Noiz sortua: 2020-06-25 00:30:00

ARKUPEAN

Satorrak

Pilar Kaltzada -

2020ko ekainak 25

Lur-zati txiki bat dugu gurean, hantustez edo, jardina esaten dioguna. Erreka bazterrean dago, eta aurten jakin dugu satorrek bereziki atsegin dutela hezetasun-gune hori: egun batetik bestera, sator-zuloz bete zaigu berdegunea. Bat-batean izan da, gu ohartu gabe, haien lana ikusezina baita begi hutsez. Balizko orekaren atzealdea da, disko zaharretan bezala, errealitateak ere B alde ezkutu bat duela erakutsi diguna. Agerikoa den bakarra lurrazaleko tontortxoak dira, eta gutxi esaten dute azpian gertatzen denaz, ez bada han zerbait dagoela, gure kontroletik kanpo sortu eta zabalduz joan dena. Inguruko baserritarrei galdetu diegu zer egin honekin, baina ez dugu soluziobide argirik jaso. Batzuek tontortxoak nola desagerrarazi esan digute eta beste batzuek, berriz, lur azpiko kalapita hori dela emendatu behar dena. Lehenak berehalako emaitzak emango dizkigu, baina ez du oinarrian datzan desmasia konpontzen, eta bigarrenak epe ertain edo luzera izan lezake emaitza, baina guk berehala nahi dugu. Zalantza egiten dugun bitartean, gaur goizean zulo berri gehiago azaldu dira.

Koronabirusaren pandemiak makina bat tontortxo sortu ditu gurean, eta lanean ari dira lanean ari direnak gauzak lehengoratzeko. Krisiari aurre egin behar zaiola diote (nork esan lezake kontrakoa?), baina oraindik ez dakigu nola, zer egiten eta zer egiteari utzita, biak ala biak behar izango baitira. Itsura ari gara gure errealitatearen hauskortasuna agerian laga duten satorren kontra.

Egingo dugunak eta egingo ez dugunak gure etorkizunaren ingerada marraztuko dute, maiz ahaztu egiten bazaigu ere, ez baitago etorkizun bat eta bakarra. Batzuek lehengo molde berberera itzultzea nahi dute, gure bizitza Txinan gaixotasun berri baten zantzurik ez zegoen 2019ko abendura, adibidez. Zaila (edo ezinezkoa) dirudi atzera jenioa botilan sartzeak behin gure zaurgarritasunaz ohartu garenean, eta, gainera, traumak eta dramak urteak behar izango dituzte arintzeko. Jakin beharko genuke hori, ez baita lehen aldia: izuaren krisia bizi izan genuen 2001. urtean, finantzena 2008an eta migrazio eta populismorena nagusitu zen 2016an. Osasunaren krisi honek adar berri bat ireki du lur azpiko krisien labirintoan eta guztiaren baturak iradoki lezake etengabe abailtzeko zorian gaudela, beti amildegiaren ertzean ez erortzeko ahaleginak egiten. Hau da, krisia ez dela salbuespena, eta gurea etengabeko larrialdien aroa izango dela.

Erantzun azkarrak behar ditugu: neurriak behar dira eraginik bortitzenak gelditu edo biguntzeko, baina alferrik izango da hori, ez bada luzera begira lan egiten, ez badira arrakalak estaltzeko neurri zehatzak hartzen. Tempoak egoki bereizi behar ditugu, eta etapa desberdinetan jomuga desberdinak ezarri: epe laburrera eutsi behar diogu, ertainera indartu egin behar gara eta luzera satorrek atsegin izango ez duten ingurune aproposa sortu behar dugu, bizigarria izango dena denontzat.

Nola egin aurre desberdintasunen labirintoan jatorria duen askotariko krisi honi? Nortzuek parte hartu behar dute plana diseinatuko duen estrategian? Nola gobernatu? Izango garena, neurri handian, galdera horiei emango dizkiegun erantzunen baitan dago. Krisiari zentzu kolektiboa emateko eta etorkizun hobe baterako ideiak aztertzeko aukera dugu; ez, ordea, desafiorik gabea. Arriskurik handiena ez da asmatzea edo batere ez asmatzea, aurrez aurre dugun errealitateaz jabetu gabe erantzutea baizik. Tontortxo horien artean inolako loturarik ez balego bezala, satorrarena egitea, alegia.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Osakidetzako langile bat Txagorritxuko laborategi batean lanean. ©Gorka Rubio, Foku

Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak arriskuan jarri dituela langileak

Ainhoa Larretxea Agirre

ESK sindikatuak aurkeztu zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa. Sindikatuak Nekane Murga Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du. 

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. ©JON URBE/ FOKU

Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Irati Urdalleta Lete

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna