Xan Aire.
EUSKARALDIRAKO BOST HILABETE

Jendearen mintzoa

2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Euskaraldia badator, edo eginen dugu? Paperean ñabardura dirudienak alde ederra du terrenoan. Bereziki protokoloek mugarritu digutelarik bizitza, azken garai bitxi hauetan. Gure plazak, terrazak, karrikak... deskonfinamenduarekin badatoz berriz, edo berreginen ditugu? Nola hartuko ditugu? Gure bizinahiak zer trago, giro eta hizkuntza izanen ditu? Galderetan mozkortu gabe, karkaila eta begirada konplizez betetzen hasiak ditugu, musu, pott, eta besarkaden kontrabandoan. Bisio-poteoak horma gehiegi zuen, azken finean!

Sanferminik gabeko uda berde honetan, dudarik ez da jendea sortzaile eta kolektibo izanen dela sasoiko beharrei erantzuteko, nahiak ahalaz betetzeko, beharrezko diren ardura haiek zapi azpian atxikiz. Jendea, bizia berreraikitzeko, sekula baino gehiago adi egonen da bazterrei so, mugak eta aukerak neurtuz, radarra tente, itzalak baliatuz eta argi izpiak hautemanez.

Berehala ez menturaz, baina jende euskaltzaleak nahiko du ikusi, uda honetatik hasirik, euskaraz aritzeko kantoiak noiz eta non dituen. Uztaila-agorrila, iraila nola ez, izan daiteke, aurten, gure espazioa galdezketatzeko memento interesgarria. Iparralde deitzen dugun honetan ere, galdezketa gaitezke noiz gauden Baiona Ttipian, eta noiz au Petit; noiz Maulen, eta noiz Mauléon-en. Baigorri beti Baigorri izanen bada ere, Garaziko aldean perspektiba poxi bat hartuz, hauxe pausa daiteke (Baxenabarrekoek ulertuko dute): «Garatenian, noiz artio izanen gitxu Donianen?»Noiz eta non gaude, noiz gara?

Aezkoako eskualdean, duela hamarkada zenbait ja gazteak lurra galdezketatzen hasi ziren bezala (lurrak euskaraz erantzun zien, eta ez zen kasualitatea izan), Euskaraldi honek eskain ditzake, eskualdez eskualde, saltegiak, elkarteak, lantegiak, herriko etxeak... esploratzeko aukerak. Euskaraz aritzeko babesa eskaintzen, edo iniziatiba hartu nahi duten entitateekin, euskararen mapa eguneratua eta anitza sor dezagun. Eta, bidean, bakoitzaren ekarpena azpimarra.

Tenorea da errateko, gure okinari, anitz eskaintzen ahal digula euskaraz egunero-egunero aritzeko. Tenorea da errateko, gure medikuari, gehiago konfiantzan sentitzen garela euskaraz hartzen gaituelarik. Tenorea da errateko, gure laborariari, merkatuan bere mozkin sanoentzat erakusten duen harrotasun berberarekin trankil agertarazten ahal duela euskaraz bizi eta lan egiten duela.

Gure imajinario partekatuak reload dinamiko bat beharrezkoa du, euskaraz deskonfinatzeko: entitateen babesa bai, herritarren bizitasuna, nola ez. Euskaraldia, jendearen mintzoa da, eta hori ezin dugu euskara teknikariok ordezkatu. Kolegio eta lizeoetako gaztetxoak gaztetxeetako eta besta komiteetako gazteei adi daude: ostatu izkinetan, asanbladetan, sare sozialetan, zikiroetako zirkuluetan dabiltzan gaueko argotak, jostetak, jarrerak... uste baino erabakigarriagoak dira biharko helduen hizkuntza hautuetan. Euskaralditik jakinen ote dugu horiengana iristen? Gisa guziz eta beharrik, zirtzilek hitzordua emanen digute ihautez, plazak zirtoz betez.

Gazteak, beti gazteak: utz ditzagun bakean, eta gogoa eman diezaiegun izaten. Jendeak du Euskaraldia gorpuztuko: jendeak emanen dio kolorea, kolera, konplizitatea. Jendeak du eginen Euskaraldia izanen dela marrubi gorri-dirdiratsu perfektua, baina lurrik hunkitu ez duen gusturik gabeko fruitua. Jendeak du eginen Euskaraldia izanen dela marrubi gorri-aire kakola, baina karruskatu orduko auzolanean eraiki dugun baratzera eramanen gaituena. Inperfektua, baina gurea. Bertsoa bezainbat, Korrika bezainbat, Etxea bezainbat, gurea. Mundu eta mundutar hitanoka egiten gaituen sokadantza. «Euskaldunak gara, eta zer?» jarreraren bila garamatzan eraketa.

Jendea, beti jendea: bai, baina jendeak zenbat traba dauka, oraindik, euskara erabiltzeko? Lan egiterakoan, bilkuretan, euskarri idatzietan, erdaldunen presentzian... Jendearen mintzoa bai, baina posible ote da euskaraz urrunago joatea entitateen babes estrukturalik gabe? Euskaraldiak ez du bokazioz euskaldunon mundua konponduko, baina jendearen korapiloetatik gertu izatea eskatua zaio, korapilo horiek askatzen laguntzeko, edo, gutienez, plazara ekartzeko.

Preseski, horretan datza euskara teknikarion lana: herritarren eta entitateen arteko zubilanetan, beso teknikoa izatea tokatzen zaigu. Erhi puntetan menperatzen ditugun soziolinguistikako oinarriak, terrenoetan karrakatzea. Euskaltzaleak aktibismo more, gorri, berde eta ortzadarrekin konektatzen laguntzea, euskal hiztunak armairutik ateratzen ikasteko. Teknikoak bai, baina emozionalki eta intuitiboki disponible izanez, bide interesgarria zabaltzen zaigu, lehen aipatu korapiloak kolektiboki askatzen ikasteko.

Eta kolektibo horrek eraman gaitzala euskararen ardura partekatzera: ikastoletan, Euskaraz Bizi buraso batzordeetatik besta taldeetara; enpresetan, langile ordezkarietatik zuzendaritzakideetara; herriko etxeetan, auzapezak ikas dezan euskara ongietorri bat dela. Euskaraldiak ez du euskaldunon mundua konponduko: ekar dezake kohesio bat, tokian tokitik zabalagora. Iparra eta Hegoa lausotuko duen kohesioa, baina Baiona eta Gasteiz euskara erabiltzeko errealitatetik lotuko dituena, euskara biziak baturik. Euskaraldiak eraman gaitzala hordagoaren bila: badator, edo eginen gaitu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.