Albistea entzun

Misilak gelditu dira; mina, ez

Hamasek eta Israelek Gazaren aurkako erasoaldia gelditzeko su-etena adostu eta hilabete eta erdira, bonbardaketen ondorioak bizi-bizirik daude bi milioi biztanleko eskualde horretan.
Palestinarren aldeko protesta bat, Karatxin, Pakistanen.
Palestinarren aldeko protesta bat, Karatxin, Pakistanen. REHAN KHAN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Joan Cabases Vega -

2021eko ekainak 29 - Beirut

Ospatu egin genuen», ekarri du gogora Atefek, Beiruten bizi den iheslari palestinarrak: «Su-etena eta Gazaren aurkako erasoaldiaren amaiera iragarri zutenean, goizaldeko ordu biak ziren, baina jendea kalera irten zen ospatzera». Aurreko 11 egunak oso motel igaro ziren; Libanon errefuxiatutako milioi erdi palestinarrek gertutik jarraitu zuten erasoaldia. Atefek erakunde palestinar batean lan egiten du, eta maiz joaten da Libano osoan dauden behin-behineko errefuxiatuen kokaguneetara: «Gazako palestinarren aurkako erasoak etengabeko kezka izan ziren Libanoko iheslarientzat. 1948ko Nakba-z geroztik, beren nortasunaren bila ari dira, eta, beraz, Palestinan gertatzen den guztiari lotuta daude». Baina misilen amaierak ez du esan nahi eragindako mina amaitu denik.

Setiatutako eremuan, zeina autoz ordubete baino gutxiagoan zeharka daitekeen eta bi milioi pertsona baino gehiagoren bizitokia den, bonbek kaltetuta utzitako 50 bat eskola eta lehen hezkuntzako dozena bat ikastetxe daude. COVID-19a atzemateko probak egiten zituen laborategi bakarra ere kaltetutako instalazioen artean dago. Berdin gertatzen da ur hoditeria eta argindar sarearekin ere, eta, ondorioz, egunean 21 orduko mozketak daude, baita erietxeetan ere.

«Gazako jendeak soilik dakigu bonbardaketa horiek zer ondorio dituzten», dio Hassan Khurik. Bere familiarekin bizi da Rafahn, Gaza hegoaldean. Barqako erbesteratuak dira, Gazatik 37 kilometrora dagoen eta egun Israelenmenpekoa den herri batekoak: «Gure sufrimendua su-etenarekin batera hasten da. Amaitu gabeko istorio eta hondoratutako amets asko». Gazako herritarrek 40 urtean zazpi erasoaldi jasan izanak ez ditu misiletara ohitzen: «Bonbardaketen ondoren bizitzara itzultzen bagara da bizitza ez delako inoiz gelditzen, ez bonbardaketak guretzat naturalak direlako». Baina Hassanek Gazako atsotitz bat gehitu du: «Bizirik egoteak ez du esan nahi bizirik atera garenik».

Gazako herritarren erdiak 18 urte baino gutxiago dituzte, eta haietako askok gutxienez hiru erasoaldi bizi izan dituzte 2008tik. Unicefen arabera, litekeena da 500.000 haur inguruk laguntza psikologikoa behar izatea maiatzeko erasoaldiaren ondoren. Aurreko aldiarekin alderatuta, kopurua handiagoa da; orduan, laguntza psikologikoa behar zuten haurrak heren bat ziren. Beheraldia eta segurtasunik eza dira diagnostiko ohikoenak. «Galdetzen dute ea noiz izango den hurrengo gerra, eta zer egingo duten iristen denean», azaldu du Sami Owaida psikiatrak, Reutersi Gazatik egindako adierazpenetan. Suzy Eshkuntanak, artatzen duen gaixoetako batek, 16 urte ditu, eta duela hiru aste erreskatatu zuten hondakin artetik. Denbora honetan ezer gutxi hitz egin du, amari eta lau anaiei buruz galdetzeko ez bada —bonbardaketan hil ziren guztiak—.

