'Précieux' filma gailendu da Animadeban

Paul Masen laburrak jaialdiko sari nagusia eta publikoarena jaso ditu. Ane Ines Landeta eta Lorea Lyonsen 'Azkena' ere izan da saritua

Landeta eta Lyons saria jasotzen, Ainara Lasa BERRIAko kidearekin. J. U / FOKU.
Inigo Astiz
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Julie ez da eskolan erabat egokitzen, baina dena aldatuko da Emile izeneko ume autista iristean. Aurrez ere hainbat sari jasoak zituen Paul Mas zuzendariaren Précieux animaziozko laburrak, eta horixe gailendu da Debako (Gipuzkoa) 14. Animadeba jaialdian ere. Film Onenaren Saria eman dio epaimahai profesionalak, eta ikusleek ere lan hori nabarmendu dute, publikoaren saria emanda.

Mathilde Parqueten Trona Pinnacles film laburrak jaso du gidoirik onenaren saria; Alberto Vazquezen Homeless Home lanak epaimahaiaren aipamen berezia; Margrethe Danielsen norvegiarraren Pearl Diver film laburrak zuzendari berria EHU saria; eta Noah Mauchlyren Mouse film laburrak K-Saria.

Hiru kide izan ditu epaimahaiak: Marie Paccou zinemagilea, Carolina Lopez Animac jaialdiko zuzendaria eta Pedro Rivero zinemagilea eta Animakom jaialdiko zuzendaria. Gainera, Paccou bera izan da aurtengo ohorezko gonbidatua. 1998an aurkeztu zuen bere lehen lan laburra, Un jour, eta film onenaren Europa saria jaso zuen hari esker. Jaialdian Euskal Makila izeneko oroigarria eskaini zion Paccouri Aitor Oñederra Animadebako zuzendariak.

Bigarrenez antolatu dute aurten Work in Progress saria, eta BERRIA hedabideak babestu du. Hamabi proiektu aurkeztu dituzte sortzaileek jaialdian, eta, haien artean, Ane Ines Landeta eta Lorea Lyons zuzendarien Azkena proiektuak eskuratu du saria. 300 euro jasoko dituzte. Kasu horretan, Miren Aperribaik, Miren Berasategik eta Aitor Arenasek osatu dute epaimahaia.

Etenaren osteko itzulera

Iazko etenaren ostean, 40 filmetik gora eman ditu aurten jaialdiak. 2008an sortua, nazioarteko lehiaketa bilakatu zen 2019an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.