Borreroaren patu makurra

Pedro Urraca polizia frankista asko nabarmendu zen gerra osteko iheslarien kontrako jazarpenean. Ospea eta ondasunak lortu zituen, baina ahaztuta eta ondorengoek arbuiatuta hil zen.

Pedro Urraca, gaztetan. BERRIA.
gotzon hermosilla
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Pedro Urraca Bendueles polizia frankista bat izan zen, 1936ko gerraren ostean jazarpenetik ihesi zihoazen errefuxiatuen atzetik jardun zuena Frantzian, naziek lagunduta. Hark atxilotu zuen Lluis Companys Kataluniako Generalitateko presidentea; hark utzi zuen agintari frankisten esku, fusila zezaten. Euskal iheslarien ehizan ere aritu zen, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari Xabier Landaburu harrapatzear egon zen.

Frankismoaren beste borrero asko bezala, ankerra eta gupidarik gabea izan zen Urraca bere jardunean. Baina bazuen ezaugarri bereizgarririk: haren anbizio neurrigabea, alegia. Gorrotoak edo ideologiak baino gehiago, diru goseak eta gora egin nahiak mugiarazten zuten Urraca. Iheslarien kontrako jazarpena baliatu zuen frankismoaren eliteen artean ospea irabazteko, eta atxilotutakoei ebatsitako ondasunak, berriz, aberasteko.

Quindrop ekoiztetxeak Urraca, cazador de rojos (Urraca, gorrien ehiztari) izeneko dokumentala egin du polizia frankistaren inguruan. Katalanezko bertsioa duela hilabete batzuk aurkeztu zuten, zenbait zinemalditan egon da ikusgai, eta 2022ko amaieran emititu zuten Kataluniako TV3 eta Balear Uharteetako IB3 telebistetan. Gaztelaniazko bertsioa ere prest dute, datozen hilabeteetan Espainiako telebista publikoaren La2 katean emitituko dute, eta atzo aurkeztu zuten Sabino Arana fundazioaren egoitzan, Bilbon.

Pedro de Echave (Aviles, Espainia, 1963) dokumentalaren gidoilaria da, eta zuzendarietako bat. «Urraca polizia frankista zen, baina, ezer baino lehenago, urraquista zen, haren asmo nagusia ondo bizitzea eta gora egitea baitzen», azaldu du. «Bigarren mailako polizia zen, baina [Espainiako ministro eta Falangeko buruzagi] Ramon Serrano Suñer laguna zuen eta, horri esker, Frantziara bidali zuten, eta han ikusi zuen gora egiteko aukera».

Gestapoko kide

Frantziara ihes egindako errepublikazaleak zelatatzea, haiei jazartzea eta, aukerarik egonez gero, atxilotzea zen Urracaren eginkizuna Frantzian. Eta eginkizun hori asko erraztu zitzaion 1940ko ekainean naziek Frantzia mendean hartu zutenean. Urraca alemaniarrekin elkarlanean hasi zen eta Gestapoko kide ere bilakatu zen, E-8001 zenbakiarekin. Ordura arte Eusko Jaurlaritzak Parisen izandako egoitza bereganatu, eta handik zuzendu zuen iheslarien kontrako ehizaldia.

Asko izan ziren Urracaren atzaparretan erori eta, Espainiako agintari frankisten esku utzi ondoren, fusilaturik hil zituztenak: Julian Zugazagoitia eta Francisco Cruz Salido kazetari sozialistak, Joan Peiro ministro ohia eta abar. Guztien artean, bat nabarmentzen da: Lluis Companys Kataluniako Generalitateko presidentea. Urracak berak atxilotu zuen Ar Baolen (La Baule, Bretainia), Urracak galdekatu zuen Parisen, eta hari egokitu zitzaion Companys Hendaiaraino (Lapurdi) autoz eramatea.

«Urracak eta Companysek egun asko eman zituzten elkarrekin», esan du Echavek, «eta badirudi Companysek nolabaiteko aztarna utzi zuela harengan, gero bere egunkarian jasoko zuenez: han gogoeta egiten zuen Companys oso pertsona garrantzitsua izana zela baina orain ikusten zuela garaiturik eta heriotzarako bidean». Hendaiara iritsitakoan, Companysek eskatu zion Urracari argazki bat egiteko, emazteak jakin zezan oraindik bizirik eta onik zegoela. Eskatutakoa bete zuen Urracak: irudi hori urte asko geroago aurkitu zuten Urracaren agirien artean, eta han Companys zutik agertzen da, zigarro bat erretzen.

