BI TARTE

Glup

Ane Labaka Mayoz eta Malen Amenabar Larrañaga
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Joan den asteburuak hiru mila andreren gorputzak lurrikaratu zituen Durangon: ia aldi berean, baina mila forma ezberdinetan. Dar-dar egin zuen Landako gunearen kristalezko sabaiak. Emakume hitzaren ondoan ezarritako asterisko hausnartuak bizitza propioa hartu zuen eta, boteretuta, itzuri egin nahi izan zion aurrean zuen kategoria itxi eta zurrunari. Nik ere sentitu nuen astinaldi hura nire azalean. Eta barrurago. Bihotz errea eragin zidaten zenbait hitzartzek eta jakin badakit su baxuan berotutako salda kolektiboak digestio mantsoa eskatuko didala orain. Ez naiz aje emozionala luze joango den irudipena daukan bakarra.

Esango nuke parte hartzaile bakoitzak bere erara bizi izan zituela hiru eguneko jardunaldiak. Bakoitzak bere talaiatik, bere erraietatik, bere zirraratik.

Nik, pertsonalki, nahi baino urrutiagotik jarraitu behar izan nuen han egosten ari zena. Hala ere, ordenagailuko pantailari itsatsita igaro nuen ostiral osoa, mahai-inguruetan esandako guztia streaming bidez jarraitu nahian. Infusioa, zuzeneko emisioa, apunte zirriborratuak eta sare sozialetako argazki eta hariak tartekatu nituen modu konpultsiboan eta bertaratu ziren lagunei inbidia adina jakin-nahi zuten mezuak bidali nizkien iluntzea iristerako.

Arratsaldean kontzentrazio handia eskatuko zidan konpromiso bat nuenez, larunbat goizean neure burua behartu nuen dagoeneko guztiz harrapatua ninduen Gorputzak eta sexualitateak izeneko mahai-inguruaren emisioa etetera.

Igande goizean batere lorik egin gabe esnatu nintzen. Eta halaxe joan nintzen Durangora, begi zuloak sekula baino zuloago bilakatuta. Anbotopean gertatzen ari zenarekin blaitzeko gogoa sentitzen nuen barrenean: bat gehiago izateko beharra. Etorkizunerako «ni ere han izan nintzen» bat baino, orainaldirako «ni ere mugimendu honen parte naiz» bat izan zela uste dut. Astelehenetik asteazkenera bitarte berriro entzun nituen ponentzia ezberdinetan esandakoak.

Ordutik, Bilgune Feministako kide Amaia Zufiari entzundako esaldi bat daramat buruan iltzatuta. Honelako zerbait azpimarratu zuen berak: «Aniztasunak festa bat dirudi, baina gatazka bat da». Aurrekoari tiraka, Itziar Gandarias Euskal Herriko Mundu Martxako plataformako ordezkariak «kontsumorako feminismo bat» zabaltzen ari dela azaldu zuen bere hitzartzean: «Aniztasuna oso modan dagoen termino bat da. Kapitalismoak oso ongi bereganatu du eta modu alaitsu batean erakusten zaigu, baina zapalkuntzak ezin dira kapitalizatu».

Guk ere gorazarre egin diogu maiz aniztasunari eta, oharkabe, kontzeptua esanahiz hustu dugu. Zapalkuntzen metaketari buruz hitz egin dugu, intersekzionalitatea eta elkarrekiko errespetua banderatzat hartuz. Elkarren beharra daukagula onartuta, «subjektu anizkoitz poliedrikoaz» dihardugu abstrakzio horretan nor kabitzen —eta, batik bat, nor kanporatzen— den hain argi jakin gabe. Geure burua zapaldu gisa identifikatu dugu, zapaltzen gaituztenak seinalatu eta zuzenean interpelatzeko asmoz. Gu emakumeak, gu euskaldunak, gu zapalduak. Beti horren gu.

Baina ai, zein nekeza zaigun orain beste norbaitek gu interpelatzea. Zein zaila den begiradari buelta eman, norbere kontraesanak azaleratu eta gure zapaltzaile izaera onartzea. Kide arrazializatuek eskatu bezala, pribilegioak indarrez inarrostea.

Dekolonitateari buruzko mahai-inguruan merezitako egurra jaso genuen beraien ahotik. Une batean, zuriak ez ziren pertsonei eskua altxa zezatela eskatu zieten. Glup. Zurion supremazia bistaratu zen. Biharamunean, jardunaldi feministen baitan eraso arrazista bat jazo zela jakin genuen antolatzaileek irakurritako ohar baten bidez.

Arestian aipatutako gorputzei eta sexualitateei buruzko mahaian, aldiz, honako galdera plazaratu zuen mahaikideetako batek: «Izan al daiteke heterosexuala eta feminista?». Glup.

Gatazka eta deserosotasuna nonahi. Eta bitartean, haietako batek kontatu didanez, gizonezkoak poz-pozik. Pozik, gure artean eztabaida sortu zelako. Pozik, eztabaida horrek mugimendua arrakalatu beharrean indartu egingo duela ohartu gabe. Pozik eta prest, Durangon gertatuari buruz hitz egin eta publikoki beraien iritzia emateko.

Feminismoak irakatsi dit gauza askori buruz hitz egiten, diskurtsoak eraikitzen, izendatzen, birpentsatzen... Behar denean hitza hartzen. Baina feminismoari esker ikasten ari naiz, batez ere, behar den unean eta lekuan isilik egoten. Barrutik tripak jaten egon arren, zenbait gairen inguruan hitz egiteko zilegitasunik ez daukadala onartzen. Eta, horrelakoetan, besterik gabe, entzuten.

Emakume arrazializatuek salatu zutenak paralelismo argiak ditu, nire ustez behintzat, guk bizitakoarekin. Ez dute kuota izan nahi; argazkietarako edo karteletarako loreontzi soilak. Hitz egin egin nahi dute eta entzunak izan. Inork ezin du beste inoren izenean hitz egin, kide ez garen kolektibo bati ahotsa jartzeak beraiei kentzea ekar dezakeelako.

Feminismo antikapitalista, antiarrazista eta antikoloniala deserosoa izango da, edo ez da izango. Horregatik, tarteka, isilik egotea dagokigu. Eta zuei, tarteka baino gehiagotan, isilik egotea dagokizue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.