erasoa izan den parkearen irudia. / ©Google Streat

Gizon batek zazpi ume eta heldu bat zauritu ditu labanaz Annecyn

Imanol Magro

Umeetako hiru larri daude, ospitalean. Frantziako Poliziak erasotzailea atxilotu du.

Mike Pence AEBetako presidenteorde ohia, iragan martxoan Washingtonen egindako agerraldi batean ©Jim Lo Scalzo / EFE

Mike Pence presidentegai: «Beste garai batzuek beste lidergo bat eskatzen dute»

Ander Perez Zala

AEBetako estatuburuorde ohiak iragarri du Alderdi Errepublikanoaren primarioetan lehiatuko dela. Urteotan Trumpengandik urrundu da, eta asko kritikatu du; batez ere, Kapitolioko erasoan izan zuen jarreragatik.

30 migratzaile baino gehiago, 'Nadir' gobernuz kanpoko erakundeko itsasontziak erreskatatu ostean, matzean, Lampedusan, Italian. ©Concetta Rizzo / EFE

Italiako kostazainek 1.400 bat migratzaile erreskatatu dituzte Itsaso Jonikoan

Mikel O. Iribar

Herenegun eta atzo egin zituzten operazioak, Frontexen laguntzarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.