Agur bizia Irisarriri

Aurtengo EHZ izanen da Irisarrin eginen den azkena; heldu den aldia beste herri batean izanen da. Ehunka artista ariko dira festibalean, bihartik igandera arte

Belako taldea bihar arituko da EHZn, pentzean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Narrastiek larru zaharra uzten duten gisa berean erantzi du azala EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalak, azalberritzeko, ziklo bat itxi eta beste bati ekiteko. Festibalak 27. aldia izanen du asteon, eta hori izanen da Irisarrin (Nafarroa Beherea) eginen den azkena. Antolatzaileek atzo iragarri zutenez, heldu den aldia «beste nonbait» antolatuko dute. Esplikatu dute oraindik ez dakitela zehazki non eginen den, baina segurtatu dute EHZk segituko duela. Edonola ere, igande iluntzean ailegatuko da Irisarri egiazki agurtzeko tenorea, 27. aldia bukatzen denean. Azken aldiek berez duten zirraraz, bihar hasiko da jaialdia.

Jaialdiaren antolatzaileek azken orduotan eginiko adierazpenak ikusirik, bistan da EHZ Irisarritik ateratzeko erabakia modu naturalean ailegatu dela, zinez. Are gehiago, kideek azaldu dute EHZ «bidaia bat» dela, eta, beraz, jadanik iritsia dela mugitzeko garaia. «Ziklo baten bukaerara iristen ari ginela ikusi genuen. Bost urte da hemen garela, lau aldi egin dira, eta helburua zen airez ere aldatzea, EHZren funtzioa hori baita: herriz herri mugitzea. EHZ beste leku batera eraman nahi dugu. EHZ leku batera joaten delarik badelako eragina herrian», adierazi du festibaleko komunikazio arduradun Julen Oiarburuk.

Hain justu, sortu zenetik, jaialdia hainbatetan mugitu da herriz. 1996an antolatu zuten EHZ lehenbiziko aldiz, Arrosan (Nafarroa Beherea), eta han eman zituen ondoko zazpi urteak ere. Gero, lekualdatu, eta Indauze-Mendik (Zuberoa) hartu zuen festibala bost urtez. Ondotik, Heletan egin zen, lau aldiz, 2009tik 2012ra, eta Lekornen (Lapurdi), berriz, 2013tik 2017ra—2017koan, jarduera gehienak bertan behera gelditu ziren, eguraldiagatik—. 2018an, ordura arteko formatua aldatuta, EHZ Nomada antolatu zuten, eta hiru herritan aritu ziren: Baigorrin (Nafarroa Beherea), Baionan eta Itsasun (Lapurdi). Geroztik, 2020an salbu —ez baitzen izan jaialdirik, COVID-19aren pandemiagatik—, Irisarri izan da EHZren etxea.

Datozen hilabeteetan erabakiko da hurrengo geltokia zein izanen den, eta lantalde berri bat arduratuko da horretaz, aurrerantzean beste gazte talde batek hartuko baitu festibalaren gidaritza. Halere, Oiarburuk nabarmendu duenez, «transmisioa» bermatuko dute, antolatzaileek ez baitute EHZ «egun batetik bestera» uzten. Batik bat horregatik, egungo kidea gai da etorkizunaren gaineko pista bakarren bat emateko. «Harremanetan gara hainbat herrirekin, baina oraindik ez da erabakia non eginen den. Dena dela, segurua da [Ipar Euskal Herriaren] barnealdean izanen dela; ez da kostaldean izanen».

Hilzoritik atera zenekoa

Irisarrin eginikoak aski aldi bereziak izan dira festibalarentzat, Oiarburuk nabarmendu duenez. «2019an egin genuen EHZ lehenbiziko aldiz Irisarrin, jende berriak hartu zuen antolatzeko ardura, eta lantalde biziki gaztea ginen. Orduan, EHZ hil ala biziko egoeran zen. Beraz, berriz piztu da Irisarrin», ekarri du gogora.

