Albistea entzun

Infusio tantak loratzeko

Josenea enpresak hogei urte daramatza lanean, eta infusioak eta teak egiten dituzte batez ere. Nafarroan egiten dute ekoizpena, hasieratik amaierara arte. Ekonomia zirkularraren Europako lehenengo parkea izateko bidean da.
<b>Ekinazea. </b>Hirurogei landare aromatiko eta sendagarri mota ekoizten dituzte.
Ekinazea. Hirurogei landare aromatiko eta sendagarri mota ekoizten dituzte. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olaia L. Garaialde -

2022ko uztailak 5 - Irunberri

Hazia erein, uzta jaso, landareak lehortu eta paketatu. Horiek dira Josenea enpresaren eginbeharretako batzuk. Hirurogei landare aromatiko eta sendagarri mota ekoizten dituzte, horiekin infusioak eta teak egiteko. Horiek ez dira sortzen dituzten gauza bakarrak. Infusioak beste proiektu batzuk loratzeko bide direla azaldu du Txus Zia Joseneako zuzendariak: «Infusioek ikusgaitasuna ematen digute beste gauzak egiteko; hala nola laneratzean laguntzeko». Josenearen lursaila Irunberriko kanpoaldean dago, Bordablanca izeneko zelaian. Landareen usainak nahasten dira zelaian.

Enpresak helburu soziala dauka: «Edozein arrazoi dela-eta lan merkatuan aukerarik ez dutenei aukera bat eskaintzen die Joseneak». Guztira, 50 langile inguru dira; horietatik 30 laneratze prozesuan daude: «Gutxienez sei hilabetez lan egiten dute, eta gehienez hiru urtez». Ondoren, inguruko enpresetan lan bat bilatzen laguntzen diete. «Lan aukera bat behar duten pertsonekin lan egiten dugunez, eskaintzen ditugun lanpostuak ezin dira sasoi batekoak izan».

Horretarako prozesua nolakoa den kontatu du. Haziak jaso, erein eta hozkailu batean gordetzen dituzte, gero «onenak» hautatzeko; azaroan berotegian landatzen dituzte. «Landareak mugitzen hasten direnean, guk egindako konpost ekologikoarekin elikatzen ditugu», azpimarratu du.

Landareak hazten direnean, inguruko zelaietan birlandatzen dituzte. Horietako batzuk urtero landatzen dituzte, hala nola hilerri lilia, kamamila eta albaka. Beste batzuk —esate baterako, menda, belar bedeinkatua eta ekinazea— bizikorrak direnez, hiru edo lau urtean behin landatzen dituzte: «Urtero hozitzen dira, baina, exijentzia handia denez, ahuldu egiten dira, eta beste landareek jaten dituzte; hortaz, laborea kentzen dugu». Txandakatze sistemari erreferentzia egin dio Ziak: lurra ez agortzeko sistema bat da, eta laborea toki batetik bestera aldatzean datza.

Uzta biltzeko garairik aproposena zein den azaldu du zuzendariak: «Izerdia landaretik igo, eta hostoak sortzen ditu. Melisaren kasuan, hostoa nahi badugu, izerdiak hostoa sortzen duenean jaso behar da. Kamamila nahi badugu, lorea sortu arte itxaron behar dugu». Landarearen propietate sendagarriak hartan baitaude.

Eguzki izpirik ez

Jaso bezain pronto lehortu behar dira. «Landareen %70 ura denez, jaso ostean lehortu behar ditugu, ez usteltzeko», azaldu du Ziak. Horretarako, haiek sortutako lehortegietan pilatzen dituzte landareak, kutxetan, bata bestearen gainean. Lehortegiek pareta beltzak dituzte, beroa erakartzeko: tenperatura ezin da 40 gradutik pasatu. «Eguzkiak paretak berotzen ditu, eta horrek era naturalean lehortzen ditu landareak». Etxe zaharretako sabaian oinarrituta dago: «Lehen, etxeko sabaian lehortzen zen dena; oso ilunak ziren, eta leiho txikiak zituzten, haize korronteak egon zitezen». Hegoaldeari begira dago, bero gehiago erakartzeko.

Lehortegia beteta dagoenean, berotegia erabiltzen dute landareak lehortzeko. Zoruan sare bat jartzen dute landareak paratzeko, eta olana beltz batek eguzki izpiengandik babesten ditu landareak. «Garrantzitsua da haize korronteak egotea», azpimarratu du Ziak.

Gaineratu du moztutakoan eguzkiak ezin dituela jo landareak: «Eguzkia olioaren etsai nagusia da, eta, eguzkiak joz gero, landarean dauden propietateak galtzen dira». Beraz, landarea mozten dutenetik katilura iritsi arte, eguzkiarengandik babesten dute. Horretarako, kartoizko eta egurrezko kutxak erabiltzen dituzte, materialik «neutroenak» baitira: «Bestela, kolorerik eta propietaterik gabeko landareak izango genituzke».

Behin lehortuta, landareak aukeratzeko garaia da. Yolanda Bueno Joseneako langilea da, eta, besteak beste, landareak aukeratzeaz, denda kudeatzeaz eta bisita gidatuez arduratzen da. Eskularruak jantzita eta kontu handiz, banan-banan begiratzen die hostoei: «Ilunak diren hostoak kentzen ditut, gehiegi lehortu baitira; beste batzuetan, makilak agertzen dira. Egunaren arabera aldatzen da».

