BI TARTE

Arrosarioa

Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo Astigarraga
2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Irakurri berri dut arrosarioaren bidez, normalki, hamabost misterio edo gertakari gogoratzen direla. Hemen doakizue neurea, alerik ale:

Bat. Familiako zaharrenei umetatik entzun izan dizkiet «urlia apaizak utzi zuen haurdun», «sandia apaizarena da» eta antzerakoak. Bi. Hiru. Lau. Bermeo. Felipe anaia. Bost. Elgoibar. Don Andoni. «Eta esan zidan zigortuta nengoela, eta bere etxera joan beharko nuela igandean, latineko lezioa ondo ikasteko». «Sartu nintzen, eta esan zidan bere gainean esertzeko. Eskua sartzen hasi zitzaidan izterretatik, eta ukituak egiten. Ni beldurtuta nengoen, paralizatuta. Esaten dudanean 'paralizatuta', hori da: guztiz paralizatuta». Sei. Zumaia. Don Ramon. «Hasi zitzaidan kontatzen Jesusek maitasunaz eta elkar maitatzeaz zer esaten zuen. Orduan hasi ziren ukituak. Alde guztietatik sartzen zidan eskua. Olagarro bat zen». Zazpi. Zenbat gorde dira isilpean? Zenbat gehiago irtengo dira pixkanaka argitara?

Zortzi. Ez ninduten bataiatu, ez nuen jaunartzea egin. Eta, hala ere, egunkarian sotana beltz bat agertzen den aldiro berritzen zait erraietan apostasia egiteko gogoa. Bederatzi. Duela urte gutxi sartu nintzen lehen aldiz eliza batean. Zorionez, herri batzuetan hasiak dira kulturako baino ez ziren espazioak kulturarako ere baliatzen.

Hamar. Jainkoa ez bezala, leku guztietan zaudetela sentitzen dut. Nire errenta aitorpenean agertzen zarete, eta auzoko supermerkatu txikian txartelarekin ordaintzean ere botoi gorria sakatu behar izaten dut zuei hamar zentimoko dohaintza ez egitekotan. Elizatik kanpo poltsa pasatzeko modu berriak asmatu dituzue. Hamaika. Gure legedietan zaudete, gure egutegietan, gure gorputzetan. Gure gorputzetan egon nahi duzue, guk hala erabakita abortatzera goazenean medikuak umekiaren taupadak entzutera behartu gaitzan.

Hamabi. Nahi beste botere izan duzue, nahi beste inpunitate. Abusu kasuren bat agertu denero, beste leku batera mugitu eta nahikoa. Nahi beste botere daukazue oraindik ere. Hamahiru. Ez dizuet sinesten. Ez dut zuen balizko fede onean sinesten. Beharko karitatea eduki, egin izan dituzuenak egin eta gero lasai lo egitekotan. Hamalau. Ez dut gutxieneko loturarik nahi zuekin. Sutu egiten nau nik nahi nukeena baino lotura handiagoa daukadala onartu behar izateak.

Hamabost. Zama historikoa du gure minak. Hil ondorengo paradisuaz mintzatu bitartean, infernuak sortu dituzue gure bizitzetan. Horrexegatik opa dizuet infernurik infernuena; kiskal zaiteztela bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.