Halere, pizte prozesuan berean ere asko izan ziren trabak. Oiarburuk oroitu duenez, 2019an «sorpresa ederrak» izan ziren, baina ezin ahaztu 2020an pandemiak ekarritakoa. Buruhauste ugari izan zuten orduan, baina gainditu zituzten mugak, eta, 2021ean, «arnasgune» bilakatu zen festibala, izurriteak oraindik ere giroa baldintzatzen zuen garaian. Hala, 2022an lortu zuten, behingoz, festibala «baldintza onetan» egitea. Bihartik aurrerakoa ere halakoa espero dute. Izan ere, kideak iradoki duenez, Irisarrik biziki merezi du agur goxo bat. Baita irisartarrek ere. «Eskerrak eman nahi dizkiegu, asko lagundu baitigute. Haientzat ere berezia izanen da aurtengoa».

Iragan aldien egiturari eutsita, hiru gune nagusi izanen dira EHZren aurtengo aldian: plaza, pentzea eta ospitalea. Dena dela, horiez gainera, beste bi gune ere atondu dituzte: antzerkirako Etxalgi gunea eta Haurren Xokoa. Azken horretan, Gaia elkarteak jokoak animatuko ditu larunbatean, eta, igandean, Oreka zirku elkarteak tailer bat emanen du. Egun guztian puzgarriak, egurrezko jokoak eta beste hainbat animazio izanen dira han.

Jakina denez, Euskal Herria Zuzenean ez da musika jaialdi soila, baina ukaezina da musika eskaintzak duen indarra. Berriz ere, plazan emanen diren kontzertuak urririk izanen dira. Pentzean egiten direnetan, berriz, ezinbestekoa da ordainpeko sarrera izatea. Dena dela, egitaraua bietan da mardula. Esaterako, bihar, Habia eta Muare taldeak arituko dira plazan; eta, besteak beste, J Martina, Liher, Willis Drummond, Belako eta MadMadMad pentzean.

Artisten aukeraketari dagokionez, Oiarburuk kontatu du badela 2019tik oso inportantetzat jotzen duten irizpide bat. «Ez dugu nahi beste taldeen gainetik den talde izar bat izatea. 2019tik, euskal kulturan oinarritzen diren egitarauak nahi ditugu, horretan segitzen dugu, baina beste eremu batzuetara ere joan gara pixkanaka». Sinetsiak dira, gainera, horrek franko zabaltzen duela gauza berriak aditzeko aukera. «Publikoak hainbeste ezagutzen ez dituen talde batzuk ere izanen dira; horretarako tresna ere bada EHZ, talde berriak deskubritzeko bidea», zehaztu du. Krav Boca Tolosako (Okzitania) punk-rap talde independentea, Billie Brelok Nanterretik (Frantzia) datorren rap kantaria eta FM Belfast musika elektronikoko talde islandiarra nabarmendu ditu.

Gogoetatzeko jaialdi bat

Atzera ere, musikaz bestelako diziplina askotako jardueraz betea da EHZko programazioa: mahai inguruak, tailerrak, poesia emanaldiak... Horietako batzuek propio lantzen dute euskararen gaia. Besteak beste, Euskararen aldeko borrokak suspertzeko ekintza zuzenak tailerra eginen dute larunbat arratsaldean. Halaber, EHZren barne funtzionamenduari dagokionez, Oiarburuk nabarmendu du oinarrizko euskara ikastaroa emanen dutela jaialdiaren lehenbiziko egunean, laguntzaile ibiliko direnentzat.

Ibilbide luzea opa dio Oiarburuk EHZri. «Euskal Herriko kulturaren topagune inportantea da. Gainera, EHZk erakusten du gai garela, krisialdi betean ere, auzolana eta autogestioa oinarri dituen zerbait antolatzeko. Erakusten dugu eredu honek funtzionatzen duela, jasotzen dugun laguntza publikoa biziki-biziki-biziki txikia izanik ere. Erronka handia da, baina horri esker antola dezakegu askatasunez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.