begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Pantaila eskubideen urraketa

2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Egunotan, Euskal Herriko 30 pantailahartzen dituFast &Furious-en hamagarren atalak. Horietako hainbatetan tairik gabe, gelditu barik ematen dute. Emanaldi bat bukatu orduko, beste bat hasten da. Arabako Yelmo Boulevarden, kasu, gainjarritako proiekzioak ere aurkituko dituzue, areto eta ordutegien jolas (des)orekatu markaz kanpoko batean: 16:00etan, 16:30ean, 17:00etan, 17:30ean, 18:00etan... gaueko hamarrak arte.

Nik, aitortzen dut, Fast&Furious bilduma maite dut. Motoak eta kotxeak gustuko, begiko, gogoko ditudalako. Baita mugarik gabeko, muturreko zeluloidezko hondamendiak, kristoren jazarpenak, hiri sakratuen suntsipen ikusgarriak, gaur ere sinesgaitzak diruditen efektu bereziak eta akziozko estra kasik hilezinak. Era berean, biziki pozten nau emakumeak izateak infernuzko makina horiek gobernatzen dituztenetako bat baino gehiago. Onaren aldekoak zein Gaitzaren esanetara apustu egin dutenak. Emakumeak pilotu, gidari, borrokan, gorputz eta gogamen borroka dardaragarrietan.

Gidoien nondik norako barkaezinaz sekula ez naiz arduratu, eta, honez gero, bere mezukeria/moralkeriek ez didate ez kalte egiten ez min ematen.

Hori guztia aitortu ondoren, jarraian doana komentatu beharrean nauzue. Bere azken-hirugarren —hamabigarrenaz arituko garenerako akaberara iritsiko omen/bide da Dominic Torettoren dinastiaren kontakizuna— emanaldi hau trastetegian sartzen den elefante baten antzera agertu da gure etxe ondoko eta urrutiko aretoetan, gure herrialdean, pantailaren zain eta desiraz ziren film txikien ametsak zapuztuz eta konkistaturikoari eusten zioten horiek modu txarrez erditik kenduz.

Antzeko parezido jarduten dute, basakeria galantetan, hots, zeluloidezko/metalezko munstro horiek eta aterpe duten pelikulak berak.

Gure zinemaldi kuttunetan denon kariñoa jasotzen duten film txikiek izugarrizko mina hartzen dute gero, zinema komertzialetan sartzeko momentuan.

Berlingo Titania eraikin eder-ederrean estreinatu zen Carla Subijanaren Sica pelikula ezinbestekoak, galdu-ezinezkoak, hango ikusle gazteak zur eta lur utzi zituenak, Galizian egindako zinemaren sasoi ederraren berri eman zigunak, bi pantaila baino ez du lortu gurean. Beraz, otoi, Gasteizko Florida edo Bilboko Multicine-en inguruetan bazaudete, izkin egiezue Fast-en ibilgailu guztiei, eta eskatu Sica-rako sarrera.

Zaindu, mimatu, babestu beharreko film eder-txikiak guk baino beste inork ez ditu salbatuko. Iaioak gara horretan, zinez, ikusleok. Izan ere, guk, adorez eta aupari, eraman izan ditugu,Paulen Irati, Estibalizen 20.000 especies de abejas edo Silviaren Las buenas compañías diru-leihatilaren gailurrera.

Zinema ekoiztetxe-banatzaile eskerga horiek, aldiz, behin baino gehiagotan urratzen dituzte Torettoren senideak ez direnen pantaila eskubideak. Egin dezagun borroka, ireki ditzagun zirkuitu ordezkoak.

Postprodukzioan den Larraitz Zuazoren Itoitz,Udako Sesioak dokumentalaren hasierako hamabost minutu aurkeztu berri dira. Cannesen.

Nabari-nabariak dira 900 segundo horietan musika eta irudi testura anitz, baina, baina baina... Zinebiren babesa baduen arren, adi izan, pantaila bat eta gure konplizitatea beharko baititu estreinatu ahal izateko. Zeren eta, nahiz eta benetakoa izan, zinemaldietan egiten dizuten harrera beroa, gozoa, bakardade garratza bilakatzen baita mundu berdaderora itzultzen zarenean, dituzun indar eskaxekin, ukondokadaz balizko pantailaren bazter baterako bidea ireki behar duzuenean.

Hala ere, zinemaldietako metabertso honek ez du zertan ispilatze-ameskeria izan beharrik. Asteartean, Irati Gorostidi Agirretxek, Pasaia bitartean eta Unicornio lanen egileak, iaz Estibaliz Urresola Solagurenek zapalduriko ibilbide bertsuari ekin zion. La Semaine de la Critiquek hautatutako bere Contadores eman zen ikustera estreinakoz hilaren 23an, Espace Miramar delakoan.

Kamera zorrotz batekin eta Idoia Zabaletak sortutako koreografia baten bitartez kontatzen ditu Iratik Donostiako fabrika batean, luzerako jo duen grebaren inguruko langileen arteko tirabirak.

Iaz eta hemen, zinemak minduak diren trenbideetako beharginek urrez saritu zuten Estibalizen Cuerdas eta garaikur horrek Berlinaleraino lagundu zituen bere erleak. Auskalo zer gerta daiteken kamera aurrean suge antza hartzen duen Iratirenprotestarekin...

Baina ez jaitsi guardia, Cannesetik bueltan gutxiago; erreibindika ditzagun Torettoren kotxerik ez duten zeluloidezko kreaturen pantaila eskubideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.