Iturritxiki: hondoa azalera

XVI. mendean Getarian hondoratu zen Flandriako urkaren istorioa kontatzen du 'Iturritxiki'-k. Kobrezko salgaiz beteta zeraman sotoa, Afrikan esklaboak erosteko. Ana Benitok egin du ikerketa.

1. Konpasa. Aztarnategiko harribitxia da mapak egiteko konpasa. Argazkian, gaurko konpas baten alboan, Getariako maparen gainean. ARANZADI.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Errekasto bat da Iturritxiki, urpeko aztarnategi bat da Iturritxiki, eta hondoa azalera ateratzen duen liburua ere bada Iturritxiki. Besteak beste, XVI. mendean Getariako (Gipuzkoa) badian hondoratu zen Flandriako urka baten istorio ezezaguna kontatzen du. Nola iritsi zen enbatari ihesi Malkorbeko inguruetara, eta nola hondoratu zen han betiko, altxorraren tamainako sekretua gordean zuela sotoan.

Ana Benito arkeologoak (Donostia, 1956) atera ditu azalera nola altxorra hala sekretua, eta dibulgaziozko liburu batean bildu du 25 urteko ikerketa lana. Liburu horretan ez da urkari buruz bakarrik ari: 1638ko Getariako itsas gudua xehatzen du, Getariako portuaren kokaleku estrategikoa nabarmendu, eta urpeko arkeologiaren eta beste testuinguru arkeologikoen berri eman. 1987an hasi zen bera Iturritxiki aztarnategian. «Iñaki Gutierrez eta Ignacio Etxeberri urpekariena da meritua. Aspaldian ari ziren haiek inguru hartan 1638ko gudako aztarnen bila, baina hara non egiten duten topo kobrezko lingoteekin. Aranzadira jo zuten, eta haiek nirekin jarri ziren harremanetan. Nire erreakzioa? 'Zoragarriak dira, baina ez dakit zer diren'».

Kobrezko lingote bati argazki bat ateratzen, laborategian. Aranzadi

Han hasi zen guztia: dokumentazio lana, baimen eskea, eta aurkikuntza gehiago —Iturritxiki izena jarri zioten aztarnategiari, pare hartan izen bereko errekasto bat dagoelako—. «Sektore ezberdinetan banatu genuen, eta C sektorea izan zen erabakigarria, han zegoen ontziaren zama: kobrezko lingoteak, pertzak eta uztaiak, besteak beste». Ez zen ohiko ontzia, eta ez zeraman ohiko zama ere.

Simancasko artxibategiko (Valladolid, Espainia) dokumentazioari esker jakin zuten ontzi hura urka bat zela. «XVI. mendeko zamaontziak ziren urkak, eta ezaugarri jakin batzuk zituzten: oso hondo laua zuten, sotoan toki asko izateko. Sendoak ziren, eta baldarrak: asko kostatzen zitzaien maniobratzea. Litekeena da hori izatea hondoratzearen arrazoietako bat: sekulako enbata, sotoa kobrez betea, eta maniobratu ezina». Kalkulatu dute 1520-1524ko urteen artean hondoratu zela.

Eta urteetako lana izan da hondoratu zena azalera ekartzea. Pieza asko agertu dira zamatik aparte, ontziarenak eta eskifaiarenak: aingurak, bonbardetak, bonbarda ganberak, kanoiak, munizioa —ez zen gerrarako ontzi bat, baina artilleriaz hornituta egoten ziren itsaslapurretatik eta ontzi etsaien erasoetatik babesteko—, armadurak, txanponak, titareak, orratzak, heltzeak... eta indusketako harribitxia: mapak egiteko konpasa. «Munduan zehar egindako indusketetan, oso ale gutxi topatu dira halakoak. Eder-ederra da, eta oso egoera onean dago. Letoizkoa da, halakoak izaten zirelako —eta oraindik ere hala dira— itsasontzietako instrumentuak. Ikusi behar zenuen nola egiten zuen distira urpean; urrezkoa zirudien», azaldu du Benitok, pasioz.

Bonbardeta. Urka ez zen ontzi militarra, baina bazuen artilleria, itsaslapurrengandik babesteko. Aranzadi

Baina zama da gakoa ontziaren jatorria, ibilia eta historia harilkatzeko. Kobrezko lingoteetako batzuk izan ere, zigilatuta zeuden, eta ikerketa lanaren emaitza izan zen zigilu horiek Fugger familiaren armarria erreproduzitzen zutela. Alemania hegoaldeko merkatari eta bankari familia aberats bat zen fuggertarren hori —«Oraingo aberatsenen zerrenda XVI. mendean egin izan balute, haiek lirateke munduko aberatsenak»—, eta bazuen familiak beste ezaugarri bat: hura zela Portugalgo koroaren lehengai hornitzaile nagusia. Datu garrantzitsua zen hori, eta hasi zen Benito hariei tiraka: urka bat kobrezko salgaiez beteta, eta Fugger familiak Portugalgo koroarentzat ekoitzitakoak, baina zertarako? Pertzek eta uztaiek askatu zituzten korapiloak.