Hurrengo urratsa makilak kentzea, txikitzea eta nahastea da; duela gutxira arte, Irunberrin egiten zuten, baina, lana handitu denez, Noainen (Nafarroa) fabrika bat dute orain. Hartatik banatzen dute produktua. «Hazitik katilura egiten dugu prozesua», esan du Ziak. «Garrantzitsua da produkturik onena egitea eta marka bat sortzea langileak harro egoteko, eta langileek erakutsi ahal izateko produktu on bat egiten dutela». Gakoa landarearen zaintzan dagoela azaldu du:«Enpresa gehienek makilak eta hostoak nahasten dituzte, eta, bide horretan, propietateak galtzen dira».

Hortaz, hasieratik amaierara arte egiten dute prozesua. Horri esker «bideragarria» dela esan du Ziak. Horrez gain, zenbait arlo uztartzen ditu enpresak; hala nola turismoa, nekazaritza eta ingurune zerbitzuak. «Erabaki genuen proiektua aurrera ateratzeko zenbait arlo uztartu behar genituela», esan du Ziak. Horretarako, Bordablanca ikusteko bisita gidatuak egiten dituzte, denda bat daukate, eskualdeko konpostatzeaz arduratzen dira, eta ibarreko lorategi publikoak zaintzen dituzte.

Hamalau hektarea ditu Joseneak, eta Irunberrin dago. Herriak 1.300 biztanle inguru ditu. «Iritsi ginean, ez zegoen deus», nabarmendu du Ziak. Helburuetako bat landa eremua sustatzea da: «Landa eremua sistematik kanpo geratzen ari da; guk uste dugu hirietan egon gabe bizi gaitezkeela proiektu globalak proposatuz».

Bueno bat dator horrekin: «Produktu guztiekin egin daiteke; guk infusioak egiten ditugu». Bisita gidatuetan jendeak «asko» galdetzen duela esan du: «Ideia berriekin ateratzen dira». Gaineratu du oso garrantzitsua dela hausnarketa bultzatzea: «Herrietan aberastasun handia dago, baina, gutxika-gutxika, herriak hiltzen ari dira. Gure arbasoek egiten zutenari erreparatu behar diogu».

Ekonomia zirkularra ardatz

Hogei urte daramatzate lanean, eta, ordutik, 25.000 bisita baino gehiago izan dituzte. Ekonomia zirkularraren Europako lehenengo parkea izateko lanean ari dira. «Ez dugu deus botatzen: beste erabilera bat ematen diogu», esan du Ziak. «Dena birziklatzen da; naturak ematen diguna erabiltzen dugu».

Hondakin ugari sortzen dituzte, eta beren zelaietan berrerabiltzen dituzte. 2018. urtera arte kontrol zientifiko egokirik gabe egiten zuten. Hortaz, konpostatze gune bat egokitu dute ordutik. Horren bidez, haiek sortutako hondakinez gain, inguruko ibarretako hondakinak jasotzen dituzte.

Irunberrin duten egoitzan dauden gauza guztiak haiek egiten dituzte: «Ezerezetik sortu genuen dena». Esate baterako, etxeak bioeraikuntzakoak dira, eta teilatuak lurrarekin eginda daude: «Tenperaturari eusteko modurik onena da». Ur saneamendua ere haiek egin dute: «Udan, errekatik hartzen dugu, eta, neguan, teilatuetan pilatzen den ura jasotzen dugu». Elektrizitaterako eguzki plakak erabiltzen dituzte, eta komunak konpostagailuak dira.

Bordablancako funtzionamendua Internetera konektatuta dago; horri esker, Ziak sakelakotik kontrolatzen du dena; adibidez, lehortegiko tenperatura kontrolatu dezakete, eta han dituzten haizagailuak piztu edo itzali. «Horri esker, ez dugu hemen egon beharrik asteburuetan, eta ez gaude lanaren menpe».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Baltsa piratak, portutik Kontxarako bidean. ©JON URBE / FOKU

Donostia abordatzera abiatu dira ia 200 ontzitan

Hodei Iruretagoiena - Mikel P. Ansa

Itzuli da Aste Nagusi Pirataren ikur bihurtu den ekitaldia, bi urteko etenaren ondoren. Ia berrehun ontzi abiatu dira, 17:00ak jo dutenean. Abordatzeak hogeigarren urteurrena du aurten.

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Ahituta amaitzen dugu, baina zoriontsu»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Klasikoetan klasikoena da Arnoldo izozkitegia Donostian. 1935ean hasi ziren, eta laugarren belaunaldiko kidea da Alustiza: «Hauxe da txikitatik edoski duguna; gure odola da, eta ezin genuen hiltzen utzi».
Mariana Etxegarairen hilobia, Hazparnen (Lapurdi). ©HAZPARNEKO HERRIKO ETXEA

«Kantuan hastean hein bat lotsatua nintzen, baina ahantzia nuen berehala»

Miel A. Elustondo

Julien Vinsoni zor bide zaio bertsolaritzari buruzko aipurik zaharrenetakoa, 1869ko irailean Saran egindako Lore Jokoetakoa. Hantxe dira ageri Jatsuko Piarres Ibarrart 'Bettiri', Azkaineko Mari Luixa Erdozio eta Joanes Etxeto 'Senpereko errienta' koplariak. Usteak ustel, Erdozio ez da salbuespen. Garaian, beste bi emakumezko ere nabarmendu ziren kantuan, Mariana Etxegarai 'Aña Debrua' eta Marie Hargain, bertsolari txapeldunak.
Uribarri Ganboako Garaioko hondartza. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Barnealdeko hondartzak

Eider Etxeberria Soria

Uribarri Ganboako urtegia urte osoan bisitatzeko leku aproposa da, uda sasoian batez ere. Garaioko eta Landako hondartzak daude han, eta bainua hartzea baimendurik dago

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...