Albistea entzun

Mozala nola kendu

Kongresuko Barne Gaietarako Batzordera iritsi da 'mozal legea' erreformatzeko proposamena. Indar parlamentarioen lana izango da orain aldaketen nondik norakoak eztabaidatu eta adostea.
<em>Mozal legearen</em> aurka egindako protesta bat, Iruñean.
Mozal legearen aurka egindako protesta bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2022ko urtarrilak 20

Zazpi urte beteko ditu mozal legeak aurten, eta, ondo bidean, hura izango da egun ezagutzen den bezala egingo duen azken urtemuga. Espainiako Gobernuko bi alderdiek hasi dute Herritarren Segurtasunerako Legea aldatzeko bilera sorta, eta datozen asteetako elkarrizketek baldintzatuko dute erreformaren sakontasuna. EAJ, erreformarako lege proposamenaren egilea, «baikor» agertu da. EH Bilduk, berriz, «zuhurtziaz» jokatzeko premia adierazi du.

Ibilbide katramilatua izan du erreformarako lege proposamenak, baina iritsi da Barne Gaietarako Batzordearen txostena. Atzo egin zuten lehen bilkura, eta datorren asteko asteazkenean jarraituko dute proposamena eta hari aurkeztutako zuzenketak aztertzen; besteak beste, 51 zuzenketa bateratu aurkeztu zituzten PSOEk eta UP Unidas Podemosek, eta beste 57 EH Bilduk.

Gobernuko alderdiek hartu dute negoziazioen gidaritza, eta badirudi zuzenketek ez dutela arazorik eragingo, besteak beste, EAJrekin, Mas Paisekin eta Compromisekin akordioak egiteko, azken biek zuzenketa propioak ere aurkeztu dituzten arren. Jeltzaleen kasuan, Mikel Legarda diputatuak adierazi du alderdi hark helburu bikoitz batekin egingo duela lege proposamenaren alde. Batetik, «segurtasunaren eta eskubideen arteko oreka» berrezartzea, PPren legeak balantza mugiarazi ostean. Halere, uste du ezin dela lege aldaketa «polizien lana aztertzera mugatu». Bestetik, zigor zuzenbideari dagozkion aldaketak egitearen premia nabarmendu du; «gehiegizkotzat» jo baititu mozal legeak hainbat kasutan aurreikusten dituen zigorrak. Horrek, beraz, bat egingo luke PSOEk eta UPk zigor hezitzaileen eta errentaren araberako isun ekonomikoen alde aurkeztutako zuzenketarekin.

Horiek hala, Legardak uste du badela erreforma gauzatzeko gehiengo bat; Espainiako presidente Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen bera. Badira, baina, Espainiako Gobernuko alderdiei aldaketa sakonagoen premia adierazi dieten talde parlamentarioak. EH Bildu eta ERC dira horietako bi, eskubide sozialen aldeko erakunde ugariren eskaerekin bat eginda. Izan ere, koalizio subiranistako diputatu Jon Iñarrituk azaldu duenez, PSOEk eta UPk mahai gainean jarri duten aldaketa indargabetze bat dela esatea «gehiegi» da, ez baititu «eskubide eta askatasunei jarritako oztopoak» indargabetzen: «Egun PSOEk eta UPk planteatzen dutena makillaje hutsa da. Guk ez dugu mozal legea hobetu nahi, bertan behera utzi baizik».

Iñarrituk azaldu duenez, «artikuluz artikulu» negoziatzen ari dira gobernuko alderdiekin, eta uste du hainbat puntutan akordioak lortzeko moduan daudela. Halere, badira bi aldeak urruntzen dituzten beste hainbat afera. EH Bilduko diputatuak salatu du ez dela pausorik eman 36.6 eta 37.4 artikuluak, «isun gehien eragin dituztenak», indargabetzeko. Autoritateekiko desobedientziaren ingurukoa da lehena, eta haiekiko errespetu faltak tratatzen ditu bigarrenak. «Interpretazio zabal baterako ahalmena ematen diete agenteei, eta edozein momentutan isun bat jar dezakete», azaldu du. Kartzeletako funtzionarioak autoritate agente gisa aitortzearen aurka ere agertu da EH Bildu, espetxeek «eredu zibil baten» alde egin beharko luketelakoan.

ERCrekin bat egin dute beste hainbat puntutan ere. Gomazko piloten erabilera murrizteko protokoloak agindu dituzte PSOEk eta UPk. Indar independentisten esanetan, baina, beharrezkoa da horiek debekatzea. Zailagoa izango dute migratzaileen berehalako kanporatzeen afera mahai gainean jartzea. Haiek debekatzearen alde agertu dira bi talde parlamentarioak, baina gobernuko alderdiek Atzerritartasun Legea aztertzeko orduan tratatzea erabaki zuten azaroan, Barne Ministerioaren presioak zirela medio.

