Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Hazka

2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Edaten ari naizen kafea mikaztu egin zait katilura iritsi bitartean kafe-aleek egin duten bidaiaz jabetu naizenean. Autoa hartu dut ondoren lanera joateko, eta semaforoan gurutzatu zait Bizkaibuseko autobusa, erdi hutsik doana ordutegi eskasak dituelako eskualdearen beharrizanei erantzuteko. Aspaldi utzi nion haragia jateari, baina Almeriako negutegietako zaporea duen tomate-entsaladaren aurrean deseroso nagoela pentsatu dut, plastikozko sardexka ahora eramaten dudan bitartean. Pentsakor geratu naiz, eta, neure burua zuritze aldera edo, zera otu zait: nik neuk behintzat asko pentsatzen dudala gure ekintzek inguruan duten inpaktuaz, beste askok baino gehiago seguruenik. Gaitzerdi. Pentsatzeak planetaren batez besteko tenperaturari eusteko balio izango balu sikiera...

Madrilen egiten ari den COP25 klima-aldaketari buruzko goi-bileraren kariaz, egunero jasotzen ditugu planetari gertatzen zaionaren berri apurrak. Erpurutxoren gisan, erraza da hondar horiek guztiek marrazten duten bidean abiatzea eta helmugan zain dugun patua aurresatea. Garai batean uste izaten nuen hartz zuri gaixoen auzia zela hori guztia, larria izanik ere, gure eguneroko erosokeriatik oso aparte geratzen zen zerbait, izatekotan. Etxe inguruko zuhaitzen loratze zoroak esaten dit, baina, gerturatu egin zaigula izurritea.

Itsua behar du batek, edoAEBetako presidentea izan, ebidentzien aurrean ez ikusiarena egiteko. Zenbait hedabidetan hitz berriak aukeratuz adierazi digute: klimaren aldaketari buruz hitz egiteari utzi, eta klima larrialdiaz dihardute. Bigarren hautu hori zuzenagoa da lehena baino, eta, hala ere, koskatxoren bat falta zaiola esango nuke: arrisku-aldi bat iradokitzen du larrialdi berbak, hasi eta buka egiten den zerbait, eta ez da hau kasua. Edonola ere, askoz errazagoa zaigu aldi baterako aldaketak ulertzea zerbait berria (ez derrigor hobea) ekarriko duen eraldaketaz jabetzea baino.

COP25en parte hartzen ari diren agintariek neurriak hartuko dituzten (edo ez dituzten) bitartean, kafea hartuko dut, nire diesel autoarekin makina bat kilometro egin eta plastiko andana pilatuko dut etxean, biltontzi horia lepo betetzeko adina. Kontraesanek deseroso sentiarazten gaituzte, ez zaigulako batere gustatzen inkoherente garela erakustea: kontraesanek garenaren ispiluaren aurrean jartzen gaituzte eta hantxe ageri gara, itsusi eta markets.

Greta Thunberg gazte suediarrak aurrez aurre jarri digun ispiluan oso argi ageri da gure ezerosotasuna. Mugimendu horren jatortasunaz eta zintzotasunaz zalantzak izatea ulergarria bada ere, argigarria da ad hominem oldartu izana, eta horrek argi erakusten du urduri jartzen gaituela mezuak, eta, horri izkin egiteko edo, mezulariaren jirabiran jartzen dugu atentzioa.

Idatzi gabeko arau asko apurtzen ditu gazte horrek, eta susmagarria zaigu. Gaztea da eta boterea kudeatzen duten helduen plazara eraman du bere ahotsa. Emakumea da eta boterea kudeatzen duten gizonen plazaren erdian altxatu da. Aspergerren sindromea du eta arauzkoa ez den guztia gutxietsi, ezkutatu eta ukatzera bideratzen gaituen balizko normaltasunaren erdian argi-fokua bereganatu du. Pasioz eta pasiotik hitz egiten du zuzentasun formalaren gainetik; hunkitu egiten da sentimenduak gordean eraman behar direla erakutsi digutenen aurrean. Planeta akabatzen ari garela salatzera joan da gure bizitzeko modu jasanezin hau jasangarria izan daitekeela sinetsarazi nahi digun sistemaren erdi-erdira. Hazka egiten ari da zornaturiko zaurian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.