Seulek sexu bereko bikote baten estatus juridikoa aitortu du

Hego Koreako legediak ez ditu onartzen sexu berekoen arteko ezkontzak. Bikote batek jarritako salaketaren ondorioz heldu da aitortza

Hainbat lagun, atzo, Seulen, auzitegiaren erabakia ospatzen. YONHAP / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Lehen aldiz, Hego Koreako auzitegiek ontzat eman dute sexu bereko bikote baten estatus juridikoa. Salaketa bati emandako erantzuna izan da aitortza. So Seong-wook eta Kim Yong-min 2019an ezkondu ziren, baina haien ezkontzak ez du lege baliorik, Hego Koreak ez dituelako onartzen sexu berekoen arteko ezkontzak. Duela bi urte, ordea, Sok Osasun Aseguruen Zerbitzu Nazionalaren aurkako salaketa jarri zuen, bikotekideak sexu berekoak zirela jakin ostean, Kimi mendekotasunagatik jasotzen zuen laguntza kendu ziotelako. Atzo, Seulgo Auzitegi Nagusiak ontzat eman zuen salaketa, eta ebatzi zuten sexu bereko bi pertsonez osatutako bikote bat izan arren Kimek eta Sok badutela osasun asegurua izateko eskubidea.

Garaipentzat jo du ebazpena bikotearen abokatu Ryu Minheek: «Lehen aldia da bikote homosexual baten eskubideak heterosexualenekin parekatzen dituztela». Aurrez auzitegi txikiago batek aseguru etxeei eman zien arrazoia, baina Seulgo Auzitegi Nagusiaren erabakiak indargabetu egin du ebazpen hura. Dena den, Ryuk zehaztu du aseguru etxeek Gorenera jotzeko aukera dutela oraindik. Bien bitartean, baina, Kimek mendekotasunagatik jasotzen zuen laguntza berreskuratu ahal izango du.

Oztopoak

Seulgo Auzitegi Nagusiak ez ditu publiko egin Sori eta Kimi arrazoia emateko argudioak, baina zehaztu du Hego Koreako egungo legedia «oztopo bat» dela bikote homosexualen eskubideak heterosexualenekin parekatzeko. «Berez, sexu berekoen arteko ezkontzak legeak onartzen dituen bikote heterosexualenen berdinak dira, haien oinarriak berdinak direlako, hau da, biak oinarritzen direlako behar emozional eta ekonomikoetan, eta elkarrekiko errespetuan», jaso dute epaian.

Aseguru etxeek aurreratu diote Yonhap berri agentziari helegitea jarriko diotela ebazpenari. Hala ere, erabakia goraipatu dute giza eskubideen aldeko erakundeek. Historikotzat jo du, esaterako, Amnesty Internationalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.