Koronabirusa. Mundua

Erantzun asko krisi bakarrari

Latinoamerikan eta Kariben 88 hildako eta 6.258 kasu baieztatu dituzte gaur arte. Kopuruak oraindik txikiak diren arren, gobernuak hasi dira neurriak hartzen, bakoitza bere lehentasunen arabera.
Jair Bolsonaro presidentearen aurkako protesta bat.
Jair Bolsonaro presidentearen aurkako protesta bat. SEBASTIAO MOREIRA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Cecilia Valdez -

2020ko martxoak 26

Gainontzeko lurraldeetan bezala, Latinoamerikan ere neurriak gobernu bakoitzaren ezaugarrien araberakoak dira. Latinoamerikan oinarrizkoak dira gizatalde ahulenekiko hartzen diren erabakiak. Ez bakarrik gehienetan horiek ezin dituztelako beren gain hartu berrogeialdian jartzearen ondorioak, goi edo erdi mailakoek egiten duten moduan; baizik eta herritar horien bizi baldintza txarrek izugarri handitzen duelako birusa zabaltzeko arriskua.

Latinoamerikan eta Kariben, COVID-19ak 88 hildako eragin ditu, eta 6.258 kasu baieztatu dituzte. Duela ia bi astetik, herrialde gehienek antzeko neurriak hartu dituzte haren aurka: besteak beste, eskolak bertan behera uztea, herritarren mugimendua mugatzea, mugak ixtea, elkarretaratzeak debekatzea, arriskuan dauden pertsonen zaintza bermatzea, etxetik lan egitea sustatzea... Herrialde horietako batzuek erabateko itxialdia edo etxeratze agindua ere ezarri dute.

Brasilek eta Ekuadorrek dituzte hildakoei dagokienez daturik okerrenak, 46 eta 28 hurrenez hurren. Etor daitekeena aurreikusteko balia daitekeen analisi horretan oinarrizkoa da zenbakiak aztertzeko modua, eta horietan oinarrituz egiten den hautua, hau da, osasun publikoa bermatzeko neurriak hartzea, edo geroa «Jainkoaren esku uztea».

Argentinan, Alberto Fernandezen gobernuak eta haren Osasun ministro Gines Gonzalez Garciak prebentzioaren alde egin zuten, nahiz eta zenbakiak oso larriak izan ez; eta itxialdia ezarri zuten joan den ostiral gauerdian. Helburua da grafikoetako tontorra ahalik eta gehien leuntzea, eta bitartean egoerari eusteko neurriak hartzea, pandemia une gorenera heltzen denean osasun sistemak ez dezan gainezka egin Italian eta Espainian gertatu den moduan.

Politika publikorik ez

Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak hasieratik gutxietsi ditu pandemiaren arriskuak. Lehenengo, AEBetara egindako bidaiaren ostean, berrogeialdian jarri zuten, haren taldeko hainbat kidek positibo eman zutelako. Haren osasun egoerari buruzko zurrumurruak oraindik isildu ez zirenean, eta Osasun ministroak berak etxean geratzeko eskatu arren, eskuin muturrak Brasilian antolatutako manifestazio batean parte hartu zuen, Kongresua itxi eta Auzitegi Goreneko hainbat epaile kargugabetzeko eskatuz. Jende artean ibili zen han, eskuak estutu zituen, baita argazkiak atera ere.

Graxiela Rio de Janeiron bizi da, eta erakunde feminista bat zuzentzen du. Duela hamar egunetik bere etxean itxita dago 68 urte dituelako, eta arnasketa arazoak. «Egungo egoeran, Bolsonaro bezalako norbaiten esku egoteak kezkatzen nau gehien, baita politika publikorik ez edukitzeak eta txabola auzoetan eta espetxeetan dauden pilaketak ere. Toki horietan kutsatzeak askoz ere gehiago izango dira bizi baldintza txarren eraginez», azaldu du. «Hemen ez dago etxean geratzea agintzen duen neurririk, nahiz eta hori aholkatzen duten. Jende gutxiago dabil kalean, baina arriskuez ohartu direlako. Eztabaida ere piztu da Bolsonaroren eta neurri gogorragoak hartzen hasi diren gobernadoreen artean». Baina honek guztiak gobernuarekiko kritikak ere ugaritu ditu. «Ia egunero egiten dituzte haserrea erakusteko protestak».

