Koronabirusa

Kontsumoan ere eragin du

Droga erabiltzaileen kontsumo ohiturak aldatu egin dira izurriarekin: kokaina eta anfetamina gutxiago kontsumitzen dira, eta kalamua eta psikofarmakoak, gehiago. Trafikatzeko bide berriak topatu dituzte.

Gazte bat, porru bat erretzen. JON URBE/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiak zuzeneko eragina izan du legez kanpoko drogen kontsumoan eta trafikoan: aldatu egin ditu kontsumo ohiturak, eta salerosketarako bideak ere bai. Ondorio kaltegarriak ere ekarri ditu erabiltzaileentzat: herrialde gehienek kontsumoari lotutako prebentzio politikak alboratu dituzte, eta «arrisku berriak» sortu dira.

Drogen eta Adikzioen Europako Behatokiak kaleratu berri dituen txostenek hainbat argibide eman dituzte: koronabirusaren izurritea hasi zenetik, kokainaren eta anfetaminen kontsumoa gutxitu egin da, eta kalamuarena eta lasaigarri gisa erabiltzen diren psikofarmakoena, berriz, igo. Europako 11.000 droga erabiltzaileren artean Internet bidez egindako inkesta batetik atera ditu datuok Europako Behatokiak. Inkestaren arabera, droga psikoaktiboak kontsumitzen dituzten hamar lagunetik zazpik kontsumoa gutxitu dute edo kontsumitzeari utzi diote. Kalamuaren kontsumoak, ostera, apur bat gora egin du azken hilabeteetan: hamar inkestatutik zazpik aitortu dute izurriak ez diela eragin kontsumo ohituretan, eta, izatekotan, gehiago kontsumitzera eraman dituela.

Julian Vicente Drogen eta Adikzioen Europako Behatokiko kidea da, eta txostenaren egileetako bat: «Droga ilegalen kontsumoak, oro har, behera egin du». Dioenez, gaueko aisialdia murrizteak eta etxean denbora gehiago emateak lotura zuzena izan dute kontsumo ohituretan: «Kalamua maiztasunez kontsumitzeko ohitura zutenek are gehiago kontsumitu dute konfinamenduan, antsietatea eta estresa kentzeko». Horrez gain, heroina kontsumitzaile askok alkohola eta bentzodiazepinak nahastera jo dute, abstinentziari aurre egite aldera.

Datu horiek«logikoak» direla uste du Juan Manuel Gonzalez de Audikana Deustuko Unibertsitateko Droga Mendekotasunen Institutuko zuzendariak. «Anfetaminen kasuan, droga pizgarriak dira, oso lotuta daude jai giroarekin, eta zentzuzkoa da horien kontsumoa murriztu izana». Kalamuaren eta psikofarmakoen gorakada ere arrazoizkoa iruditzen zaio, droga horiek eskuratzea «askoz errazagoa» delako eta etxeko kontsumoarekin bateragarriak direlako. Hala ere, drogen kontsumoak ertz asko ditu, eta datuen atzetik «errealitate konplexuagoak» daude, Gonzalez de Audikanak ohartarazi duenez. Haren hitzetan, kontsumoan alde handia dago adikzioa daukatenen eta ez daukatenen artean, eta hala izan da konfinamendu gogorrenean ere: «Substantzia baten edo batzuen menpe bizi direnek konfinamendu garaian ere jarraitu dute kontsumitzen, ahal izan duten neurrian. Droga mendekotasunik ez dutenek, berriz, askoz gutxiago kontsumitu dute».

Bestelako pertzepzioa dauka, baina, Unai Perez de San Roman Ai Laket elkarteko arduradunak. Uste du pandemia garaian ez dela larregi aldatu droga kontsumoa: «Aisialdirako gunerik ez badago ere, jendeak jarraitzen du gurera etortzen eta analisiak egiten; beraz, kontsumoa egon badago». Pandemiaren aste gogorrenetan ere zerbitzuari eusteko apustua egin zuen elkarteak, eta orain ere ari dira. Arratsaldero irekiak dituzte Gasteizko egoitzako ateak, drogei buruzko informazioa eskuratzeko edo substantziak analizatzeko. Jaiak bertan behera utzita, gazte lokalak eta aisialdi gune gehienak itxita, bulegora joaten direnen kasuak baino ezin dituzte hartu erreferentzia gisa.