Euskal iheslarien kontra ere aritu zen Urraca. Jose Antonio Agirre lehendakaria atxilotu nahian ibili zen, baina hark Belgikara ihes egitea lortu zuen. Xabier Landaburu harrapatzear egon zen: lagun baten etxean zegoen Gestapoko kideak hara sartu zirenean, eta gutxigatik ez zuten Landaburu ikusi, ate baten atzean ezkutatuta.

Alsina itsasontzian Frantziatik ihesi egin nahi zuten euskal errefuxiatuei ere jazarri zitzaien Urraca. Ontzia Marseillako portuan irteteko zain zegoelarik, han agertu zen polizia espainiarra: iheslarietako batzuk atxilotu zituen, eta besteei ondasunak ebatsi zizkien.

Aparretan bizi

Nazien okupazioak iraun bitartean, eta iheslariei bahitutako ondasunei esker, aparretan bizi izan ziren Urraca eta haren emazte Helene Cornette, jatetxerik garestienetan bezero eta gaueko ikuskizunetara joanez. Amarru bat ere asmatu zuten bizimodu horri eusteko: «Elkarte bat sortu zuten, ustez juduei Frantziatik ihes egiten laguntzeko, Urracak ahalmena baitzuen Espainiara sartzeko agiriak emateko. Baina dirua, harribitxiak eta bestelako ondasunak Urracaren esku gelditzen ziren, gero baliza diplomatikoan Espainiara bidaliko zizkielakoan. Jakina, ondasun horiek ez ziren inoiz iristen».

Hori guztia amaitu zen aliatuek Paris hartu zutenean. Urracak handik alde egin zuen, egoitzan dokumentazio ugari utzita; Jaurlaritzak egoitza berreskuratu zuenean, agiri horiek guztiak topatu zituen, eta gaur egun Bilbon daude, Sabino Arana fundazioak kudeatzen duen Abertzaletasunaren Museoan. Frantziako agintari berriek Urraca epaitu eta heriotza zigorra ezarri zioten, baina ordurako polizia Francoren gobernuaren babespean zegoen, eta epaia ez zen inoiz bete.

Urraca 1983ra arte aritu zen lanean Espainiako Estatuaren zerbitzura. Espainiako justiziak ez zion inoiz konturik eskatu, ezta Franco hil eta trantsizioa gauzatu ostean ere: horretan, Urracaren kasua eta frankismoaren garaian errepresioan nabarmendutako beste zenbaitena oso antzekoak izan dira. Beste auzi batek eraman zuen Urraca galbidera: Espainiak Belgikan zeukan enbaxadan dirua desagertu zen, Urraca horren erantzule egin zuten, eta erretiratu zenean jaso beharreko pentsiotik kendu zioten diru kopuru hori. 1989ko irailean hil zenean, atzean geratua zen okupazioaren garaiko Parisko bizimodu distiratsu hura.

Haren biloba Loreto Urracak oso berandu ezagutu zuen aitona, eta harekin izandako kontaktu gutxi haietatik ez zuen inpresio onik atera: hotza, urruna eta burgoia begitandu zitzaion agure hura. Urraca hil ostean jakin zuen zertan aritua zen aitona frankismoaren garaian, eta dokumentalean azaltzen duenez, geroztik buru-belarri jardun du «prozesu zail eta mingarri batean», aitonaren krimenetatik urrundu nahian. Eleberri bat ere idatzi zuen horren inguruan, Entre hienas (Hiena artean) izenburua daramana. Historias Desobedientes izeneko erakundearekin elkarlanean ere aritu da: Hego Amerikako diktaduretan nabarmendutako militarren ondorengoek sortutako elkartea da, haien arbasoei arbuioa azaltzea helburu duena.

«Historias Desobedientes elkartearen esperientzia oso interesgarria da», esan du Echavek:«Eta horregatik jaso dugu dokumentalean. Hona ekartzea onuragarria litzatekeela uste dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.