Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Txinatarrei mesfidantzaz, berriz

2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Egunotan Txina dugu berriz protagonista komunikabideetan, eta, nola ez, tituluak dramatikoak dira: «Erabateko kaosa Txinako ospitaleetan»; «Txinako kutsapen oldea dela eta, kontuz ibiltzeko beharra adierazi du Osasunaren Mundu Erakundeak», eta abar. Beldur justifikatu batetik jarrera sinofoboetara pauso txikitxo bat dago. Pandemiaren hasieran bezalaxe hasiko da estatuan jendea asiarrei mesfidantzaz begiratzen, ez ote duten COVID-19aren aldaera berri bat ekarriko.

Komunikabide sentsazionalistek egiten dutenak, noski, ez du lasaitasuna bermatzen laguntzen. Hasi dira Madrilgo aireportura iristen diren txinatarren irudiak biltzen: bidaia luzearen ostean kazetariekin hitz egiteko gogorik ez duenak «egia esateko beldurra duela»-edo esango dute; «egoera nolakoa den orain Txinan? Ona, azkenean amaitu da zero COVID estrategia» dioenaren ahots tartearen ondoren, Txinako ospitale kolapsatuen irudi dramatikoak jarriko dituzte. Behin eta berriz sumatzen den sentsazioa da: Txinan kaosa eta drama dela guztia, txinatarrak ihesi datozela, eta, Alderdi Komunistaren soldadu modukoak besterik ez direnez, esaten duten guztia gezurra dela.

Milioi bat hildako?

Ospitaleetako irudiak ez ditu inork asmatu: hor daude pasilloetan eserita dauden adinekoak, arnasgailuarekin, arreta jasotzeko zain. Baina ez al dira kaotikoak edozein ospitaletako irudiak? Adituek hiru olde espero dituzte: lehen biak hirietan izan dira, eta hurrengoa, hirugarrena, hilaren 20an izango den Urteberriko ospakizunekin iritsiko da.

Hor ikusi beharko da egoerak zenbateraino egiten duen okerrera: 80 urtetik gorakoen %40 inguru ez daude txertaturik, eta landa eremuetako ospitaleak ez daude ondo prestatuta. Adituek iragartzen dute milioi bat lagun inguru hilko direla. Hori bai, Txinaren 1.400 milioiko biztanleria kontuan hartuta, zenbatekoa da proportzioa, %0,07? Ez da asko, beste herriekin alderatuta; hala ere, ezin zaio kopuru horri garrantzia kendu; milioi bat pertsona hiltzea tragedia da.

Gobernuaren sekretuak

Ez da sorpresa izango Txinako gobernuak kopuruak ezkutatzea; ez da sekretua Pekinek ez duela bere kontra erabiliko den ezer onartu nahi. Eta gurpil zoroan sartzen da behin eta berriz: Mendebaldeak bere kontra erabiliko dituen datuak ezkutatu, eta Mendebaldeak bere kontra erabiltzen du sekretu hori bera. Nor aterako da egoera horretan galtzaile? Txinatarrak.

Hiru urteotako gehiegikeriak jasan dituzte: pandemiaren aitzakiarekin areagotu den erabateko kontrola, amaiezinak ziruditen konfinamenduak, langabezia... Abendu hasieran azkenean arrisku handi bat hartuz protestetan haserrea erakutsi — ilegala da protestan ateratzea, eta ausardia bikoitza behar dute hori egiteko—eta lortu dute zero COVID estrategia amaitzea. Baina PCRak egunero egiteko errutina hori behingoz amaitutzat dutenean, besteak beste, Europako Batasuneko hainbat herrialdek iragarri dute Txinatik iristen direnei PCR negatiboa eta hegazkinean maskararen erabilera exijituko dietela.

