Tokio 2020. ATLETISMOA

BATEN FALTAN, ASKO

Lehen Olinpiar Jokoak izango dira Usain Boltek erretiroa hartu zuenetik. Hura gabe, arreta ez da jarriko toki bakar batean, askotan baizik: Duplantis, Warholm, McLaughlin, Lyles, Hassan, Crouser, Gidey, Fraser-Pryce... Ikuskizuna espero da.

BERRIA.
Julen Etxeberria.
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Lau urte joan dira Usain Boltek erretiroa hartu zuenetik. Atletismoaren historian arrasto ezabaezina utzita esan zuen agur atleta jamaikarrak: zortzi aldiz izan zen txapeldun olinpiko, eta 11 bider munduko txapeldun. Munduko hiru marka ikusgarriren jabe ere bada—100 metrokoan (9,58 segundo); 200 metrokoan (19,19 segundo) eta 4x100 metro txandakakoan (36,84 segundo)—, eta, guztiaren gainetik, pistan makina bat erakustaldi zirraragarri eman zituen. Hamarkada bat egin zuen gailurrean. Inor ez zen gai izan hura tontorretik jaisteko. Ez zuen izan amestutako agurra. 2017ko Londresko Munduko Txapelketan, hirugarren izan zen 100 metrokoan, eta, min hartuta, ez zuen bukatu txandakakoa, haren ibilbideko azkeneko lasterketa. Hala ere, toki pribilegiatua du atletismoaren historian. Letra larriz azalduko da haren izena, handienen parean. Horregatik, ezinbestean sumatuko da haren falta Tokion. Aurreneko Olinpiar Jokoak dira, atletismoa utzi zuenetik.

Baina ez dago txarrik onik ez dakarrenik. Hura gabe, iragana da atleta bakar batek arreta osoa bereganatzen zuen garaia. Indartsu datoz gazteak, eta zenbait beterano sasoi betean dabiltza oraindik ere. Guztiek izango dute euren tokia. Inork ez ditu utziko itzalpean, eta distira egiteko aukera izango dute.

Armand Duplantis (Lafayette, AEB, 1999) da izar gazte horietako bat. Pertika jauzilari suediarrak ezinezkoa zirudiena lortu du:Sergei Bubka handiak egindakoa txiki uztea. Bitan hobetu du munduko marka: 6,18 metroko altueran jarri du. Duela urte eta erdi egin zuen azkenekoz. Tarte horretan, marka ikusgarri hori gainditzen saiatu da, baina alferrik. Hori gutxi balitz bezala, aspaldiko partez, lehiatzera joan, eta ez du irabazi. Maiatzean gertatu zen hori, Gatesheaden (Ingalaterra), Diamantezko Ligaren lehen bileran. Sam Kendrick estatubatuarra aurreratu zitzaion berriro: azken txapelketa garrantzitsuan ere beste horrenbeste egin zuen, Dohan, 2019ko Munduko Txapelketan. Duplantis jakinaren gainean dago. Agerikoa da oso-oso altu jauzi egin dezakeela —6,10 metro egin du salto sasoi honetan, Renaud Lavillenie bigarren sailkatuak baino hemezortzi zentimetro gehiago—, baina erakutsi behar du presioari ondo eusten diola lehiatzean. Hots, bileretan ez ezik txapelketetan ere atleta ikusgarria dela.

Karsten Warholmek (Uslteinvik, Norvegia, 1996) jada erakutsi du hori. Azken bi munduko txapelketetan, urrea irabazi du 400 metroko hesidunean, eta basakeria bat egin berri du: munduko marka lortu du (46,70). Kevin Young estatubatuarrak zuen marka; duela 29 urte lortu zuen, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan: 46,78. Etxean, Oslon, txikitu zuen Warholmek kronometroa, sasoi honetan lehiatu zen lehen aldian. Rai Benjamin estatubatuarra izango du berriz aurkari nagusia Tokion. Duela bi urte, munduko txapelketan, gertu izan zuen. Badaki ezin dela lasaitu. Gainera, Benjamin ere sasoi betean dago: haren marka onena egin du aurten: 46,83. Ikusgarria izango da bien arteko lehia, eta ez harritu borroka estu horretan munduko marka hobetzen bada.