Letoizko uztaiak dira Iturritxikin agertu direnak. Estimu handikoak Afrikan, esklaboen salerosketarako. Aranzadi

«Ez genekien uztai horiek zer ziren. Nahasirik geunden, ez genekielako zein zen haien funtzioa», onartu du Benitok. Harik eta Iñaki Gutierrez urpekaria Parisko Txanponaren Museora joan zen arte: «Txanpon primitiboen bitrinetan ikusi zituen antzeko piezak, Afrikan esklaboak ordaintzeko erabiltzen zirenak. Aurkikuntza horrek beste ikerketa lerro bat ireki zuen», azaldu du Benitok. Izan ere, Portugalgo koroak zeukan XVI. mendean esklaboen merkataritzaren monopolioa, baina inor gutxi jabetzen zen uztai horiek esklaboen salerosketetarako zuten balioaz, eta ez ziren dokumentuetan aipatzen.

«Afrikara iristen lehenengoetakoak portugaldarrak izan ziren, baina bertakoek ez zioten baliorik ematen monetari, urreari, zilarrari... Uztaiei eta pertzei bai, ordea; baita kauriaren maskorrei ere. Boterearen sinbolo ziren, ezkonsarietarako erabiltzen ziren... XX. mendera arte iraun zuten horiek trukerako salgai gisa». 1949an, Afrikako hainbat herrialdek debekatu egin zituzten uztai horiek, eta azoketatik erretiratu.

Esklabo bat: zortzi uztai

Datu argigarri, eta beldurgarri bat ere eman du Benitok: «1508an, esklabo batek zortzi edo hamar uztai balio zuen». Eta haren liburuan ere ematen da beste bat: «1479an, Liberiako kostaldean, emakume esklabo bat eta haren semea eros zitezkeen, bizargin bazina baten eta letoizko hiruzpalau uztairen truke». Iturritxikiko aztarnategian, 313 uztai berreskuratu dituzte. Benitok azaldu du Portugalgo Manuel I.a erregearen agintaldian —urka Getarian ondoratu zen garai da hori— 1.250 tona uztai garraiatu zituztela Flandriatik Afrikara, esklaboen salerosketarako. Alemaniako Schertz familiak ekoitzitakoak ziren onenak eta ezagunenak, besteak egiteko eredu gisa erabiltzen zirenak.

Ana Benito ikerketaren arduraduna, letoizko uztaiak garbitzen. Aranzadi

Izan ere, pertza eta uztai horiek salgai gisa zuten balioaz jabetuta, Europa erdialdean hasi ziren uztaiak ekoizten, portugaldarrek hala eskatuta, ez zeukatelako euren herrialdean kobrerik —letoizkoak ziren uztaiak: kobre eta zink aleazio bat—. Nurenbergen (Alemania) ekoizten ziren gehienak.

Eta sortu ziren hor hari gehiago, eta jarraitu zuen Benitok horiei tiraka: Getarian hondoratutako urka Portugalgo koroak pleitatua zen, Alemanian ekoitzitako kobrea zeraman —Spania Dolinako (Eslovakia) meategietatik erauzia—, eta Flandriatik abiatu zen —Anberesko portutik atera zela ezin izan dute guztiz dokumentatu, baina ia segurua da, XVI. mendean hura zelako porturik garrantzitsuena—. Eta norantz zihoan? «Lisboara, gero handik Afrikara joateko. Gineako golkora, esklaboen kostaldera deiturikora: Sierra Leona, Boli Kosta, Nigeria, Senegal eta Kamerun».

Letoizko uztaiak, garbitzen jarrita, laborategian. Aranzadi

Lisboako geldialdia Casa da Mina izenekoan egiten zuten: janaraziz eta edariz hornitzeko, eta pleita doitzeko. Hamar ontziz osatutako ontzidia abiatzen zen handik Afrikara, eta Sao Jorge da Minara (Ghana) iristen ziren —Elmina izena du gaur egun—. «Gotorleku erraldoi bat zen, eta han egiten zituzten salerosketak bertakoekin, afrikarrekin, esklabistekin, uztai eta pertzen truke. Gotorleku hartan sartzen zituzten esklaboak, eta Amerikara eta Europara bidaltzen zituzten handik». Datu argigarri gehiago datoz Benitoren liburuan: «1504 eta 1507 artean, Minako terminalak 287.813 uztai inportatu zituen Portugaldik; are gehiago, 1518an, itsasontzi bakar batek 13.000 uztai garraiatu zituen».

Eta ez zen han amaitzen urka horien bidaia. Izan ere, salgai garrantzitsuenak bertan utzi ostean —uztaiak eta pertzak—, oraindik kobrerik gelditzen bazitzaien salmentarako, jarraitu egiten zuten: «Indiaraino joaten ziren, eta espezieen ordez trukatzen zuten han kobrea». Getarian hondoratu zenak, bidaiaren aurreneko zatia baino ez zuen egin, baina garai baten testigantza eman du, hondotik azalera ateratakoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.