Albistea entzun

Euskal itzultzailerik «onena»

Adimen artifizialaren bitartez itzulpen automatikoa egiteko tresna aurkeztu dute Elhuyarrek eta Mondragon Linguak. «Kalitatezko» itzulpenak egiten dituela adierazi dute sortzaileek
Modela aurkezteko bidalitako prentsa oharra, jatorrizkoa eta Modelak itzulia.
Modela aurkezteko bidalitako prentsa oharra, jatorrizkoa eta Modelak itzulia. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Karmele Uribesalgo Alzola -

2018ko azaroak 29

«Inoiz ikusi ez diren kalitateko itzulpenak eskaintzen ditu Modelak». Hala adierazi dute Elhuyarreko eta Mondragon Linguako ordezkariek itzultzaile automatiko berria aurkeztean. Euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpenak egiten ditu. Euskara zabaltzea du helburu, baita Euskal Herriko eleaniztasunean eragitea ere. Erabilgarri dago jada, www.modela.eus webgunean. Erabiltzaile bakoitzak hilean 2.000 hitz itzultzeko aukera izango du, dohainik. Kopurua handitzeko, izena eman, eta kuota bat ordaindu behar da.

Euskararen morfologiak ezartzen dituen «mugak» gainditu dituztela adierazi du Leire Cancio Elhuyarreko zuzendari nagusiak. «Euskararen hizkuntza teknologiak beste hizkuntzen pare jarri dira». Bi urtez beste zenbait euskal enpresarekin lanean aritu ostean garatu dute tresna. Proiektuan parte hartu dute Vicomtechek, Euskal Herriko Unibertsitateko Ixa taldeak, ISEAk, Ametzagaiñak eta Eleka Ingeniaritza Linguistikoak.

Itziar Cortes Elhuyarreko itzulpengintzarako teknologien arduradunak jakinarazi du Modela «erabilerraza eta azkarra» dela. Bestelako itzultzaileetan bezala, erabiltzaileak testu bat emango dio sistemari, eta horrek itzuli egingo du. Testu prozesadoreetako dokumentuak eta HTMLak itzultzeko gai ere izango da Modela. Horrez gain, Cortesek azpimarratu du konfidentzialtasuna bermatuko duela tresnak; itzulitako testuak ez dira gordeko.

Teknologia aurrerakoia

Modela erraz erabiltzen bada ere, garatu duten sistema informatikoa ez da hain sinplea; Sare Neuronaletako Itzulpen Automatikoa erabili dute. Adimen artifizialaren bitartez jarduten du; «ikasitako» funtzioak darabiltza sistemak. Igor Ellakuria Mondragon Linguako itzulpengintzarako teknologien arduradunak azaldu du sistemak lan egiten duela jada itzulita dauden testuak erabilita. Kontzeptuak sailkatzeko gai dela ere azpimarratu du. «Orain arte erabili diren teknologiak baino askoz hobea da». Izan ere, azken urteetan, erregeletan eta estatistiketan oinarritutako teknologiak erabili izan dira itzulpenak egiteko. Erregelekin jarduteko, sistemari hizkuntza arauak aurkezten zaizkio, eta horren bitartez egiten du lan. Estatistiken kasuan, berriz, hitz bat bestearen alboan agertzeko probabilitatea aztertu ostean egiten dira itzulpenak. Bi metodo horien bitartez, ez da lortu testuak behar bezala itzultzea. Adimen artifizialak mugak apurtzeko bidea eman du, malguagoa baita.

Etorkizuneko tresna

Modela «mugarri» bat izan daiteke, Cortesen iritziz. «Oraingoz, web aplikazio bat da, baina uste dugu askoz ere gehiago eman dezakeela». Lagungarria izan daiteke aplikazio berriak sortzeko, hala nola laguntzaile birtualetarako eta sakelako telefonoetako aplikazioetarako. Hainbat sektoretan ere eragin nahi dute; besteak beste, osasunean, administrazio publikoan eta ikus-entzunezkoetan. «Behin itzulpen sistema edukita, hobetzen jarraitu behar dugu, eta ahalegindu behar dugu tresna hau beste esparru batzuetara zabaltzen», aitortu du Ellakuriak. Hala ere, Ane Ruiz de Zarate Mondragon Linguako itzulpengintza zuzendariak argitu du Modela ez dela itzulpenak egiten dituzten profesionalen konpetentzia: «Makinak ez ditu profesionalak ordezkatuko, baina ezin diegu aterik itxi aurrerapenei».

Izan ere, etengabe egiten dira berrikuntzak teknologian. «Azken bi urteetan hizkuntza teknologian egindako aurrerapena azken hamar urteetakoa baino handiagoa da», ziurtatu du Canciok. Itzulpen merkatuan izan dezake tokia Modelak; Languneren merkatu ikerketa baten arabera, iaz 500 milioi hitz inguru itzuli ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxelo eta Amagoia: lekuko aldaketa

«Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

Arantxa Iraola

Neurria ondo hartua diote elkarri. Otamendik 30 urte egin ditu zuzendari; Mujikak erredakzioko taupaden erritmoan egin du lan ibilbidea, eta, orain, arduraz hartu du zuzendari izateko «erronka». BERRIAren 20. urteurrenarekin batera dator aldaketa, egunkaria berritzeko ahalegin betean.
Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Beatriz Zabalondo ondoan dituela, atzo. ©JON URBE / FOKU

Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du Martxelo Otamendiren tokia

Jon Ordoñez - Arantxa Iraola

Erretiroa hartuko du Otamendik, 30 urtean 'Euskaldunon Egunkaria'-ren eta BERRIAren gidaria izan eta gero. Hedabide bietan zaildutako kazetaria da zuzendari berria; zuzendariorde egin ditu urteok
Lasterbidean lasterketako korrikalariak, atzo, Villabona-Amasan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Lasterbidean egin dute, euskal presoen eskubideen aldeko lasterketa

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Pertsona ugarik egin dute korrika Villabona-Amasan; hainbat kontzertu ere egin dituzte. BERRIA izan da lasterketaren laguntzaileetako bat

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren aurkezpena, Mungian. ©Aritz Loiola / Foku

Publikoa, 30. aldiz babestua

Isabel Jaurena

Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatuko dute gaur, Mungian. Bestaren bitartez eskola publikoaren aldeko aldarria egitea da ekitaldiaren helburu nagusietako bat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...