BI TARTE

Hotz

Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo Astigarraga
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Hotza da negua. Luzea. Eta sarkorra. Zer esanik ez aurten. Zer esanik ez poltsa beroa larruazalari josi zale garenontzat. Galtzerdi lodiekin lo egitea zirkulazioarentzat txarra dela behin eta berriro entzun behar izaten dugunontzat. Beheko suari beha hipnotizatuta orduak eta orduak igaro ditzakegunontzat.

Urte hasiera hotza izan zen. Laiotza. Etxeratze agindurik izan ezean ere etxean geratzeko gogoapizten duten horietakoa. Elurrak dena estali zuen. Eta erakarpen indar ezkuturen bat zela medio, landa eremurantz egin zigun tira. Bagenituenik ere ez genekien polainak erreskatatu genituen ganbarako anabasatik. Eta trineo gorria. Azenario-sudurdun elurretako panpinak eraiki genituen baserritarrek denbora luzez ongarritu eta mimatutako lursail aldapatsuetan.

Sare sozialetara ere iritsi zen denboralea. Norbera luzitzeko adina. Gainontzekoak nazkatzeko beste. Paisaia zurituak agertu ziren han-hemenka. Estalaktita bihurtutako iturriak eta errekasto izoztuak. Egonezina sorrarazi zidan mugimenduan behar lukeenaren gelditasunak. Maluta baten forma simetriko perfektua ere begiztatu ahal izan nuen argazkietako batean. Mikroskopioarekin behatzen ari ginela zirudien. Ederra iruditu zitzaidan. Ezin ederragoa. Elurrak dena estali zuen. Ia dena.

Urte hasiera hotza izan zen. Hilotza. Urrunetik iritsi zitzaizkigun Ane Irazabal kazetariak ateratako argazkiak; Bosnia eta Kroaziaren arteko mugatik. Txarrantxa elurtuei eta txankleta higatuei erreparatu genien, eta zero azpitik sei graduan fokuratutako irudiak zirela irakurri genuen, gure oin-puntekin etxeko zoru erradiatzailea laztantzen genuen bitartean. Beste argazki batzuk gertuagotik zetozen, elektrizitaterik gabe hiru hilabete baino gehiago zeramatzan Madrilgo auzunetik, hain zuzen ere. Hango umeen eskuak agertzen ziren argazki hauetan; ospelak erasanda, haragi bizitan.

Hiri bereko beste argazki batean, motxila horia soinean jantzi eta eski parearen gainean zihoan banatzaile bat ageri zen. Prekaritatea postal bilakatuta. Eguraldiagatik kalera irtengo ez litzatekeen norbaitek beste norbait kontratatu zuen bere etxe atariraino janaria ekar ziezaion. Norbait gure azpitik izan dezakegula sentitzeak ondo sentiarazten gaitu, nonbait.

Termoan gordetako salda beroa edaten jarraitu genuen, hurrupaka, harik eta gure etxepera begira jarri behar izan genuen arte. Zarauzko parke batean bi aste lehenago zendutako etxegabearen heriotzak albiste izateari utzi eta egun gutxira izan genuen Hendaiakoaren berri.

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak jakinarazi zuenez, ilara luzeak eratu ziren Santutxuko arropa biltegian. Bilbon, oro har, aterperik ez dutenen aurkako jazarpena sistematikoa dela salatu zuten. Nekropoliaren aldirietan eraikitako txabolen eraisteak eta eraso arrazistak. Antzera ziharduten Donostiako Konstituzio plazatik ere. Inpotentzia igar zitekeen boluntario sarekoen aurpegietan. Kartoizko koltxoiak eta bigarren, hirugarren nahiz laugarren eskuko mantak ez ziren aski hezur-muinetaraino barrendutako hotza uxatzeko. Aterpe bila zebiltzanek casting moduko bat pasatu behar zutela salatu zuten eta«zortedunek», gainera, goizeko 07:15erako utzi behar zutela aterpea, iluntzeko 21:30ak iritsi artean berriro ere kalean zehar noragabe ibiltzeko.

Argindarraren prezioak gora egin zuen orduan. Diru-sarrerek behera egin zuten garai bertsuan. Tenperaturak ere koska bat egin du gora. Epeldu da giroa. Laster hasiko dira eguzki orduak luzatzen. Hasiko ahal dira. Instituzioen irizpideei jarraikiz, behin bost graduen langa igarota, aterpetutako etxegabeek kale gorrira itzuli behar dute nahitaez.

Hotzak hil egiten du. Ezinezkoa da hiltzeko modu desberdinen artean bat aukeratzea. Baina latza izan behar du hipotermiaren eraginez hiltzeak. Latza izan behar du norbaiti geure etxepean bertan hiltzen uzteak. Etxepean, edo eraikinaren barrualdean. Badirudi tarteka ahaztu egiten zaigula berogailua ordaindu ezinik dabilen hori gure bizilaguna izan daitekeela.

Hotzak ez du hiltzen. Hotzak ez dizkio inori oinarrizko zerbitzuak ukatzen. Hotzak ez ditu, bere kasa, erabaki politikoak hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.