Albistea entzun

PSV EINDHOVEN REALA 2 2

Philipsekoek pilak, eta Realak kandela

Txuri-urdinek bina berdindu dute Europa ligako estreinaldian, PSVren aurka. Galtzen hasi eta gero, irauli egin du; bigarren zatian heldu da berdinketa. Jokalari asko, minez
Mario Goetze eta Aritz Elustondo, atzoko partidako une batean lehian.
Mario Goetze eta Aritz Elustondo, atzoko partidako une batean lehian. OLAF KRAAK / EFE. Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ander De la Hoz -

2021eko irailak 17

Golak. 1-0: Goetzek (31. min). 1-1: Januzajek (33. min.). 1-2: Isakek (39. min) 2-2: Gakpok (53. min).. B multzoan: Monako-Sturm Graz (1-0=).

Sufrituta, baina Realak puntu bat bildu zuen Europako estreinaldian. PSVk izugarri estutu zituen txuri-urdinak, eta gertu izan zuen garaipena. Pilak bete-bete eginda amaitu zuten Philips Stadiumekoek; donostiarrek, ahituta. Nekez lortu zuen puntua lotzea; fedeari kandela bat piztuta amaitu zuen, Armando Obisporen taldeak hirugarren gola egin ez zezan, eta Cristorenak, Cristo Romerorenak alegia, eutsi ziezaion. Espainiarrak atzo debutatu zuen Realarekin.

Donostiarrei kosta egin zitzaien partidari neurria hartzea. David Silvak beroketan min hartuta, hotz zelairatu zen. Indartsu zelairatu zen, zaleen bultzadak hauspotuta. Giroa bero-bero zegoela, txuri-urdinak estutu egin zituzten lehendabiziko ordu erdian.

Baloi jabetza eskuratu eta erasora emanda aritu ziren etxekoak. Erauntsi hori gelditu nahian aritu ziren txuri-urdinak, baina ezin. PSVk Realaren atera jo zuen etenik gabe, eta 24. minutuan Noni Maduekek lehen gola izateko abagunea izan zuen. Lehen abisua izan zen.

Reala suspertu beharrean zen, eta Adnan Januzajek horren ohikoak dituen dirdai horietako batekin gertu izan zuen 0-1ekoa egitea. Baloia ederki eraman zuen, eta area kanpotik egindako jaurtiketak langan jo zuen.

Itxura zuen txuri-urdinek aurrerako urratsa egin zutela, eta baloi jabetza gehiago izan zuenean heldu zen lehen zaplaztekoa.

PSVk markagailuan aurrea hartu zuen 31. minutuan. Ezker hegaletik ondutako jokaldi batean, eskuinera aldatu zen jokaldia, eta Maduekeren jaurtiketa ezin izan zuen geratu Alex Remirok. Mario Goetzek sareetan sartu zuen alderatzea.

Partida maldan gora jarri orduko erantzun zuen Realak. 33. minutuan Januzajek bikain errematatu zuen Joseba Zalduaren erdiraketa bat. Berandu baino lehen indarrak orekatzea gako izan zen lehen zatiaren hondarrerako.

Izan ere, handik sei minutura bigarrena egin zuen Realak:zailena egina zuen. Beste behin, Zalduaren erdiraketa fin batek ekarri zuen gola. Alexander Isaki pase egokia eman zion, eta suediarrak ez zuen hutsik egin. 39. minutuan, nagusi zen Reala.Txuri-urdinek arazorik ez zuten izan atsedenaldira artean, baina egoerak lehengora egin zuen bigarren zatiaren hasieran. Neurketa abiatzean nola, PSVk beregain hartu zuen jokoa antolatzeko ardura, eta arazoak sortu zizkion Realari. Harik eta 53. minutuan etxekoek bigarrena egin zuten arte.

Goetzek bere kalitatearen printzak erakutsi zituen, Zalduari aise alde egin eta sakoneko pasea emanda. Cody Gakpok egin zuen binako berdinketa.

Hurrengo minutuetan Herbehereetakoak izan ziren nagusi, eta Realeko jokalariek arazo fisikoak izan zituen: Robin Le Normandek zangoan min hartu zuen, Igor Zubeldiari zauria egin zioten, eta Zalduak karranpak izan zituen. Lesio gehiegi lehen jardunaldirako.

Realak akituta igaro zituen azken minutuak. Asko sufritu zuen, eta atzean sartuta igaro zituen azken minutuak. PSVk hasi bezala amaitu zuen, Realaren arean jira-biraka. Azken minutuetan langara bota zuen baloi bat. Kostata, markagailuari eusten saiatu zen Reala. Kandela ez zen itzaldu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alaveseko jokalariak, partidako gol bakarra ospatzen, Mamadou Loumek sartutakoa. ©DAVID AGUILAR / EFE

Arnasaldisakona

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek bigarren garaipena kateatu du, Elxen aurka, Loumen gol bati esker. Jaitsieratik irten da behin-behinean
Rodrigo Salinas Bidasoako jokalaria, jaurtitzen, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bidasoak lehen garaipena lortu du Europako Ligan

Berria

Irundarrek lehen zatian eginiko lanari esker irabazi diote Pfadi, Artalekun, ligaxkako bigarren jardunaldian: 32-28
Pilotari ematear. ©JON URBE / FOKU

Balantzaren desoreka, agerikoa

Mikel O. Iribar

Aspe azken urteetan daraman bolada ona berresten ari da lau eta erdikoan ere; hiru pilotari sartu ditu finalerdietan; Baikok, berriz, bakarra. Asteburuan jokatuko dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.