Albistea entzun

Mendi lasterketa. Oihana Azkorbebeitia. Mendi korrikalaria

«Buruarekin jokatzea tokatu zait»

Euskadiko Ultra Txapelketa jokatu zen larunbatean, Domusa Teknik 40 ML lasterketaren barruan. Bero handia egin zuen, eta horrek baldintzatu zuen mendi korrikalarien jarduna. Aritz Egeak eta Oihane Azkorbebeitiak nagusitasunez irabazi zuten.
IHINTZA ELUSTONDO / UROLA KOSTAKO HITZA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2022ko maiatzak 17

Beroa oso gustuko ez duen arren, Oihana Azkorbebeitiak (Abadiño, Bizkaia, 1981) ez zuen arazorik izan larunbatean Azpeitian Euskadiko Ultra Txapelketa eskuratzeko. Munduko Kopako denboraldia hasi aurretik, jada sei lasterketa jokatu ditu, eta horietatik lau irabazi.

Zer-nolako lasterketa izan zen larunbatekoa?

Hasieran, haize pixka batekin ibili ginen, eta, egia esan, oso gustura joan nintzen. Kilometro batzuk aurrerago, haizea gelditu zenean, labe batean sartzea bezala izan zen. Hezetasun handia zegoen, eta ni ere erdi zorabiatuta ibili nintzen. Egiten ditudan lasterketa guztietan bezala, lehen asmoa amaitzea izaten zen. Azken hamar kilometroak oso gogorrak diren arren, Xoxoteko igoera nahiko gustura egin nuen. Halere, handik jaisten hastean, berriro ere izugarrizko beroa nabari zen. Niretzat ere infernua izan zen azken jaitsiera!

Irabazteko gelditzen zitzaizun txapelketa bakarra irabazi zenuen. Gustura zaude?

Bai, oso. Orain arte maratoi distantzian aritu naiz gehienbat, eta ez nengoen ohituta distantzia luzera. Aurten, otsailean korritu nuen lasterketa luze bakarra, Asturiasen [Espainia]. Niretzat mundu berri bat da, baina oso gustura nabil. Eguraldiak asko baldintzatu duen arren, gozatzeko aukera izan dut. Ultra distantzian jarraitzeko asmoa daukat hemendik aurrera.

Ibilbidea gustatu al zitzaizun?

Hasieran, kilometro batzuk errepidetik egitea tokatu zitzaigun, baina ondorengoa ederra izan zen. Bistak izugarriak ziren, eta ibilbidea ere oso polita iruditu zitzaidan. Lasterketa ona egin nuela iruditzen zait, nahiz eta jakitun nagoen beste eguraldi bat egin izan balu askoz ere hobeto amaituko nuela. Datorren urtean denbora hobetzera etorri beharko dugu!

Ez zenuen aurkaririk izan lasterketa osoan. Zeure buruaren aurka aritu behar izan al zenuen lehian?

Bai. Gainera, beroarekin nahikoa nuen! Horrelako lasterketetan erritmo egokia izatea komeni da. Zure erritmotik gora abiatzen bazara, arrisku handia izaten da lasterketa ez amaitzeko. Niri, erritmoak ez dit beldurrik ematen, baina beroak bai. Ziur nago hurrengo urteetan egindako denbora laburtzeko aukera asko izango direla. Ibilbidean zehar, une askotan tokatu zitzaidan gelditzea, eta alde horretatik denbora dezente galdu nuela iruditzen zait.

Urteko helburuetako bat al zen larunbateko lasterketa?

Aurtengo denboraldiko helburuetako bat lasterketen distantzia handitzea zen. Ez distantzia bakarrik: gogortasuna ere handitu nahi nuen. Zazpi-zortzi orduko lasterketak egiteko erronka daukat aurten, eta, bertan egoteko gonbita egin zidatenean, aukera polita ikusi nuen egutegian sartzeko. Esperientzia bikaina izan da, eta ez naiz damutzen bertan aritu izanaz.

Epe laburrean maizago arituko zara ultra distantzian?

Adin batetik aurrera, txinparta eta abiadura galduz joaten gara, eta nik ere hori nabaritu dut. Ez daukat lehen neukan abiadurarik. Lasterketa laburretan ibiltzeko garaia pasatu zaidala iruditzen zait, eta ez daukat gazteek duten grinarik eta gogorik. Lasterketa luzeagoetan gehiegi sufritzen dut. Beste erritmo batzuetan ibiltzeko ordua iritsi zait. Buruarekin lanketa bat egitea tokatuko zait.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

ZUZENEAN: BERRIA Pilota Txapelketa

Lazkaoko LAPKE, BERRIA txapelketako XVII. edizioko txapeldun

Berria

Hiru hilabete pasako lehiaren ondoren, Euskal Herriko bi pilota elkarte onenak elkarren aurka aritu dira finalean, Hernaniko udal pilotalekuan. Finaleko hiru partidak irabazi ditu Lazkaok.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Hamar garaipenekin, urteak ez ziren onak»

Iñaki Berastegi

Hermansek bere biografia aurkeztu du Euskal Herrian. Orbearekin hasi zen profesionaletan, eta talde hura «familia» bat izan zela dio.
Zumaiako arraunlariak eta kideak, atzoko banderarekin. ©BERRIA

Zumaia ere azaldu da

Aitor Manterola Garate

ETE ligako bigarren estropadan irabazi du sasoiko lehen bandera, Donibane Lohizunen

Eraso, atzo, helmugan. ©FEC

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...