Birusaren arriskuei garrantzia kendu diotenetako bi izan dira Txileko Osasun ministro Jaime Mañialich eta Mexikoko presidente Andres Manuel Lopez Obrador. Lehenak esan du koronabirusa aldatu daitekeela eta «pertsona on» bilakatu. Adierazpen harrigarri horiek egin ditu Txilen derrigorrezko berrogeialdia ezarri ez izana azaltzeko; han hildako kopurua handia ez bada ere, asko dira kutsatutakoak.

Eskapularioa eta kutuna

Lasai agertu da orain arte Lopez Obrador ere, eta herritarrei esan die kalera irteteko. Estatuburuak ziurtatu du berak birusaren aurkako «ezkutuak» eskapulario bat eta dolar bateko billete bat daramatzala diru zorroan, eta iragarri du ez dituztela «neurri gogorrak» hartuko. Birusak eragin dezakeen krisi ekonomikoaz galdetuta, berriz, banku eta enpresa handientzako laguntzak baztertu ditu Mexikoko Gobernuak.

«Ni egunekoarekin bizi naiz, eta ematen ditudan luzaketa klaseen eta aktore eta dantzari lanaren menpe nago», azaldu du Julietak La Plata hirian (Argentinan) duen egoerari buruz galdetuta. Julieta, segurtasunik gabeko lanen menpe dauden beste asko bezala, ekoizpen katearen katebegi ahulena da, eta azken egunetan alternatibak bilatu behar izan ditu krisia gainditu ahal izateko.

Julieta kezkatuta dago bai gutxieneko neurriak betetzen ez direlako, bai muturreko itxialdia ezartzeak haren eta milaka herritarren egunerokoan izan ditzakeen ondorioez. «Ez dakit nola izango den Europan, baina hemen oso fisikoak gara: elkartzea, besarkatzea, ukitzea asko gustatzen zaigu, eta oso zaila egiten da halakorik ezin egin izatea», azaldu du. «Agian pozik nago krisi hau Alberto (Fernandez) presidentetzan denean heldu delako, eta ez Macrirekin. Uste dut hauek askoz hobeto kudeatzen dutela». Macriren gobernuak ministerio kategoria kendu zion osasun arloari, eta gobernu berriarekin bere estatus historikoa berreskuratu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Meteoritoak argia eta eztanda handi bat sortu ditu. ©BERRIA

Meteorito bat lehertu da Japoniaren gainean

Berria

Eztanda handia entzun da Kanto eskualdean, objektua 150 tona TNTren pareko indarrarekin lehertu denean.

Etioiako armadako soldaduak, ariketa militar bat egiten, Addis Abeban. ©STR, EFE

Etiopiako armadak Tigrayko hiriburua hartu du, Abiyren esanetan

Gorka Berasategi Otamendi

Herrialdeko lehen ministroak azaldu duenez, Mekelle hiria «guztiz kontrolpean» du gobernu federalak.

Araujoko hautesmahai bateko kideak lanerako prest, udal hauteskundeetako lehen itzulian. ©FERNANDO BIZERRA / EFE

Ez dira udal hauteskunde soilak

Gabriel Puricelli

Brasilen udal hauteskundeek egiten dute agintaldi erdiko bozen lana, eta gobernuan den alderdiaren edo buruzagiaren indarra ere neurtzen dute. Baliteke Jair Bolsonaro ahulduta irtetea oraingo hauetatik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.