Beste horrenbeste gerta daiteke emakumezkoen 400 metroko hesidunean. Sydney McLaughlin (New Brunswick, AEB, 1999) munduko markaren jabe izanda lehiatuko da. Duela hilabete lortu zuen, AEBetako sailkatze probetan. 52 segundotatik jaitsi den bakarra da: 51,90. Dalila Muhammad herrikide eta azken txapeldun olinpikoak zuen errekorra: 52,16. Muhammad bigarren sailkatu zen egun horretan, eta Tokion ere estu hartuko du.

Munduko markak jomugan

Ryan Crouser pisu jaurtitzailea (Portland, AEB, 1992) eta Letesenbet Gidey 10.000 metroko atleta (Endameskel, Etiopia, 1998) dira sasoi honetan munduko marka egin duten beste bi atletak. Crouserrek eskuetan zeukan errekorra hobetu du: 23,37 metro; Gideyk, berriz, Sifan Hassanek bi egun lehenago eginikoa: 29.01.03. Estatubatuarra faborito argia da bigarrenez jarraian urrea lortzeko. Etiopiarrak, ordea, izerdia bota beharko du Hassan mendean hartzeko. Herbeheretarrak handia egin nahi du: 1.500, 5.000 eta 10.000 metrokoetan eman du izena, baina bitan lehiatuko da. Azken orduan erabakiko du. Azken munduko txapelketan urrea lortu zuen 1.500 eta 10.000 metrokoetan. Haren pareko balentria egin nahi du Jacop Kiplimok Tokion (Bukwo, Uganda, 2000): 5.000 eta 10.000 metrokoak irabazi.

Yulimar Rojasek (Bartzelona, Venezuela, 1995) ere zeresana emango du. Rion txapeldunorde izanda ere, ordutik nahieran dabil. Ezustekoa litzateke ez irabaztea. Munduko marka du begiz joa. Inessa Kravets ukrainarrak du, 1995etik: 15,50. Rojas zazpi zentimetro eskasera geratu da aurten.

Abiaduran, berriz, Jamaikako eta AEBetako atletak nabarmenduko dira. Emakumezkoetan, jamaikarrak dirudite indartsuenak: Shelly-Ann Fraser-Pryce (Kingston, 1986), Elaine Thompson (Manchester, 1992) eta Shericka Jackson (Saint Ann, 1994); gizonezkoetan, estatubatuarrak: Trayvon Bromell (San Petersburgo, 1995) eta Noah Lyles (Gainesville, 1997). Fraser-Prycek historia egiteko aukera du: 100 metrokoa hirutan irabazten duen lehen emakumea izan daiteke. Allyson Felixek (Los Angeles, AEB, 1985) ere arrastoa uzteko abagunea du. Estatubatuarrak bederatzi domina irabazi ditu Jokoetan —urrezko sei, eta zilarrezko hiru—; inork baino gehiago emakumezko atleten artean. Bakar batera du Carl Lewis herrikidea, eta hirura Paavo Nurmi finlandiarra. 400 metrokoan eta txandakako luzean eta mistoan ariko da. Erronka handia da.

Handi baten marka berdintzeko aukera du Eliud Kipchogek ere, maratoian (Kapsisiywa, Kenya, 1984). Faborito nagusia da bigarrenez jarraian urrea irabazteko. Abebe Bikila etiopiarrak eta Waldemar Cierpinski alemaniarrak bakarrik lortu dute. Harena da munduko marka (2.01.39), baina ia ezinezkoa da Tokion hobetzea. Inoiz ez da lortu halakorik Jokoetan. Erbirik gabe ariko dira, zirkuitua ez da azkarra, eta bero eta hezetasun handia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.