BI TARTE

Erregimena

Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Bizitza osoa dietan(«regimenean») pasatu duten emakumeen etxeetatik gatoz. Oroitzen ditut izebak etalehengusinak otorduetatik ihesi, hautsez betetako poteak etapilulak mahai gainean, zuku berdeak eta banilla usaina. Beti ziren erabaki erradikalak. Gerrarako bezala prestatzen ziren elkarrekin. Aste latzak zetozkien aurretik, eta denok geunden horren jakitun; inork ezin zien ogirik edo gozorik eskaini, mutur beltzarekin erantzuterik nahi ez bagenuen.

Armairuak Coca-cola Light-ez betetzen ziren, Vitalineaz eta koiperik gabeko gaztanberaz hozkailuak, dena arrosa edo more argia, eta produktu denetan emakume baten sabel eta mokor finen irudi bera ageri zen, galletetatik hasi eta sakarinaraino: bi marra kurbatu eta zilbor txiki bat, bularrik eta bururik barik, Samotraziako Victoria ihartu eta hegogabetu mordo bat. Besteok ezin genituen jaki haiek ukitu, regimenekoak ziren, eta regimena gauza gogorra eta eskasa zen. Eta, okerrena, ez zen inoiz amaitzen.

Urtero baitzegoen plan berriren bat gurean, fede berriren bat, aurreko udaberrikoa baino hobea eta bizkorragoa, hala baieztatzen zuelako aldizkariko gehigarri berriak, portadan sagar berde bat zinta metriko hori batekin estututa zekarrenak, sagarra ere ez baitago sagarrari dagokion forman. Hidratorik gabeko dieta, koloreen araberakoa, orburuarena, azenarioarena, urarena, baraualdiena, hipokalorikoa, gordina, paleolitikokoa, Dukanena... denak etxekotzen genituen maiatzean.

Umeok barre egiten genien. Higuinez baztertzen genituen jogurt arrosa haiek, eta txokolatezko kopak irensten genituen postre garaian, susmatu gabe noizbait iritsiko zela noraeza guganaino ere, eta pazientziaz itxarongo gintuztela marka haiek guztiek hozkailuko iluntasunean. Gure izebek eta lehengusinek ikasitako guztia edo are gehiago ikasiko genuen guk ere handik urte gutxira, badirudielako beraien gorputzei kontra egiten bizi diren emakume tristez bete nahi digutela mundua. Gosaltzeko tostada integrala eta kafe hutsa, hamaiketakoan sagar bat, bazkaritan arrain zuria eta barazki egosiak, te berdea, zergatik dakizkigu gauza hauek, ikasarazi diguten zabor zerrenda amaigabea, iragarkitik amara eta amatik alabara igarotzen den hizkuntza mutilatzailea.

Ezagutzen ditut hizkuntza horretan mintzo direnak, begiratu bakarrean esaten dakigunak nork daukan harreman gatazkatsu bat pareko platerarekin. Nork ez? Maiatzaren 6a Dietarik Gabeko Eguna izan omen da, eta barregura eman dit, hemen jakien merkatuak eta merkatu hori elikatzen duen ideologiak aspaldi lortu dutelako askoren bizimodua dieta kroniko bilakatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.