Tikhanovskaia atxilotzeko agindu du Bielorrusiak

Herrialdearen segurtasuna «arriskuan» jartzea egozten diote oposizioko buruari. Errusiak ere hura atxilotzeko agindua eman du

Svetlana Tikhanovskaia, Bratislavan, Eslovakian. JAKUB GAVLAK / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Abuztuko presidentetzarako bozetan Bielorrusiako oposizioaren hautagai izan zen Svetlana Tikhanovskaia atxilotzeko agindua eman zuten atzo Minskek eta Moskuk, «ordena konstituzionala arriskuan» jartzea egotzita. Bozak egin eta gutxira, Lituaniara ihes egin zuen Tikhanovskaiak, eta han dago oraindik ere. Baina atxilotze agindua indarrean dela Bielorrusiara edo Errusiara sartzen bada, atxilotu egingo dute, eta bost urtera arteko kartzela zigorra ezarri.

Lituaniara ihes egin zuenetik, EB Europako Batasuneko buruzagiekin eta nazioarteko ordezkariekin bildu da Tikhanovskaia, babes bila; atzo bertan Kanadako Atzerri ministro François-Philippe Champagnerekin bildu zen. Horretaz gain, eta oposizioko buruzagi guztiak atxilo edo erbestean dauden arren, Bielorrusian asteburuero egiten dituzte Aleksandr Lukaxenko presidentearen aurkako manifestazioak. Aste honetan, baina, oposizioak urrats bat gehiago egin du, eta ohartarazi dio Lukaxenkoren gobernuari, urriaren 25a baino lehen dimisioa ematen ez badu, greba orokorrerako deia egingo dutela egun horretarako.

Tikhanovskaiaren bozeramaile Anna Krasulinaren esanetan, jakina da Lukaxenkok «legez besteko tresnak» baliatu dituela botereari eusteko: «Inor ez zen harritu bozetan iruzurra egin zuenean. Lukaxenkorengandik espero zitekeen zerbait zen».

Atxiloketak

Bielorrusiako iturri ofizialek zenbaki zehatzik eman ez badute ere, oposizioaren arabera, 13.000 manifestari atxilotu dituzte abuztuan protestak hasi zituztenetik. Atxilotuetako askok soilik ordu batzuk egin dituzte preso, baina tarte horretan tratu txarrak jasan dituztela salatu dute gehienek.

Joan den igandeko manifestazioetan, esaterako, 713 lagun atxilotu zituzten, eta gobernuak ohartarazi zuen aurrerantzean «benetako jaurtigaiak» erabiliko zituela protestarien aurka. Barne Ministerioak iragarri zuen segurtasun indarrek «kaleak zaintzen» jarraituko dutela, eta «behar izanez gero» indarra baliatuko zutela manifestarien aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.