Maitane Arnoso. Ikertzailea

«Gizarteak badu gaitasuna izuak ekartzen duen gorrotoaren aurka egiteko»

BERRIA.
arantxa iraola
Donostia
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Eskuin muturreko ideologiak oldartuta dabiltzan garaiotan, sektore ahulenekiko pertzepzioak gizartean zein diren «adi» aztertu behar dela oroitarazi zuen atzo azterlanaren aurkezpenean Maitane Arnoso ikertzaileak. Hain zuzen ere, Gizarte Psikologiaren jakintza eremutik —horretan dihardu, EHUn— giltzarri aski interesgarriak proposa daitezkeela pentsatzen du, eta horixe egiten saiatu dira azterketan. Egun, Gipuzkoako SOS Arrazakeriako presidentea ere bada Arnoso.

Zer aztertu nahi izan duzue azterlan honen bitartez?

Errefuxiatuen integraziorako beharrezkoa da harrera egingo duen gizarte horrek zer-nolako jarrerak dituen aztertzea; zer-nolako irudikapenak eta emozioak dituen ulertu behar dugu. Ikerketa, batez ere, horretara bideratuta egon da:errefuxiatuekiko emozioak eta aurreiritziak aztertu ditugu. Jarrerak ere aztertu ditugu iheslariei eman dakiekeen laguntzaren inguruan; bai oinarrizko laguntzari dagokionez —adibidez, jantokiak irekitzea—, edo prest egongo ginatekeen bestelako politikak izateko: benetako integraziorako politikak.

Laguntza hutsaz harago...

Hori da. Zerekin dugu adostasuna, asistentzialismoarekin edo benetako integrazioarekin? Zer-nolako estereotipoak eta emozio negatibo edo positiboak dauden aztertu nahi izan dugu; jakiteko zenbateraino sentitzen den gizartea mehatxatua errefuxiatuen etorreraren ondorioz, eta ideologia politikoak eta Europarekikoatxikimenduak zein eragin duten horretan.

Eta zer ikusi duzue?

Batez ere, aurkitu duguna da Europak egiten dituenen inguruan lotsa edo errua sentitzen den heinean pizten dela horri dagokionerreparazio baten aldeko jarrera:integrazioa bilatzearena. Pena sentitzen denean, ordea —«Ai, gaixoak horiek», esatean denean—, politika asistentzialekin atxikimendu bat sortzen da, baina ez integrazioa bilatzen dutenekin. Beraz, enpatia pizten bada, integrazioaren alde egingo da; horregatik, sentsibilizazio kanpainak egiten direnean, pentsatu behar da zer emozio piztu nahi diren. Jakin behar da zer prozesu ematen diren, ulertzeko nolako jarrerak agertuko diren, eta, batez ere, bake kultura sustatzeko.

Argi ageri da ikerketan: EB Europako Batasunarekiko atxikimendua handitu ahala, integrazioarekiko jarrera apaltzen da...

Bai, ikuskera asistentziala lehenesten da. Greziako ikerketa batean ere parte hartu genuen, Kiosen, eta horixe ikusten zen han ere. Ikerketan parte hartzen dutenen Europarekiko atxikimendua handitu ahala, handitu egiten da ez soilik asistentzialismoarekin aldeko joera, baizik eta mugen itxieraren aldekoa, jarrera oso defentsiboekin. Horrek talka egiten du EBk bere buruari buruz egiten duen analisiarekin zeinean europarrok giza eskubideen defendatzaile bakarrak garen.Bada, ez dirudi. Hori gurutzatzen badugu ideologia politikoarekin, badago Europan eskuin muturraren arriskua: argi eta garbi dago.

Gipuzkoan bildu dituzuen datuek ere hori erakusten dute?

Bai, noski. Nahiz eta kasu honetan ikerketarako erabili ditugun laginak ez izan behar bezain adierazgarriak, ikusten dira horrelakoak, jakina. Ez eskuin muturreko jendearengan bakarrik, beren burua zentroan kokatzen dutenetan ere bai: zentroan kokatu ahala, horrelakoak ageri dira.

Zubietan duzue esperantza: elkarren berri izaten lagundu dezaketen egitasmoetan. Horiek dira pertzepzio okerrak bazterrean uzteko erarik onena.

Argi dago; bai literatura akademikoan, baita guk egindako ikerketa honetan ere: zenbat eta kontaktu zuzen gehiago izan pertsona atzerritarrekin, orduan eta jarrera integratzaileagoak ditugu. Elkarrekin egoteko aukerak bultzatu behar ditugu; frogatuta dago horrek gauza onak dakartzala.

Migratzaileen erlijioak ere eragina izaten du horien gainean zabaltzen diren pertzepzioetan...

Bai, gure irudikapenetan, errefuxiatuak, usu —nahiz eta asko Venezuelakoak izan—, gizonak eta musulmanak dira. Horregatik, kanpainak-eta egiten ditugunean ikusi behar dugu zer-nolako irudikapenak sortzen ditugun; izan ere, erlijiotasuna mehatxua eraikitzen duen osagai garrantzitsu bat da gure beldurretan. Horrek islamofobia kutsu agerikoa du.

Zuen ikerketa eremuan argi geratzen da beldurraren boterea...

Bai, gizarte psikologian emozio kolektiboak lantzen ditugu; baina enpatia ere lantzen dugu, ez beldurra bakarrik. Eta gizarteak badu gaitasuna enpatia sustatzeko eta izuak ekartzen duen gorrotoaren aurka egiteko: horretarako prozesuak pizteko. Horregatik, politika publikoek pentsatu behar dute ongi zer prozesu bideratu. Baita hedabideek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.