BI TARTE

Gogorarazte bat

Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Lasaitasuna hausten denean ohartzen zara lasaitasun hori ez zela egiazkoa. «Gerra egon badago», beti ari dira zerbait egosten lurpeko bulego likitsetan. Kabat operazioa deituko diote orain. Presoei egindako ongietorriak dira arazoa orain. Beste lau izen titularretara irauliak orain, asteazken goizean goizetik, aurrez lurpe horietan aipatuak, borobilduak eta berridatziak duela urte eta erditik; herri zati bat albiste berrien zain orduero, gertukoek eskuak burura, efemeride gehiegi.

Beste lau izen atxilotu eta askatu dituztenak egunean bertan, baina ohartarazi dituztenak zerbaitez. Beraiek, eta herri zatia, eta gertukoak. Gogorarazte argi bat, zalantzarik uzten ez duen horietakoa. Soka gehiegi luzatu zaion etxe-abereari azken orduan egindako tirakada. «Zu hona». Jabe zorrotzak badaki zelan orekatu zigorra eta saria.

Eta orain zer? Pasatu da. Hau albiste jazo-berriak dakarren alarmaz eta gaurkotasunez idatzita dago; zuretzat gaur domeka da. Gaurkotasuna egun bat irautera kondenatuta dago euskarazko esanahian. Beste gorputzaldi batekin gaude etzidamuko gaurrean, seguru. Etxe-abereari ere kateak egindako zauriak sendatzen hasten zaizkio laugarren egunean, eta guk, zauria zauriaren gainean, azal gogor horitu bat dugu, dena erlatibizatzera behartzen gaituena aldiro. Ikasi ditugu beste lau izen gehiago —lehendik bi bagenekizkien—, Antton, Oihana, Haimar eta Oihana. Eta pentsa dezagun ez dela pankartarik egin beharko izen hauek askatzeko eskatuz, ez kartelik, ez esloganik, ez kanturik, ez bertso saiorik, ez bideorik. Zaila da tantakako ekintza judizial, polizial... programatu hauen ondorioei modu itxaropentsu eta irudimentsuan erantzutea, geroz eta zailagoa, «superpotentzia emozional» honentzat ere. Egin egingo genuke, baina nekea darigu, eta sumatu beharko lukete beste zerbait dela gaurkotasun honi dagokiona, gaurkotasunaren zentzu zabalenean oraingoan. Badago jende mota bat, hala ere, ez duena ulertzen gauzak noiz amaitzen diren, eta hortxe dirautenak, segi eta segi, gainerakoen deserosotasunaz gozatzen.

Letra eta zenbaki gehiegi ikasi ditu herri zati batek. Izenak, datak, errepideak, posta kodeak, sumarioak, telefonoak, albisteak, gezurrak, urteurrenak, isunak, gutunak, zutabeak, kilometroak, matrikulak, orduak, prezioak. Denak gehiegi. Ez da ikasi nahi zuen zerbait, baina badaki, eta orain eskubidea du pixkanaka horiek askatzen joateko presoak libre geratu ahala. Ez du beste inori irakatsi beharrik izan nahi, behintzat.

Baina ai, lurpeko bulegoetan ere letra eta zenbaki gehiegi dakizkite. Eta horiek zelan askatu? Zer dela eta, gainera? Ikasitakoa beti da baliagarria. Pentsa zenbat izen, zenbat bizitza zati titularren txinparta artera atera daitezkeenak uneak hala eskatzen duenean. Lasaitasuna aspergarriegi egiten zaienean, edo bestelako eskandaluren bat difuminatu behar denean. Beti hor, anakroniko baina puntual, goizean goizetik.

Kuriosoa da bizikidetzaren bandera gehien astintzen dutenak direla gero jendea atxilotzeko prest daudenak, edo beste mila hitzaldi edo ekimen zentsuratzeko eskatzen dutenak. Eztabaida daiteke ongi etorriez, minaz, bizikidetzak duen esanahiaz, baina ez epaitegietan; hor berandu da eztabaidatzeko, hor berriro papurtzen da zerbait eraikitzeko balio zezakeen material hauskor hori, iluna eta minbera, baina indar handiduna behar bezala biguntzen jakinez gero.

Domeka da. Demagun ez dela beste ezer gertatu asteazkenetik. Askatu dituzte eta hurrengo sustora arte. Gogorarazte bat izan da. Gogoratu dezagun, ba, Pedro Sanchezek eskatu ziola fiskaltzari iazko uztailean presoei egindako harrerak ikertzeko. Badaezpada. Espainiatik ezkerreko promesak eta poz txikiak espero diren honetan, malgutasun posiblea eta irekitasun balizkoa usaintzen ditugun honetan, ez ahaztu jabe zorrotzak badakiela zelan bezatu edonor, eta bere interesen arabera nasaituko edo tenkatuko duela soka, ez gure zamako minaren arabera. Orain zigorra, orain saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.