Badirudi txinatarrentzat kontrol hori ez dela amaituko mugaren alde batean edo bestean. Birologoek adierazi dute aldaera berriak sortu ez daitezen adi jarraitu behar dugula, baina ez bereziki Txinarekin, mundu osoarekin baizik. Txinatik Europara bidaiatzen duten txinatarrek onartuko dute, noski, eskatzen dieten prebentzioa, baina, hori bai, ez dute egoeraren erantzukizuna beraiek, eta ez lukete berriz pandemiaren hasierako sinofobia hori hemen jasan beharko.

Aspaldiko sinofobia hori

Beti ari naiz sinofobia salatzen. Batzuek esango dute gobernuaren propaganda egiten dudala, edo Txinan urte gehiegi egin ditudala. Txinaz hitz egitean guztia negatiboa izatera ohituta gaude, eta norbait joera horri ekilibrio egiten saiatzen denean ateratzen den ondorio errazena hori da.

Sinofobia handia denean, oraindik batzuek diote ez dela egia, esajeratu egiten dugula. Baina, orduan, aurten TVEko kanpaikadetan zergatik egin zuten betiko txantxa hori, pipi hautsa darion hori? Aurkezleek Txinari gerra geldiaraz dezala gazteleraz eskatu, eta, ondoren, aurkezleetako batek, mandarin txinera imitatuz, gorputzarekin postura irrigarria hartu eta hainbat silaba zentzugabe ahoskatuz «txineraz» eskatu zuen. Umorea ikusiko dute batzuek; ba, beste askok xenofobia ikusten dugu, aspaldiko sinofobia zaharra.

Adibideak, zoritxarrez, sobera dauzkat. Gabon hauetan Euskal Herrira egin dudan bidaian entzun ditut, besteak beste: hona bizitzera etortzen diren txinatarrak Alderdi Komunistak beren mentalitatea hedatzeko bidaltzen dituen pertsonak direla. Txinatarrek zero COVID estrategiari «esaneko» zaizkiolako, eta «alderdiak esaten dien guztia egiten dutelako» onartu dutela, eta abar, eta abar.

Txinari buruzko hitzaldi bat eman, eta ez zen sorpresa izan jarrera sinofoboa ezkutatzen ere saiatu ez zen entzulearen ekarpena. Galderen ordua iristean, eskua segituan altxatu zuen:

—Nik txinatarrekin lan egiten dut zientziaren arloan, eta iruditzen zait gezurra esaten dutela. Uste duzu kulturalki gezurra esateko joera barneratua dutela?

Ba ez, noski; ez horixe.

—Ez da izango iritzi alderdikoia duzula? Niri iruditzen zait baietz, gezurra esateko joera dutela.

Nik ezetz, eta nire lana jarraitu badu ikusiko zuela gauza negatibo eta positiboak helarazten saiatzen naizela. Eta berak beste galdera bat:

—Niri urpekaritza egitea gustatzen zait, eta joaten naizen zentroan turista txinatarrak egoten dira. Ez dut ulertzen zergatik egin nahi duten disfrutatzen ez duten zerbait: askok ez dakite igeri egiten ere, eta hala ere urpekaritza egin nahi dute, badirudi titulua ateratzeko bakarrik egiten dutela.

Orduan, bai, aretoan zurrumurrua handitu egin zen, eta amaieran pertsona asko gerturatu zitzaizkidan entzule honen jarrera tamalgarritzat zutela esateko. Izugarri poztu ninduen komentario horien atzean sinofobia hainbestek argi eta garbi ikusi zutela jakiteak.

Oraindik xenofobia hori zeharkakoa denean ez dugu ikusten. Eta argi dago hor dagoela; hona egiten dudan bisita bakoitzean entzun behar izaten ditut txinatar guztiak zaku berean sartu eta gizagabetzen dituzten komentario horietako bat.Kutsapen oldea dela eta, Txina berriz protagonista da, eta, segur aski, azaleratu egingo da jarrera hori. Baina agian, oso poliki bada ere, bide onetik goaz Euskal Herrian? Agian, hemendik urte batzuetara jaioterrira bisita egitean zeharkako sinofobia hori ez dut gehiago aurkituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.