Halere, eskuin unionistak ez du ez sustatuko edo ez onartuko mozal legearen inolako aldaketarik. PPk, Voxek, Ciudadanosek eta UPNk bat egin dute Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko sindikatu eta elkarteek lege erreformaren aurka egin dituzten protestekin. Haietan, PSOEk eta UPk proposatutako hainbat aldaketa kritikatu dituzte; besteak beste, agenteen ekintzak grabatzea eta zabaltzea baimentzea, manifestarien identifikaziorako eta atxiloketarako mugak ezartzea, eta atestatuen egiazkotasunari baldintzak jartzea. Halere, Legardaren ustez, horiek ez dute «polizien gehiengoaren iritzia» ordezkatzen; «are gutxiago» Ertzaintzaren kasuan.

Sakon eta presarik gabe

Espainiako hainbat hedabidek zabaldu dutenez, gobernua osatzen duten alderdiek datozen asteetan onartu nahiko lukete lege proposamena batzordean, Kongresuko osoko bilkurara ahalik eta azkarrena iristeko, Gaztela eta Leongo hauteskundeen testuinguruan. Bestelakoa da, baina, EAJk eta EH Bilduk epeez duten iritzia. Legardaren esanetan, Barne Gaietarako Batzordeak lanak aurreratzeko urtarrila erabiltzeko erabakia boz horien aurrerapenaren berri izan aurretik hartu zen. Hala, azaldu du PSOEk eta UPk ez dutela halako presarik adierazi elkarrizketa mahaian: «Epe luzerako lege bat da, eta ez dago presaka ateratzeko beharrik. Kontuan izan, aurrera ateratzen ez bada, egungo legeak jarraituko duela». Iritzi berekoa da Iñarritu ere. Hark ere nahiago du gauzak ondo egin, presaka aritu baino: «Gaia sakonki eztabaidatzeko».

Legea Barne Gaietarako Batzordera iristeko bidea ere ez da presaka egin. 2015eko uztailean sartu zen indarrean mozal legea, herritarren eskubideen aldeko erakundeen protesta artean. Orduan, jada, «PPren aldebakarreko erreformaren» aurka egin zuen oposizioak, Legardak gogoratu duenez, eta testuinguru hartan aurkeztu zuen EAJk legea moldatzeko lehen proposamena. 2019an, ados jarri ziren hainbat alderdi, baina hauteskunde aurrerapenek bertan behera utzi zituzten saiakera hura eta hurrengoa.

Aurkeztutako hirugarren lege proposamena da, beraz, Barne Gaietarako Batzordearen txostenerako iritsi berri dena. Kostatu zaie, baina, hura bideratzeko azeleragailua zapaltzea. Izan ere, Espainiako Kongresuko Mahaiak 41 aldiz luzatu zuen proposamenari zuzenketak aurkezteko epea, Sanchezek urrian «gobernuaren lehentasunetako bat» zela adierazi arte, PSOEren Kongresu Federalean. Hala, legeak urte gehiago egin ditu sozialistak gobernuan direla PPren agintaldian baino, eta isun gehiago ere jarri dituzte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sare mugimendu herritarreko kideak, gaur goizean, Orozkon egindako agerraldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Alaitz Aramendi presoari «ezkutuko bizi osorako zigorra» jarri diotela salatu du Sarek

Olatz Enzunza Mallona

Bizi osorako zigorrik ez! Alaitz etxera lelopean, 7/2003 eta 7/2014 legeen aplikazioen ondorioz sortutako egoera salatuko du Sarek kanpaina batean.

Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbide atxilotu zituzteneko irudi bat, Maconen (Frantzia). Argazkian, kazteriak, poliziak ahaztutako poltsak arakatzen. ©Javier Villagarcia / EFE

Astelehenean libre geratuko da Izaskun Lesaka presoa, baldintzapean

Edu Lartzanguren

Frantziako Fiskaltzak helegitea jarri zion martxoan presoa askatzeko erabakiari, baina auzitegiak kontuan hartu du ETAk bere burua desegin zuela.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Udalek interes goreneko proiektuetan parte hartu behar dute»

Edurne Begiristain

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Legeari Eudelek egindako kritikak apaldu ditu Eudeleko presidenteak: «Ez gaude kontra». Udalen autonomia jarri du lehentasun gisa.
Euskal presoen gradu inboluzioen aurka egindako protesta bat, joan den otsailean, Getxon. ©Monika del Valle / FOKU

Hirugarren graduan jarri dute Iñaki Bilbao Gaubeka euskal presoa

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Basauriko kartzelan dago gaur egun. Tratamendu batzordeak proposatu eta Eusko Jaurlaritzak onartu du gradu aldaketa. 1998tik dago preso, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iosu Alberdi

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...