Kataluniako hauteskundeak

Azken mezua, etxekoentzat

Igandean garaipena lortu eta alternatiba posiblerik ez dadila egon eskatu du Pere Aragones ERCko zerrendaburuak kanpaina amaierako ekitaldian. JxCk Salvador Illaren aurka egin du

Pere Aragones (ezkerrean) eta Oriol Junqueras (eskuinean), ERCko kideak eta jarraitzaileak agurtzen. E. FONTCUBERTA / EFE.
Julen Aperribai.
Bartzelona
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Bazegoen jakin-mina ikusteko zeini zuzenduko zion ERC Esquerra Republicana de Catalunyak hauteskunde kanpainako azken mezua, eta nola bateratuko zituen kanpainan erakutsi dituen bi aurpegiak: independentisten arteko estrategia bateratuaren aldekoa, batetik, eta elkarrizketari emana eta fronte zabal bat eratzearen aldekoa, bestetik.

Bietatik izan zuen alderdiak atzo iluntzean Bartzelonako Cotxeres aretoan egindako ekitaldiak, baina, batez ere, hauteslego fidelenaren eta «errepublikanismoaren» komunitateari hitz egin zioten alderdiko buruek, eta ezkerretik egingo den errepublika baten beharra nabarmendu zuten. «Erabaki garrantzitsu bat hartu behar dugu, datorren hamarkada baldintzatuko baitute igandeko hauteskundeek», adierazi zuen Pere Aragones zerrendaburuak, eta gaineratu zuen «155.a egin zutenek ezin dutela aurrera egin». Gogor egin zuen unionismoa ordezkatzen dutenen aurka; eta, gogorren, Salvador Illaren kontra. Aragonesen arabera, «unionismoak hautagai bakarra dauka», eta Illa da hori. PSCren kanpainako mezu nagusietako bat izan da Kataluniak aro berri bat hasi behar duela, azken urteetan arazo bakar baten inguruan aritu baitira independentistak, haien ustez. Bada, horren inguruko ohartarazpena bota zien Aragonesek: «Guri ez zaigu gustatzen orriak pasatzea. Herri honek zabalik dituen orriak idatzi nahi ditugu, eta herri honen askatasuna jasoko duen liburua idatziko dugu».

Akordioen inguruan ere aritu zen, eta iradoki zuen PSCk, irabazten badu, Voxen babesa izango duela: «Illari hamaika aldiz galdetu diogu, eta ez digu erantzun. Zer dute ezkutatzeko?». Horregatik, ERCren aldeko botoa «faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako botoa» dela adierazi zuen, eta euren garaipenak «erabatekoa» izan behar duela, eskuinak inolako aukerarik izan ez dezan. «Aurreko belaunaldien memoriara» begiratzeko eskatu zien entzuleei, eta haiengatik bozkatzeko, eta baita urriaren 1ean eta 3an mobilizatu zirenengatik ere. Errepublikaranzko bidea «zaila» izango dela aitortu zuen, baina nabarmendu zuen errepublikanismoak zailtasunak handiak direnean ere tematuta egiten duela aurrera. «Hemen gaude gure independentismo errepublikanoarengatik, ezkerreko errepublika kataluniar batekin dugun konpromisoagatik», amaitu zuen.

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuak ere «errepublikanismoa» eta haren balioak azpimarratu zituen. «Beti izango gara inoiz deskantsurik hartzen ez dugunak, etsitzen ez dugunak eta borrokan jarraitzen ez dugunak». Aurreko belaunaldietako errepublikanoak gogora ekarri zituen: «Etorkizuna eta itxaropena lapurtu zizkieten. Jende hura biziko da, oraingo jendea bizi dadin; gure seme-alabak bizi daitezen. Beraiek gordeta zeramaten itxaropena guk hartuko dugu, eta beraiek lortu ez zutena lortuko dugu». Herritarrek «ezkerreko gobernu independentista bat» bermatzeko aukera dutela nabarmendu zuen, eta ez edonolakoa, haren arabera: «Munduko edozein gizarte harro egoteko moduko gobernu bat aukeratu dezakegu». Suhar amaitu zuen, eta zutik jarri zituen entzuleak.

Hala egin zuten Dolors Bassa eta Raul Romeva kontseilari ohiek ere, Junquerasen aurretik. Errepresioaren inguruan aritu ziren. «Pozik nago hemen egoteagatik, baina triste ere bai, errepresioa ez delako geratu. Presoak, erbesteratuak eta auzipetuak 3.000 baino gehiago dira», esan zuen Bassak. Tonua altxa zuen jarraian, ordea, eta errepresioari aurre egingo diotela adierazi: «Esquerrakook beti ematen dugu aurpegia edozein mehatxuren aurrean, izan errepresioa, pandemia edo beste edozeren aurrean». Preso politikoa dela nabarmendu zuen, baina ez hori bakarrik. «Sindikalista, feminista eta independentista naiz. Konbikzioa eta determinazioa dira nire oinarriak».

Romeva kataluniarren «ongizate kolektiboaz aritu zen, eta ongizate horrek «errepublika forma» izan behar duela erantsi. Hori lortzeko, sakrifizioa beharko dela aitortu zuen, eta presoen kasua jarri zuen adibidetzat. Espetxeko hirugarren gradua eskuratu izana albiste pozgarria dela esan zuen: «Ohorea da askatasun pertsonala lortzea, askatasun kolektiboa lortzeko bada».

Hauteslego konbentzituenari bideratutako ekitaldia izan zen, haren botoa mugiaraztekoa. Hala ere, kanpainan hainbatetan aipatu duten «fronte zabalaz» ere aritu ziren hizlariak.

JxCk, Illa jopuntuan

Jende askoz gutxiago bildu zuen Junts per Catalunyak, kanpaina amaierako ekitaldian, telematikoki egiteari eman baitzioten garrantzia. Hala konektatu zen Carles Puigdemont Kataluniako presidenteohia, Belgikatik. Hauteskundeak Laura Borras zerrendaburuaren edo Illaren aldera joango direla esan zuen Puigdemontek, eta horregatik Borrasentzako botoa eskatu zuen. Illari leporatu zion kataluniar guztien agintari papera hartu nahi izana: «Zein kataluniarrentzat gobernatu nahi du Illak? Izatekotan, gobernatu nahiko du kartzelara, erbestera edo auzitegietara bidali ez dituen horientzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.