Horiek dira Israelen eta Hamasen arteko azken borrokek utzitako ondorioetako batzuk. Israelek dio duela hamabost urtetik indarrean den Gazaren blokeoa beharrezkoa dela Hamasek erasoak egiteko modua egingo liokeen armamentua lor ez dezan. Giza eskubideen defentsarako taldeek ohartarazten dute neurri hau zigor kolektibo bat dela Gazako herritarren aurka, eta palestinar askok diote Hamas aitzakia bat dela gizarte zibilaren aurka jotzeko.

Azken asteetan, Israelgo eta Palestinako prentsak zabaldu du Tel Aviv galtzen atera dela maiatzeko erasoalditik. Tareq Baconi analistak +971 Magazine aldizkariari adierazi zionez, hiri sakratuan maiatzaren 10ean izaten ari ziren matxinadei babesa adierazteko miliziek jaurtitako suziriek gezurtatu egiten dute Hamasek Gazatik haratago eraginik ez duela dioen baieztapena. Erasoek ezustean harrapatu zuten Benjamin Netanyahu lehen ministroa, eta gaizki uzten dute Al-Fatah, zeina Hamasekin lehiatzen den palestinarren lidergo politikoa eskuratzeko. Mahmud Abbas buru duen alderdiak Israelen onespenarekin agintzen du Zisjordanian, eta bere irudia kaltetua geratzen da Hamasek Israelgo erregimenaren aurka egiten duenean, palestinarren babesle nagusia balitz gisan.

Abbasek bertan behera utzi zituen udaberrirako aurreikusiak zeuden eta hamarkada batean baino gehiagoan egitekoak zituzten presidentetzarako lehen hauteskundeak, Hamasek irabaziko zituen beldur. Baina klase politiko palestinarraren banaketak talka egiten du azken asteetan Palestina historikoaren inguruan agertutako batasunarekin. Seikh Jarrah auzoko kanporatzeen aurkako protestak eta Gazaren alde Zisjordanian eta Israelen egindako manifestazioak ezustekoak izan dira Israelgo Gobernuarentzat, eta harro egoteko arrazoia jazarpena handitzen den artean beren buruari erresistentziari nola eutsi galdetzen dioten ekintzaile palestinarrentzat. Gazaren aurkako erasoaldiak bigarren tokian utzi du gainontzeko lurraldeetan palestinarrek jasaten duten jazarpena. Zisjordanian, Israelgo Poliziaren indarkeriak dozenaka palestinarren heriotza eragin du azken asteetan, eta judu eta arabiarren arteko liskarretan atxilotutako 2.100 lagunetatik %91 palestinarrak izan dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Giorgia Meloni FdI ultraeskuindarraren buruzagia, gaurko ordu txikietan, emaitzak ospatzen ©EFE

Ultraeskuindarrak buru dituen gobernu bat aldarrikatu du Melonik

Ander Perez Zala

Koalizio eskuindarrak irabazi ditu Italiako Parlamenturako bozak, botoen %44 inguru bilduta, behin-behineko emaitzen arabera. Abstentzioa inoizko handiena izan da: %36.

Luhanskeko (Ukraina) herritar bat, Errusiara anexionatu ala ez erabakitzeko erreferendumean bozkatzen. ©STRINGER / EFE

Ukraina ekialdeko erreferendumek beste fase batera eraman dute gerra

Gorka Berasategi Otamendi

Lurrak anexionatuz gero, Moskuk bere legeen babesa izango luke eremua arma nuklearrekin defendatzeko. Errusiako Poliziak 740 lagunetik gora atxilotu ditu gerraren kontrako protestetan

 ©SARA DE CEANO-VIVAS NUÑEZ.

Kurdistan. Argi bat Ekialde Hurbilean

Berria

Liburu honek bidaia bat proposatzen du herri kurduaren historian. Izan ere, Ekialde Hurbileko herririk garrantzitsuenetakoa osatzen dute kurduek, eta, azken urteetan, Rojava bera utopiaren sinonimo bilakatu da, oasi bat fundamentalismoaren basamortuan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...