Kobetamendiko Ahotsenea gunean zortzi talde ariko dira

'Berri Txarrak Lagun Artean' kontzertu berezian jotzeko, 71 taldek eman dute izena. Atzapar eta Iont daude, besteak beste, hautatuen artean

Andoni Imaz.
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Berri Txarrak-ek uztailaren 14an Bilboko Kobetamendin emango duena ez da taldearen kontzertu soil bat izango. Berri Txarrak Lagun Artean izena jarri diote, eta jada iragarria dute Anari, Jurgi Ekiza, Aiora Renteria eta beste hainbat musikari izango dituztela lagun. Gainera, 21:00etako kontzertu nagusiaren aurretik, euskarazko kultur edukiz betetako egitarau zabala antolatu dute, 16:30etik 20:30era bitarte. Durangoko Azokako Ahotsenea guneak bi agertoki izango ditu Kobetamendin, Triangelu karpa eta Basoa, eta ordu erdiko launa kontzertu egingo dituzte han.

Musikariak aurkezteko deialdia ireki zuen Ahotseneak, eta 71 taldek eta bakarlarik eman zuten izena. Irizpide bakarra jarri zuten aukeraketarako: 2019an euskarazko lan bat argitaratu izana. Kontuan izan dituzte lurralde eta genero oreka ere. Irizpide horien arabera, zortzi talde hautatu dituzte Ahotseneako bi guneetan aritzeko: Atzapar, Diabolo Kiwi, Dukkha, Huts, Iont, Larra Bideak, Natali eta Patx & Run.

Sakanako (Nafarroa) rock talde gazte bat da Atzapar: 14 urteko sei lagunek osatzen dute. Aurten kaleratu dute lehen diskoa: Segi aurrera. Diabolo Kiwi Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) funk rock taldeak Kokinkeriak fini lehen lana atera berri du. Dukkha rock hirukotea, aldiz, Andoainen (Gipuzkoa) sortu zen, eta Jainko berriak (des)eraikiz lana aurkezten dabil. Eta Trapagarango (Bizkaia) Huts metal eta rock taldeak urte hasieran kaleratu zuen Toxiko diskoa. Horiez gain, zuzenean ariko dira Gasteizko Iont metal laukotea, Usurbilen (Gipuzkoa) sortutako Natali taldea, Larra Bideak —Iñaki Larraioz nafarraren bakarkako proiektua—, eta Aiaraldeko (Araba) eta Enkarterriko (Bizkaia) musikariek osatutako Patx & Run taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.