BI TARTE

Gauza inportanteak

Amaia Iturriotz Etxaniz eta Malen Amenabar LarraƱaga
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Durangoko Azokari buruz ari ziren irratian eta bukatu dutenean honela egin dute salto hurrengo gaira: gauza inportanteagoetara jota, Donostia Ospitaleko kaleratzeei buruz hitz egin behar dugu.

Inportantea. Korrika zenbat kilometro egiten dituzun ez da inportantea. Berdin da. Eskumuturrean daramazun ordulari inteligenteak dioenez, bihotz-maiztasuna ez zaizu behar bezain azkar itzultzen bere onera. Behobia-Donostia denbora onean egin zenuen. Zorionak. Datorren urtean minutu batzuk jaistea da zure helburua. Eguraldiak gehixeago lagunduko balu... Mendiko lasterketa batean izena eman duzula kontatu duzu koadrilan. Niretzat oso inportantea da, esan duzu. Bada, sentitzen dut, baina ez da inportantea.

Kezkatuta zaude elkartzen ez zaretelako. Lagun-sareak elikatu egin behar dira, diozu. Denei deika zabiltza azken aldi luzean, planak proposatzen dituzu what's up taldeetan, non zabiltzan kontatzen diezu, zer moduz dabiltzan galdetzen. Kafe horren bila zabiltza alderrai. Beraien etxe-atarien inguruan dauden kafetegien barrura begiratzen duzu albotik pasatzen zarenean. Ez dituzu topatzen mahaietan. Garrantzitsuak dira beraiek zuretzat. Baina zaude lasai, ez da ezer gertatzen. Kafe bat da. Kafe bat nola izango da ba inportantea?

Afaltzeko zer nahiko duzun galdetu dizu telefonoz. Berandu iritsiko zarela gogorarazi diozu. Ez zaizula inporta. Ez duzula gose handirik. Afaltzeko berak lehenago, ez egoteko zain. Esne pixka bat hartu eta lotara joango zarela etxeratu bezain pronto. Eskegi egin duzu. Egun batzuk ez dira erraz amaitzen, nonbait. Azkenean, loguraz eta gosez sartu zara etxera. Argiak itzalita daude. Sukaldeko lapikoan daukazu barazki purea. Arraina pla-pla eginda plater batean, beste plater batekin estalita. Isilpean eta erdi-ilunpetan jan duzu dena. Benetan zen. Ez zitzaizun inporta esnea eta gailetak jatea.

Argazkia. Azpia. Zazpia. Marrazkia. Astia. Aztia. Saskia. Bat falta zaizu. Antzera amaitzen den beste bat, zortzigarrena. Garestia ez. Aurrezkia ez. Bai, baina ez. Zatia ez. Erabakia ez. Egon behar du besteren batek. Mahastia? Mahastia ez, oso behartuta sartu beharko zenuke. Zergatik ez duzu errima zabaltzen? Total, koaderno honetako bertsoak zerorrek baino ez dituzu irakurtzen. Argazkia. Azpia. Zazpia. Marrazkia. Astia. Aztia. Saskia. Uztazu, ez? Zer inporta du? Koadernoa itxi duzu. Sarraskia. Hori da, sarraskia. Irribarretsu zaude orain, koadernoa berriz zabalik.

Durangoko Azoka gaur bukatuko da, baina hori ez da oso inportantea. Gauza inportanteak gaizki doazenean, ordea, zein inportanteak diren gauza ez inportanteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.