ander perez zala
ANALISIA

Eric Zemmour: nor, zergatik, zertarako?

2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Presidentegai dela baieztatzeko bideoan, Eric Zemmour polemista ultraeskuindarra eserita ageri da, irratiko mikrofono bat aurrean duela, liburutegi bat atzean duela eta Ludwig van Beethovenen 9. sinfonia entzun daitekeela. Gutxi batzuetan begiratzen dio kamerari, eskuen artean dituen orrialdeak irakurtzen ari baita. Antzezpenak ezer ezagunetik badu inorentzat, ez dabil oker, erreferentzia disimulurik gabea baita: Charles de Gaulle jeneralak 1940an Londrestik eginiko agerraldia imitatu du Zemmourrek. Forman, eta edukian, mezua patriotikoa baita.

Hautagaia ofizialki sartu da Frantziako presidentetzarako bozen kanpainan. Egia da pausoa ez duela unerik hoberenean eman, inkestetan behera ari baita (%18tik %13ra); adierazpen eta keinu polemikoak ugaritu egin baititu azken egunotan; eta haren babesetako batzuek alde egin baitute. Halere, Zemmour kontuan hartzeko moduko hautagaia bilakatu da, protagonista izateko baliabideak dituena eta gaiak —immigrazioa, segurtasuna eta identitatea—inposatzeko gaitasuna duena.

Ziurrenik, polemista da hura deskribatzeko hitzik egokiena, baina Zemmour harago ere badoa: erreakzionarioa da, homofoboa, arrazista, xenofoboa...

Hona hemen Zemmourren adierazpen bat: «Gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala ez da existitzen. Emakumeek modu askean egiten dute gutxiago ordaintzen duten lanpostuak izateko hautua». Beste bat: «LGTB militanteek ez dute ezer egiterik ikastetxeetan. Propaganda da». Eta nire gustukoena: «Niri iruditzen zait Italia iparraldeak frantsesa izan beharko lukeela. Ez dago desberdintasunik Nizaren eta Milanen artean. Hori guztia herri berbera da, hiri berbera, arkitektura berbera, gogo aldarte berbera».

Haren ibilbide politiko laburra espero gabeko fenomenoa bilakatu da, egun duen hedaduragatik. Hori kontuan harturik: dinamika elektoral batean dago jada, ala oraindik ez? Iraungo al du datorren urteko apirilera arte ala bidean airea galduko al du, asteotako joerak iradoki duenez? Hori da argitzeke dagoena, eta hori izango da hilabeteotako gakoa. Baina, bitarterako, eta Zemmourrek duen indarra eta eragina ikusirik, nahitaezkoa bilakatu da nor den eta zer nahi duen ulertzea, eta haren hautagaitza serioski hartzea.

Eskuin muturraren hautagai berria nazioarteko hainbat politikarirekin konparatu dute. Estiloagatik, oinarri elektoralagatik eta ideologiagatik, Thierry Baudet Herbehereetako Demokraziarako Foroaren buruaren antz handia du, baina egiten ari den ibilbideak asko du Donald Trumpek 2015-2016 artean egin zuenetik.

Hau da: polarizatzea, eztabaida etengabeak sortzea, programa argirik ez izatea, diskurtso katastrofikoa izatea eta emozioetara jotzea. Gainera, Trumpek bezala, politikari ez denaren estatusa erabiltzen du indargune gisa, eta ez du horiek bezala hitz egiten. Eta, AEBetakoaren modura, arrakasta hedabideen errua ere bada, munstro mediatiko bat baita.

Zemmourrek deskribatzen duen Frantzia «gainbeherarena» da, ia apokaliptikoa eta gerra zibilean dagoena —zeinen artekoa den, hori ez du inoiz azaldu—. Haren liburu batzuen izenak aztertzea besterik ez dago: Le Premier Sexe (Lehen sexua), Le Suicide Français (Frantziar suizidioa), Destin Français (Patu frantziarra) eta La France n'a pas dit son derniermot (Frantziak ez du esan bere azken hitza). Azken horrek erakusten du zein den Zemmourren beste indarguneetako bat: ortzi mugan badela itxaropenik, Frantzia bere mamira itzul daitekeela. Noski, hari esker.

Labur esanda, obra horietan hau defendatu du: gizartea «feminizatu» egin dela; Frantziaren «gainbehera» 68ko Maiatzean hasi zela, «matriarkatua, gay indarra, bere buruarekiko gorrotoa eta immigratzaileen lehentasuna» oinarri dituen gizarte bat «finkatu» zuelakoan; eta Philippe Petain mariskalaren aginte kolaborazionista (1940-1944) ez zela hain txarra izan.

Finean, Zemmour ultraeskuindarra da, baina haren hautagaitzak hainbat eskuin biltzen ditu: kontserbadoreak, neofaxistak, supremazistak, antisemitak, monarkiaren aldekoak, Ordezkatze Handiaren defendatzaileak —Europako biztanleria europarra ez den beste batekin ordezkatzen ari direla defendatzen duen konspirazio teoria bat da—... Eskuinaren parte bat konbentzitzeaz gain, presidentegaiak eskuin muturraren sektore guztiak elkartzea lor dezake; alegia, orain arte inork lortu ez duena. Ezta Marine le Penek ere.

Hortaz, zeintzuk dira konbentzitu (nahi) dituen herritarrak? Batetik, periferietako klase popularrak, eta, bestetik, eskuin kontserbadoreko burgesia.

Gehienak Le Penen Batasun Nazionaletik (%35), LR Errepublikanoetatik (%25), abstentziotik (%19) eta Nicolas Dupont-Aignanen hautagaitzatik (%7) atera ditu. Oro har, gizonak dira —geroz eta zaharragoak, orduan eta babes handiagoa du—; «erdi mailako klasekoak» eta «erdiko-goiko klasekoak»; politikan interesa dutenak; «egiazko aldaketa sozial eta politiko bat» nahi dutenak; «ezkorrak» direnak beren egoeraz aritzean; eta kezkatzat «immigrazioa» dutenak, Jean-Jaures fundazioaren arabera.

Zemmourrek zorigaiztoan eta eliteen traizioan oinarritzen du Frantziaren egoera. Horretan, Jean-Marie le Penen —Fronte Nazionalaren sortzailearen— antza ere badu, «immigrazionismoarekiko» obsesioagatik eta arraza gorrotoarengatik; Mathieu Souquiere adituak azaldu bezala, «badirudi 2022an Le Pen aita eta alaba» izango direla lehian.

Ez da ahaztu behar Zemmour alderdien ibilbidearen ondorio ere badela: Alderdi Sozialistarena, sozialdemokraziatik aldendu zelako eta oinarri elektorala atsekabetu duelako; Emmanuel Macronena, neurri neoliberalengatik, eta islama erabili duelako aitzakia gisa herritarren eta batez ere musulmanen eskubideen kontra egiteko. Baita LR-rena ere, uste baitu eskuin muturraren ideietara hurbiltzeak ultraeskuindarren gorakada geldituko duela.

Egoera horretan, gauza bat argi dago. Zemmour mehatxu bat izango da hauek betetzen badira: huraz asko hitz egiten badute, eta tokia ematen badiote; kanpainan agenda finkatzen uzten badiote; eta eskuin muturreko beste hautagaiak (are gehiago) normalizatzea eragiten badu.

Izan ere, Le Peni ongi datorkio polemistaren hautagaitza, bere alderdia —Batasun Nazionala— zuritzeko estrategian laguntzen baitio. Eta zer esanik ez Macroni, Zemmourrek zatitu egiten baitu ultraeskuinaren botoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.