Kontsumo mailan bainoago, ohituretan sumatu du pandemiaren eragina elkarteak. «Arrisku berriak» sortu direla uste du Perez de San Romanek, lehen kalearekin eta jai esparruekin lotuta zeuden kontsumoak etxera iritsi direlako: «Edozein substantziaren kontsumoa egunerokoan eta esparru pribatuan sartzen bada, adikzioa sortzeko aukera handiagoa da. Areago bakarrik kontsumitzen bada». Koronabirusarekin lotutako osasun arrisku berriez ere ohartarazi du Vicentek: «Hainbat droga partekatzeko ohitura dago, eta horrek birusaren transmisioa errazten du».

Merkatu beltza

Mugak itxi zituztenean pentsatu zen droga eskuratzea nekezagoa izango zela eta, ondorioz, kontsumoa gutxitu egingo zela, baina ez da horrela izan. «Merkatu beltza oso azkar eraldatu da, eta salerosteko modu berriak azaldu dira Interneten», azaldu du Ai Laketeko arduradunak. Izan ere, kontsumoan ez ezik, drogen salerosketan ere izan du eragina pandemiak: egoera berrira moldatu dira trafikatzaileak, eta bide alternatiboak maiztasun handiagoz erabili dituzte; esate baterako, merkatu digitala. Sare sozialen eta sakelako telefonoko aplikazioen bidezko negozioak loratu dira azken hilabeteetan, Gonzalez de Audikanak azaldu duenez: «Drogen merkatu beltza handitzen ari da Interneten. Zirkuitu berriak ireki dira sarean, eta, botikak ez ezik, kokaina, anfetaminak, MDMA edo estasia ere modu samurrean eskura daitezke». Adikzio eta mendekotasun arazoak dituzten pertsonek jo dute bereziki bide horietara botikak eta drogak erosteko. «Psikofarmakoak ez ezik, kokaina eta anfetaminak ere pakete konpainien bitartez eskuratu dituzte askok».

Droga trafikoan izan diren aldaketak ez dira une jakin baterakoak, gainera, adituen esanetan. Europako behatokiak ohartarazi du drogen salerosketa digitala ez dela oraingo egoerarekin soilik lotua, eta pandemia desagertu ostean ere jarraitu egingo duela. Itxialditik, gainera, ez da droga trafikoa apaldu, herrialde gehienetan «aski soberakin» daukatelako. Horrek zuzenean du eragina drogaren salneurrian: Hego Euskal Herrian, esate baterako, haxixaren prezioak nabarmen egin du gora, baita kalamuarenak ere, baina ez neurri berean. Finean, herrialdearen eta substantziaren arabera aldatu dira prezioak.

Hilabete luzeak joan dira pandemia Europara iritsi zenetik, eta droga kontsumoaren eta trafikoaren egoera «aldakorra» da, Drogen eta Adikzioen Europako Behatokiak azaldu duenez. Etorkizuna ere zalantzaz betea dago,Vicenteren esanetan: «Ez dago jakiterik, baina ematen du salerosketan izan diren aldaketa batzuk luzerako geratuko direla».

Koronabirusaren pandemiak goitik behera aldatu du drogen mundua, eta Perez de San Romanek uste du ezinbestekoa dela errealitate berriaren diagnosia egitea. Haatik, erakunde ia guztiek bertan behera utzi dituzte prebentzio programak. «Muturra lur azpian sartzen ari dira, pentsatuz normalitatera bueltatuko garela», deitoratu du Ai Laket elkarteko ordezkariak. Prebentzio neurriak ezinbestekotzat jo ditu: «Drogen prebentzioa ahazten badugu, panorama oso kezkagarria izango dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.