begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Miarritzeko paradisu zaratatsuan

2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Egiari zor, triste nauzue, ni Baionako Avironeko zale sutsua naiz eta. Aviron Bayonnaisekoa. Beti. Top 14ean dagoenean, bai. Baita ProD2era jaitsi berri den une malapartatu honetan ere.

Avironekoa. Beti. Baiona hiria maite dudalako. Miarritze harrizko gutizia den moduan, oso urbanotzat jotzen dut nik Baiona. Gogorra. Odolez eta hizkeraz nahasia. Ibaiek zeharkatua eta itsasoarekin beti ametsetan. Judua, musulmana, kristaua (edo). Deserrirako bidea hartzen zuten guztien aterpe. Toreroa. Teatrala.Han, arkupetan ikasi nuen nik ostrak dastatzen. Ardo zuriz. Bertako tabernetako barretan probatu nituen nik arrautza egosiak lehenbizikoz. Arrautza egosiak bai, Iparraldeko pintxo herrikoiak...

Avironekoa. Orain eta beti. Ezpataz ere aritzen direlako bere kideak ibai ondoan. Ezpataz, floretez, sablez. La Peña Baionak kantatzen duen legez, «Agur agur Aviron Bayonnaiseko gure ekipari, gure herriko xuri-urdineri, Baiona honoratzen dutenei».

Iragan larunbatean gainditu zuen Miarritzeko B.O k (hain moñoñoa kolorez eta maneraz, hain harrosko beti bere intentziotan) Aviron. Ez genuen prezio merkean saldu gure porrota. Hortzak erakutsi genizkien biarriztarrei. Berdinketa trabatu batez bukatu zen partida baina, ai! Azken momentua , hagetako jaurtiketetan, B.Okoak nagusi.Eta Frantziako errugbiaren zeruko ateak zabaldu zizkieten. Gu, berriz, urguiluz eroriak. Malko harrotutan, galbidea izango ez den bigarren mailarako xenda hartu berriak

Aguilera errugbi zelaian gertatu zen. Larunbatean. Miarritzen. Atera ziren handik zaleak erromeria zalapartatsuan, surfeko, kasinoko, enperadore guztien, pirata guztien, literatura hankaz gora jarri zuten idazle guztien, jantzi-diseinatzaile guztien, aristokrata guztien, musika eta zinema izar guztien bizileku izan den hiriaren kaleak hartzeko prest. Banderak zabalik. Oihuka, kantutan.

Bazterrak nahasi ziren. Eta bi mundu apartak elkar endredatu zirenn. Elkar korapilatu. Besarkatu. Elkarri harriduraz begiratu.

Bi mundu ezberdin multibertsoan, fier eta gustura: Errugbiarena eta zinemarena. Egun berean eta ordu bertsuetan, martxan zen-eta Fipadoc, Miarritzeko Dokumentalen Zinemaldia. Bertan, denok maite dugun Le Royal aretoan zein beste leku mitikoetan, Gare du Midin, esaterako. Edo Kasinoan... Bertan, Donostiako Dock of the Bay beste zinema festan ikusi berriak ziren hainbat zeluloide puska izan ziren jaun, andre eta jabe.

Larunbat hartan, B.O.ko zaleek (covid-19ren kontrako kasik arau guztiaz pikutara bidaliz) topo, estropezu eta topa egin zuten Josu Martinez eta Txaber Larreategiren Caminho longe ikusi berri zutenekin. Eta hain zen mundiala, hain zen sekulakoa, hain zen dastagarria jende nahasmendu hori ezen Aviron Bayonnaisekoak ginen askok barre egin baikenuen. Malko artean, Santo Tomeko kafe eta musikarekin ametsetan. Deserritik bueltatzen zarenean zain dituzun mamu guztiak istant batez uxaturik.

Larunbatean B.Okoak paradisuan sentitzen ziren. Avironekook, aldiz, infernuan. Baina zaratatsua zen gure abegi berria. Eskerrak, gaitzerdi. Dock of the Bay zinemaldian, El Niño de Elche epaile zelarik, sari nagusia irabazi zuen Helmut Lachenmann: My Way miragarri/miresgarri horretan esaten den moduan, paradisua baldin bada kontatu/saldu diguten bezala, oso leku aspergarria behar du izan, ez bailitzateke bertan zaratarik, ez soinurik. Ez hostorik xuxurlaka, ez haizearen enbatarik, ez paperezko poltsen xirt-xirta ez ur beroaren xarta. Eta konpositore germaniarrak munduari darizkion soinu guztiak ditu maite, tresna, inspirazio. Denak: industrialak, jainkotarrak, deabruzkoak. Baieztatu nahi izatera, bilatu sarean Lin Liaoren zuzendaritzapean WDRko Orkestra sinfonikoak jotzen duen bere Notturno.

Paradisuanzaratarik ez balego, hobe infernurako bidea hartu. Han izango baita, duda izpirik ez, ikusleek saritu zuten Poly Styrene: I'm a Cliché filmaren protagonista. Emakumea, britaniarra, beltza eta hasi berritan zen punk mugimendu/iraultzaren ikonoa. Eredua. Erregina. Sufrikario handiz, amorru sakonaz ateak zabaldu zizkien punkean historia egingo zuten beste neskei. Beltza, gaueko izakia, britaniarra eta... ama. Hain zuzen ere, alabakosatu du filma.

Erraietatik sortu ere. Omenaldia eta kexa. Maitasun aldarrikapena eta sekula kitatuko ez diren zor askoren zenbaketa. Infernuan edo zarataz beteriko paradisuan elkartuko garelakoan (denak, Avironekoak, Aguilera aldera etorriko bide den Argentinako Pumas selekzioaren Tomas Cubelli, Lachenmann, Poly Styrene eta kuadrillakoak izan nahi duten beste hainbat), ez adiorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.